Usurbilgo eta Lasarte-Oriako EHBildu, ospitaletako autobus zerbitzuetako murrizketen aurka

Ospitaleak busArg.: Txintxarri

Usurbilgo eta Lasarte-Oriako EHBilduk agerraldia egin zuten pasa den ostiralean Lasarte-Orian, bi herriak Donostiako ospitalekin lotzen dituen autobus zerbitzuaren murrizketak ez egiteko eskatuz: “Usurbil eta Lasarte-Oriako EHBilduko ordezkariok Gipuzkoako Foru Aldundiari Ospitaleak, Lasarte-Oriarekin eta Usurbilekin lotzen dituen zerbitzuan murrizketarik ez egiteko eskatzen dugu”. Bertan ziren bi herriaterako EHBilduko udal ordezkariak,  Pablo Barrio lasartearra eta Jone Urdampilleta usurbildarra, zenbait herritarren babesarekin.

a

Donostiako Amarako autobus geltokia lekuz aldatu zutenean, Usurbil Donostiarekin lotzen zuen autobus zerbitzuko geltokia ere ezabatu egin zuten. Astigarraga ospitaleekin lotzen duten zerbitzua ere kendu egin dute. EHBilduren esanetan Gipuzkoako Foru Aldundiak Zestoa eta Eibar lotzen dituen zerbitzua eta Usurbil eta Lasarte-Oria, ospitaleekin lotzen duten autobus zerbitzua ere murriztuko dituenaren susmoa du.

Ostiralean eskaera hau egiten zioten Diputazioari: “Inorentzat ez da gustuko Ospitalerako bidaia: adinagatik, eritasunagatik edota bertan aparkatzeko dauden zailtasunak direla medio, eta, zentzu horretan, Ospitaleko autobus lineak ezinbesteko zerbitzua betetzen du. Bestetik, zerbitzuan murrizketak ezartzeak lanpostuak desagertzea ere esan nahi du”.

Herritar-eragileei mugitzeko gonbidapena

Herritar eta eragileei mugitzeko gonbidapena egin zieten: “Usurbil eta Lasarte-Oriako herritar, auzo elkarte, jubilatu elkarte eta bestelako eragileei adi egoteko eta mugitzeko gonbidapena luzatzen diegu: autobusaren alde mugitu orain, autobusean mugitu ahal izateko gero”

Astigarragan sinadurak biltzen

Astigarraga ospitaleekin lotzen duten zerbitzua kendu egin dute. Hori dela eta Astigarragan sinadurak biltzen aritu dira. Lasarte-Oria eta Usurbilgo Udaletan ere hainbat herritarren kexu eta sinadurak jaso dituzte: “Sare sozialetan eta Usurbil eta Lasarte-Oriako herritarren artean kezka sortu da Ospitalea eta herrien arteko zerbitzuen murrizketak direla eta. Kezka horrek badu oinarririk. Alde batetik, Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa foru diputatu Marisol Garmendiak, legealdiaren hasieratik Garraio Publikoaren zerbitzuaren egokitzapenak bultzatuko zituela iragarri zuen. Egokitzapenak, orain arte, zerbitzu murrizketak izan dira. Gipuzkoako Bizikleta Bideen Sarean, adibidez, bizikleta eta bidegorrietara bideratutako aurrekontua herenera jaitsi da: 6 milioi eurotik 2 milioi eurotara”.

Hartutako konpromisoen kontra

EHBilduk gogorazi du Gipuzkoako autobus zerbitzuen sarea hobetzeko parte hartze prozesua sustatu zuela aurreko legegintzaldian Foru Aldundiak. Guztira 56 udalerrik hartu zuten parte, Usurbil eta Lasarte-Oria tartean. Prozesu hartan herritarrek eginiko ekarpenetatik jarri ziren martxan egungo T2 (Aginaga-Ospitaleak) eta T6 (Usurbil-Hernani) zerbitzuak, eta hauek ere, hobetzen joateko konpromisoa hartu zen.

Murrizketen erabakien atzean interes ekonomiko handiak dauden susmoa dutela adierazi zuten ostiralean, eta horiek ez dietela herritarren beharrei erantzuten: “Zergatik herritarren parte-hartzearekin jarritako zerbitzu bat ez da herritarren parte-hartzearekin kentzen? Demokraziaz ari bagara, non geratzen da herritarren borondatea? Mugikortasun jasangarriaren arloan (autobusa, bizikleta…) egiten diren murrizketak mugikortasun ez jasangarrietako inbertsio ikaragarriak finantzatzeko dira? Zehazki esanda, Donostiako Metroa bezalako inbertsioa egiteko? Munduko Metro zentimetroena, alegia. Zein prozesu parte-hartzailetik sortu da Donostiako Metroaren proiektua? Herritarrek eskatu dute? Galdetuko zaie? Susmoa dugu oso interes ekonomiko handiak eta interesatuak daudela horren atzetik, ez prezeski, herritarren interesak”.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s