Urtarrilaren 9an Bilbon eta Baionan “Mugi daitezen harriak” lemapean manifestazioak

U9

Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko urteroko manifestazioa urtarrilaren 9an egingo da, “Mugi daitezen harriak” lemapean. Aurten, bi mobilizazio iragarri dituzte, egun eta ordu berean (17:00etan): Bilbon eta Baionan.

Urriaren 8an Donostiako Aiete jauregian egin zuten manifestaziorako deia Sare mugimenduko eta Bagoaz kolektiboko kideek. Aieten bertan 2011n egindako bake konferentzia ekarri zuten gogora. Euskal presoen sakabanaketa amaitzearekin batera, gaitz larriak dituzten presoak askatzeko, baldintzapeko askatasuna aplikatzeko eta salbuespen legedia gainditzeko eskatu zuten agerraldian, eta, gatazka konpontzeko bidean, preso eta iheslarien itzulera ahalbidetzeko. Europako legeek debekatu egiten dituzte Espainiak ezartzen dituen hainbat neurri  (beste estatu batean betetako zigorrak aintzat ez hartzea esaterako):

“Ez dugu inolako jarrera ideologiko alderdikoiren alde egiten, zerbait unibertsala babesten dugu, soil-soilik, lagun guztientzako giza eskubideak”.

leloa eta irudia

Aste honetan urtarrilaren 9an Bilbon eta Baionan egingo dituzten mobilizazioen leloa eta irudia jakinarazi dute Bagoaz eta Sarek.  Julio Soto bertsolariak egin du leloa, eta Patxi Zubizarreta idazleak ondorengo testua idatzi du:

“Urte asko, urte gehiegi igaro ditugu labirintoan. Irteera sumatu ezinik. Handik aterako gintuen hariaren bila. Baina, urte askoren buruan, azkenean aurkitu egin dugu! Hari argia. Argi izpia. Irteera aldera goaz orain, aterabidearen hurbiltasunarekin eta itxaropenarekin. Nor bere hari zatiari helduta.

    Baina, ibilbidean aurrera, hainbat harri agertu zaizkigu. Hainbat behaztopa harri etsigarri. Batzuk ttikiak dira, baztertzen errazak. Beste batzuk mugituko baditugu, esku askoren laguntza behar. Baina badira harri puska mugigaitzak ere. Alimalekoak. Labirintoa labirintikoago egiten dutenak, irteeraren poztasuna zapuzten dutenak.

    Baina harriak ez daki nire haria hariagoa dela zurearekin lotuz gero, eta guztion hariak harilkatuta, soka bat sortzen dela. Zenbat eta hari gehiago lortu, zenbat eta hari gehiago lotu, orduan eta sokagoa da soka, sendoagoa, gotorragoa. Eta hamaika hari finez osatutako soka irmoaz harria bilduta, denok norabide berean, tira handik eta tira hemendik, kirrikilun-karrakilun, harria mugitzea lortu dugu. Eta bidea zabaltzearekin batera, konkorra gutxitu egin zaigu eta tenteago goaz gu, zuzenago, zeren urte asko, urte gehiegi igaro baitigugu labirintoan, zama handiegiarekin.

     Eta urrun ditugunekiko hurbiltasunak eta itxaropenak bultzatzen gaituzte irteerarantz”.

BIDEOA

[youtube:https://www.youtube.com/watch?v=U_dDw1zmfZQ%5D

www.sare.eus

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s