Agerraldi honetan Ezker Abertzaleak publiko egindako adierazpenak utzitakoak eta beste eragile politikoek publikoari begira izandako erreakzioak baloratu ditu Ezker Abertzaleak. Igandeko adierazpenaren aurkezpena, konponbide demokratikoko prozesua sendotu eta bide horretan aurrera egiteko Ezker Abertzalearen aldebakarreko beste urrats bat izan da.
Eraiki dezagun bakea prozesu demokratikoan adierazpena ezin da era isolatu batean aztertu ez ulertu: azken bi urteotan Ezker Abertzaleak abian jarririko ekimen eta emaniko urratsen sekuentzia horretan kokatu behar da. Ezker Abertzaleak buruturiko birmoldatze estrategikoak eta horren baitan aldebakartasunez abian jarririko ekimen eta emaniko urratsen ahalbidetu dute egun bizi dugun agertoki berria irekitzea: gatazka gainditzearekin batera bake etorkizun demokratiko bat eraikitzea ahalbidetzen duen agertokia hain zuzen.
Bi urte hauetan, Ezker Abertzaleak eman dituen urratsen hartzaile nagusiak euskal herritarrak eta nazioarteko komunitatea izan dira. Nazioarteari begira emandako urratsek izandako eraginaren adibidea da African National Congress eta Sinn Fein- ek igandeko ekitaldira ordezkaritza ofiziala bidali izana. Garrantzitsua da Ezker Abertzalearentzat ANC eta Sinn Fein Euskal Herrira etorri izana, izan ere euren herrietan gatazkaren konponbidean funtsezkoak izan diren eragileak dira biak ala biak.
Era berean, nazioarteko goi mailako ordezkarien eskutik eratorritako Aieteko Adierazpenak markatzen duen bide orrian egindako ekarpen gisa kokatzen du Ezker Abertzaleak igandean aurkezturiko adierazpena.
Balorazio osoa: www.ezkerabertzalea.info



















