Usurbilgo Udalak asteartean (azaroak 22) 2017ko aurrekontuen inguruko bilera irekia egingo du, herritarrei hurrengo urterako inbertsio nagusienak zeintzuk izango diren eta prozesu horren ibilbidearen azalpena egingo du. Bilera Potxoenean egingo da, arratsaldeko 18:00etan.
Abenduan behin betiko onartu aurretik, Udalak 2017 urterako aurrekontuak lantzen ari da. Bertan herritarren zein herriko eragile ezberdinen iritziak kontutan izango ditu, partehartze bitartez osatutako Gobernu Planean oinarrituko direlako.
Usurbilgo Udalak adierazita, 2017ko aurrekontuek berritasun bat ekarriko dute. Usurbildarren partehartze kultura sustatu asmoz, Udalak 40.000 euroko diru partida bideratuko du ‘Kale Irekiak’ mugikortasun planean herritarrek eginiko hainbat proposamenen gauzatzeko. Mugikortasun planeko ondorioak otsailean egingo dira publiko, baina Udalak horietako batzuk burutzeko diru partidak aurreikusi ditu: “Guk aurrekontuak herritarren eskaera eta beharrei erantzuten dien tresna bat bezala ulertzen dugu, eta horretarako herritarrekin parte hartzea bultzatzea ere garrantzitsua da. 2017rako aurrekontuak ibilbide bateko argazki baten antzera ikusten ditugu. Esan genezake gure ibilbidea herritarrekin eta udal langileekin batera eginiko Gobernu Programaren lanketarekin hasi zela, eta iritzi horiek bai aurtengo eta baita hurrengo urteetarako Aurrekontuetan isladatuko dira”.
inbertsio nagusiak
Udalak adierazita, 2017rako aurreikusi diren inbertsio nagusiak hauek izango dira:
- Etxebeste eta Hirutasuna kaleen urbanizazio lanak egite.
- Hilerri berria handitzea.
- Oiardo kiroldegiko aireztapena egokitzea.
- Txokoaldeko zubiaren legeztatze proiektua egitea.
- Aginagako espaloiaren konponketa.
- Kalezarko eskailerak berritzea.
- Zumarteren eraberritzeko lanak (2017an definituko dira eta proiektu honek ere aparteko finantzaketa bideak izango ditu).