Udalbiltza: “hasieratik dugun zilegitasunaren konbentzimendu guztiarekin, indarberriturik gatoz”

2012ko ekainaren 30ean Iruñako Baluarten Udalbiltzaren berrantolaketa ekitaldia burutu zen. Bertan talde sustatzailearen aurkezpena egin zen; Igor Eguren, Ordiziako alkatea; Iratxe Lopez de Aberasturi, Gasteizko zinegotzia eta Daniel Olzomendi, Izurako auzapezak hartu zuten hitza, Udalbiltzaren berrantolaketako sustatzaile guztein izenean aritu ziren.

Udalbiltza, Euskal Herriaren historian udalerrien arteko lankidetza politikoak izan dituen aurrekari garrantzitsuen arrastoan jaio zen (Lizarrako alkateen mugimendua 1931n, edo Bergarako alkateen taldearena 1976an). Orduan bezala, 1999an ere, premia batek bultzatu gintuen jaiotzera: Euskal Herriak nazio bezala behar duen aitortza, alde batetik, eta behar duen garapena bestetik, erdiesten laguntzeko.

Udal oinarridun instituzio nazionala sortu genuen ia 2.000 udal hautetsiren borondateen batura demokratikoa gauzatuz. Euskal Herria zatikatzen duten egungo muga administratiboen gaindik, herrialde guztien eta udalerri guztien arteko kohesioa lantzeko tresna instituzionala sortu genuen: publikoa eta gardena. Nazio bat garela aldarrikatzeko eta eguneroko bizitzaren arlo guztietan, udalerrien arteko elkarlan koordinatuaren bitartez, nazio bezala geure burua garatzeko. Baina jakin bagenekien, estaturik gabeko nazioen ibilbidea ez dela erraza. Jaio, oztopoz eta gorabeheraz betetako bidearekin topo egin, zatiketa…. eta horren gainetik ia zortzi urte iraun duen bahiketa judiziala ezagutu ditu Udalbiltzak. Gehiegizkoa jaio berri batentzako.

Orain, nerabe bilakaturik, zatiketarako arrazoiak gainditzeko bidean daudela, Justizia espainiarraren jokalekutik duin eta burua tente atera garelarik eta gure herrian ilusio berriak piztu diren honetan, aurrera begiratzeko garaia da. Euskal Herria aintzat hartzen dugun udal hautetsi guztiok, denok batera, Euskalduna Jauregian adostutako printzipioak burutzeko garaia, hain zuzen. Hasieratik dugun zilegitasunaren konbentzimendu guztiarekin, indarberriturik gatoz.

Denok dakigu Udalbiltzaren indarra bere baitan duen aniztasuna eta bateratasunean datzala. Bere garaian zatitu ziren enbor beraren bi adarrek 13 urtetako ibilbidean egin duten lana, erabat osagarria eta bateragarria dela aldarrikatu nahi dugu. Aitortu behar dugu nazio instituzio bakarrean elkarrekin lana egiteko beharra. Gaur, elkarrekin bidea egiteko ateak irekita daude; hori da euskal jendartearen gehiengoaren mandatua.

www.udalbiltza2012.net

About these ads

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Connecting to %s