Azken uneko berrien arabera, 04/08 sumarioaren auzian akordioa lortu dute eta ezker abertzaleko 35 auzipetuak ez dira kartzelara joango, horien artean Marisa Alejandro usurbildarra. Iazko abenduaren 3an hasi zen epaiketa, Seguran 2007an eginiko polizia operaziotik zortzi urtera. Gaur Fiskaltzak eskatutako lekukoen deklarazioekin zen jarraitzekoa Auzitegi Nazionalean baina ez da horrela izan. 10:00etan zen hastekoa saioa, baina ordu erdi luzez atzeratu da, bi aldeek lotutako akordioa lortuta.
Auzipetuek akusazioak onartu dituzte, aitortuz legeriaren aurka jardun zutela. Indarkeriazko jarduera ororen aurkako konprimisoa azaldu dute, eta espero dute aitortza horrek biktimen oinazearen erreparaziorako balio izatea. Horren arira, AVTk eta Dignidad y Justiciak onartu dute aitortza horren ondorioz zigorrak murriztea; urte eta erdi eta bi urte bitarteko espetxe zigorrak ezarri dizkiete guztiei. Auzipetu bat ere ez da espetxera joango.
Akordioa banan-banan berretsi dute akusatuek epaileen aurrean, eta, behin hori eginda, frogei eta gainerako prozedurei uko egin diete bi aldeek.
Espetxera joan behar ez duten ezker abertzaleko 35 kideak: Haizpea Abrisketa, Jesus Mari Agirre, Tomasa Alejandro, Nuria Alzugarai, Egoitz Apaolaza, Aitor Aranzabal, Alazne Arozena, Hasier Arraiz (EAEko Auzitegi Nagusiak epaitua), Karmele Aierbe, Iñigo Balda, Pernando Barrena, Karmele Berasategi, Gorka Diaz, Angel Mari Elkano, Nekane Erauskin, Mikel Etxaburu, Maite Fernandez de la Bastida, Marije Fullaondo, Ino Galparsoro, Peio Galvez, Jon Garai, Mikel Garaiondo, Antton Gomez, Asier Imaz, Eusebio Lasa, Iñaki Olalde, Aurore Martin, Gorka Murillo, Aner Petralanda, Juan Joxe Petrikorena, Juan Karlos Ramos, Joana Regueiro, Arantza Santesteban, Patxi Urrutia, Joseba Zinkunegi eta Mikel Zubimendi.
Pernando Barrena Sortuko bozeramailearen hitzak
Guztien izenean, Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak hartu du hitza epaitegitik irtetean: “Inor espetxera ez joatea zen helburua, eta hori lortzeagatik pozik gaude. Espero dugu akordio hoonek balio izatea etorkizunean salbuespen legedien ezarpenarekin amaitzeko”.
Informazio iturria: www.berria.eus www.naiz.eus