EHBildu-Amaiur: “Aldaketa bakarra gure herriaren erabakitze eskubidea aitortuko duen aldaketa da”

Errekondo Enbeita

Atzo balizko erreforma konstituzionalari buruzko prentsaurrekoa eskainiko zuten Bilbon Onintza Enbeitak eta Xabier Mikel Errekondok. EHBilduk onartuko duen aldaketa bakarra Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea barnebiltzen duena izango dela adierazi zuten.

“Legealdi honetako azken txanpan Estatua bere buruari egiten ari zaion bigarren erreskate plana ikus dezakegu. Itxura guztien arabera, estatu buruaren aldaketa operazioari batzuen eta besteen ahotan dabilen balizko erreforma konstituzionala erantsiko diote. Erreforma horren helburua gainbehera doan Estatuak bizi duen krisi politiko eta lurralde krisia gainditzea litzateke.

Espainiar estatuak behar duena demokratizazio sakona da. Esparru guztietan gainera. Baina batez ere, alor politiko, sozioekonomiko eta lurraldeari dagokionean. Sakonekoak ez diren eta estatuaren egiturazko arazoen sustraietara ez doazen aldaketek porrot egingo dute. Eta bereziki lurraldetasunarekin lotutakoak. Euskal Herria sujetu politiko gisa eta beraz dagokion erabakitze eskubidea aitortzen ez duen aldaketa orok, indarrean dagoen marko politiko-juridikoaren gabezia demokratiko berdinak izango ditu. Zoritxarrez, hori gertatuko den susmoa dugu.

Duela lau urte Alderdi Popularrak hasi zuen ofentsiba birzentralizatzailea areagotzen ari da legealdiaren bukaerara iristen goazen heinean. Horren adibide dira Segurtasun Nazionaleko Legea eta autonomia estatutuen aurka aurretiazko inkonstituzionalitate helegitea aurkezteko aukera ematen duen Konstituzio Epaitegiaren Lege Organikoaren aldaketa. Segurtasun Nazionaleko Legeak, esaterako, autonomia erkidegoen eskuduntzak dekretu soil batez indargabetzeko aukera emango dio Espainiako gobernuari. Lege hauek, funtsean, ez dute dagoen legeria moldatzen, baina bai indartzen dute. Alderdi Popularrak mugak jarri nahi dizkio balizko erreforma konstituzionalari.

Horren aurrean, lasterketa erreformatzaile edo eta Espainiaren batasuna bermatzera datorren lasterketan ahalik eta posizio onena hartzen ahalegintzen ari da PSOE. Bestela ez dugu ulertzen zertara datorren Sanchez jauna Euskal Herrira “Espainiaren batasuna” lau haizetara aldarrikatzera. Atzo bertan, alderdi sozialistaren idazkari nagusiak zioen “Espainiaren batasuna hobeto antolatzeko balioko duen” erreforma konstituzionala nahi duela. Susmoa dugu (gaur gaurkoz ez baitakigu zehatz mehatz zein den PSOEren proposamena) bere eskaintza federalismo itxia dela, indarrean dagoen autonomien estatua gaurkotzera datorrena, baina inolaz ere, gure herriari dagozkion eskubideen aitortza jasoko duena.

Bien bitartean hortxe ari zaigu EAJ egun bat bai eta bestea ere bai balizko erreforma konstituzionalaren aurrean mezu kontrajarriak zabaltzen. Edozein autonomia erkidegoko presidente gisa, Urkulluk menpekotasunezko jarrera erakusten duen bitartean, Ortuzarrek zalantzak eta anabasa sortzen du Euskal Herriaren errealitate nazionalaren aitortzaren aldeko adierazpenekin. EAJk PSOE gorteiatzen duen arren, funtsean jeltzaleak dira Espainiaren proiektuaz liluratuta daudenak. Ez gaitzatela engainatzen saiatu. Sanchezek aldarrikatzen duen “Espainiaren batasuna” eta EAJk nahi duen “adhesio libreko ituna” bateraezinak dira. Berdinen arteko itun bakarrak bi estaturen artean izenpetutakoak dira.

Abagune honetan, askok eta askok estatuan zehar une oro aipatzen duten aldaketa errealitate izan dadila nahi du EHBildu-Amaiurrek. Baina aldaketaz ari gerenean, ALDAKETA, letra larriz idazten dugu. Alegia, sakoneko aldaketaz ari gara gu. EHBildu-Amaiurrek onartuko duen aldaketa bakarra herritar guztien eta alor guztietan erabakitze eskubidea aitortzeaz gainera, gure herriaren erabakitze eskubidea aitortuko duen aldaketa da. Euskal Herria subjektu politiko gisa aitortuko duen aldaketa”.

www.ehbildu.eus

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s