Matrakak Usurbilgo Talde Feministak emakumeen aurkako azken erasoak salatu ditu

Arg.: Noaua!

Matrakak Usurbilgo Talde Feministak azken egunotan izan diren  emakumeen aurkako erasoak gaizetsi ditu. Bereziki Burlatan (Nafarroa) gertatutakoa, gizon batek emaztea hil eta gorpua Arga ibaira bota zuen atzo eta era berean, aitak labanaz larriki zauritu zuen, Picassenten espetxeratua dagoen Sara Majarenas euskal presoaren bi urteko alaba donostiarra Valentzian.

Azken kasu honen harira Matrakak Talde Feministak  Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak kaleratu duen adierazpenarekin bat egin du eta deitu diren mobilizazioekin. Usurbilarrei gaur, urtarrilak  17, Donostiara joateko deia egin zaie,  19:30etan DonostiakoBulebarrean. Eta asteazkenean (urtarrilak 18) 19:00etan, Hernaniko Plaza Berrin.

EUSKAL HERRIKO EMAKUMEON MUNDU MARTXAREN ADIERAZPENA

“Sara Majarenas euskal presoaren alaba larri dago, aitak labanaz eraso ostean Picassenteko espetxean (Valentzia, Herrialde Katalanak) dago Sara Majarenas euskal presoa. Asteburuan, aitak bisitan atera zuen kalera haurra eta Las Provincias egunkariak zabaldu duenez, aitak, labanaz eraso zion haurrari. Ondoren, gizonak bere burua entregatu zuen polizia-etxean, esanez haurra hil zuela. Larrialdi zerbitzuak gizonezkoaren etxera heldu zirenean larri baina bizirik aurkitu zuten neska. Bi ebakuntza egin behar izan dizkiote, eta uneotan Valentziako La Fe erietxeko zainketa intentsiboen unitatean dago.

Indarkeria sexista kasu berri bat dugu gurean, indarkeria sexistak dimentsio anitz badituela adierazten dugu eta baita haurren kontrako bortizkeria sexistak ere: eraso fisikoak, psikologikoak, arduragabekeria fisikoa eta emozionala eta sexu-abusuak. Egoera lazgarri horietako bat da zuzeneko indarkeria, eta horren muturreko adibide dugu Valentzian, dispertsioaren ondorioz dagoen Sara Majarenas euskal presoaren alabaren aurka, haren bikotekide ohiak egindakoa. Iaz indarkeria fisikoaren adierazle gordinena izan zen Gasteizen, gizon batek bere bikotekidearen alaba, Alicia, erail zuen balkoitik botata. Haurren eta nerabeen bizi-ibilbidea, sozializazio-prozesua alegia, urraketaz betea dago. Jendartean, argi dago boterearen hegemonia nork duten: helduek, gizonek eta heterosexualek. Hori dela eta, hori mantentzeko tresnarik nagusiena bortxa izango da, eta horrek, modu eta forma anitz izango ditu. Horrenbestez, indarkeriaren monopolioa gizon helduek izango dute (gehienetan senarrak, aitak edo amaren bikotekide gizonak) eta hori sufritzen dutenak, berriz, jendartean zaurgarritasun-egoeran bizi diren era anitzetako subjektuak izango dira: emakumeak eta haurrak bereziki eta azken horietan ere gehienak neskatoak dira.

Kasu honetan, indarkeria sexista salatzeaz gain, ozen salatu nahiko genuke, asteburu honetan 80.000 euskal herritarrek Bilboko kaleetan adierazi dugun moduan, dispertsio politikaren aurka gaudela eta giza eskubideak, bakea eta konponbidearen alde. Bortizkeria egoera horri gehitzen zaio dispertsio politika eta espetxearen egitura patriarkala. Egun, 355 euskal preso politiko daude Espainian eta Frantzian dispertsatuta, eta horietatik 47 dira emakumeak. Eta horietatik 19 dira, orotara, bakartuta dituzten kideak, horietatik 12 emakumezkoak dira.

Espetxeak izaera patriarkala dute guztiz eta gizonen beharretara eginiko espazioak dira, horregatik emakume presoa izateak zapalkuntza bikoizten du. Eta bertan, ama izatean zapalkuntza eta eskubide urraketa areagotzen da: haurdunaldietan behar bezala zaindu, behatu eta elikatuta ezina; erditzea indarkeria giro erabatekoan eta arrotzean egin behar izatea; azken momentura arte erietxera ez eramatea; erditze gela barruan polizia armatua egotea; espetxera buelta berehalakoa izatea osatzeko astirik izan gabe; ama-umeei eskaintzen zaien janari eskasa; instalazioak haurdunentzat zein umeentzat egokituta ez egotea, dispertsioaren eraginez hiru urte bete arte haurrak espetxean amarekin egon badaitezke ere senideak hurbil ez izatea…

Hortaz, gogor eta ozen salatu nahi dugu azken eraso hau eta gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diogu Sarari eta bere senideei, eta gure indarra alabari momentu zail eta erabakior hauetan. Eta bestetik, exijitzen dugu: batetik, haurrak eta amak momentu honetan dituzten beharretara egokitu den tratu eta harremana izatea ahalbidetu dezaten eta ondorioz, sakanabaketarekin amaitzea dakartzan ondorio kaltegarriak ikusita. Bestetik, eraso sexista den heinean, hedabideei zein instituzioei trataera hori eman diezaioten eta albo batera utz ditzaten morbo kontuak eta errespetatu ditzaten haurraren zein amaren intimitate eskubideak. Indarkeria sexistak lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala izaten jarraitzen baitu; ez direlako modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak; bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeriaren erabileraz ari baikara.

Erasorik ez erantzunik gabe!!! Mobilizazioetan parte hartzeko gonbitea egiten dugu”.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s