Zubietarrek larunbatean GuraSOSek Donostian deitu duen manifestazioarekin bat egin dute

zubietarrakArg.: Lurdes Hueta

Zubietarrek larunbatean (azaroak 26) GuraSOSek Donostian deitu duen manifestazioarekin bat egin dute. Pasa den igandean Zubietako frontoian argazki jendetsua atera zuten eta bertan parte hartu zutenek bat egin zuten zubietarrek kaleratu duten adierazpenarekin: “Ziur gaude gipuzkoarrok gure jarrera ulertzen duzuela guk zuen elkartasunean sinesten dugun moduan. Ziur gaude zuek ere ez duzuela nahiko besteentzat zuentzat nahi ez duzuen hori. Azaroaren 26an Donostiako kaleak betetzeko deia egiten dizuegu GURASOSek antolatutako manifestazioan parte hartuz. Guztion artean hondakinen afera konponduko duen irtenbide bat ados dezakegu eta demokrazian horixe da egin beharrekoa, inposaketarik gabeko irtenbidea aurkitzea alegia.”

Zubietarrek argi diote ez dutela erraustegirik nahi ez Zubietan ez beste inon. Duela hilabete Usurbilen eta Zubietan erraustegiaren buruzko galdeketan parte hartu zuten eta zubietarren %64,7tik %99,6k ezezkoa eman zion Zubietan eraki nahi den errauste plantari.

Zubietarren adierazpena

ZUBIETAKO HERRIAK GIPUZKOARREI

“Duela gutxi erantzun dugu gure herrian inoiz inork inori Gipuzkoan egin ez dion galdera: erraustegia egitea nahi al duzu? Zubietarrok argi esan dugu: EZ. Zubietarron %64,7k Erraustegia Erabakiak antolatutako galdeketan parte hartu du, eta horietatik %99,6k ezezko erantzuna baieztatu du. Urte hauetan guztietan gure iritzia beste hainbat modutan adierazi izan dugun arren, orain altu eta ozen esan dezakegu gure herriak ez duela Gipuzkoan erraustegirik egitea nahi. Ez dugu nahi, ez; ez gure herrian ezta beste inorenean ere; guretzat nahi ez duguna ez baitiogu beste inori opa.

Garbia da zubietarrok gipuzkoarrei eta denon arduradun politikoei egiten diegun eskaera: erraustegiaren lizitazio prozesua gelditu eta hondakinen arazoari aurre egiteko guztion artean inori kalterik egingo ez dion sistema bat ados dezagula, erraustegirik gabekoa alegia. Izan ere, erraustegia eraikiz gero, gipuzkoarrei eragingo digun kaltea nabarmena da: osasunean, ekonomian, ingurumenean… Gu ez gara adituak, baina egunero batetik eta bestetik entzuten ari garen datuek ikara sortzen digute. Benetan gipuzkoarrok prest al gaude erraustegiak ekarriko digun zorpetze ekonomikoari aurre egiteko? Badakigu erraustegia ordaintzeko zein zerbitzu publiko galduko ditugun?

Gure ustez, Gipuzkoako herritarrok ez gaude behar bezala informatuak erraustegiak ekarriko dizkigun ondorioez, eta agintariek dute horren errua. Gai hau ez dute guztion artean eztabaidatzerik nahi izan eta tematurik daude erraustegia eraikitzearekin. Horren adierazle garbia da zubietarrok ez garela aintzat hartuak izan ez Donostiako Udalean, ezta Gipuzkoako Foru Aldundian ere. Lotsagarria iruditzen zaigu gure udaletako batek bere herritarrei erantzunak emateko adorerik ez izatea, Donostiako Udalak ez baitio erantzun gure bilera eskaerari. Zubietarron hitza errespetatua izateko bermea eskatu nahi genion, bere herritarren nahiak babesteko alegia, besterik ez. Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak ere jarrera bera izan du gure aurrean, gure txikitasunak eskariari garrantzia kentzen diola dirudi.

Hala eta guztiz ere, ziur gaude gipuzkoarrok gure jarrera ulertzen duzuela guk zuen elkartasunean sinesten dugun moduan. Ziur gaude zuek ere ez duzuela nahiko besteentzat zuentzat nahi ez duzuen hori. Horregatik, azaroaren 26an Donostiako kaleak betetzeko deia egiten dizuegu GURASOSek antolatutako manifestazioan parte hartuz. Guztion artean hondakinen afera konponduko duen irtenbide bat ados dezakegu eta demokrazian horixe da egin beharrekoa, inposaketarik gabeko irtenbidea aurkitzea alegia”.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s