Hain da agerikoa Euskal Herriko egoera estatu kuestioa, eta kuestio politikoa dela, PPk behartua ikusi baitu bere burua, eta bere immobilismo bakarti eta gero eta agerikoagoa estaltzeko aliatuak arrantzatu behar izan dituela. Eta egin du, aurreko asteetako keinu mediatikoetatik haratago joan da, eta PSOErekin eta EAJrekin estatu ikuspuntua duen deklarazioa egin du. PP behin eta berriro ukatzen tematu den dimentsio politikoa eman zaio itun honetan Euskal Herriko gatazkari. Konponbide politikoa eskatzen duen arazo politikoa dagoela aitortzera behartuta ikusi dute euren burua.
Tamalez, ordea, PPk, PSOEk eta EAJk gatazkaren konponbidearen parametroetatik begiratuta guztiz desegokia den akordioa egin dute. Madrilgo deklarazioa ez doa gatazkaren erroetara, eta ez du inolaz ere planteatzen konponbide prozesu demokratikorako lagungarria izan daitekeen bide orririk.
Garaitu eta garaileen eskema marraztu nahi izan dute itun honen bidez, Euskal Herriko gehiengo soziala beste norabidean doan bitartean. Herri honetako gehiengoak, siglen gainetik, konpromisoak, ardura eta maila politikoa exijitzen du, guztiok garaile izango garen eta eskubide guztien errespetuan oinarrituta eraikiko den konponbide politikoa exijitzen du. Inolaz ere ez bazterketatik eta partzialtasunetik abiatutako eskemarik. Ajuria Eneako ituna aspaldi agortu zen, eta guztiz anakronikoa da orain eskema bertsuarekin horrelako deklarazio bat egitea.
Ezker Abertzaleak oso argi dauka atzo bezala bihar ere guztiok garaile izango garen eszenatoki demokratikoaren eraikuntzan ekarpenak egiten jarraituko duela. Ekimen politikoa gure esku hartu genuen, eta konpromiso hori egunez egun berretsiko dugu, erantzukizun osoz.
Zentzu horretan, igande honetan bertan egingo dugun adierazpen politikoa beste urrats bat, beste ekarpen bat izango da Aieteko adierazpenean marraztutako bide orriaren baitan, prozesu demokratikoa sendotzeko.
Ezker Abertzaleak, beste behin ere, bere borondate osoa agertuko du, bake justu eta iraunkorreko eszenatokia lortzeko, bost ardatz izango dituen deklarazio baten bidez:
- Bakea, Euskal Herrian eraikitzeke dagoen helburua.
- Gatazkaren ondorioentzako erantzuna.
- Aitortza sustatu, elkarrekiko errespetutik abiatuta.
- Euskal Herriak daukan egia ezagutzeko premia.
- Elkarrizketa eta akordio demokratikoa, berriro ez errepikatzearen bermeak.
Balorazio osoa irakurtzeko: www.ezkerabertzalea.info

















