Gaur arratsaldean Zubietarako energia plan propioaren aurkezpena egingo da Kaxkapen

Arg.: Noaua!

Gaur arratsaldean, urtarrilak 18, Zubietarako energia plan propioaren aurkezpena egingo da Zubietako Kaxkapen, arratsaldeko 19:00etan. Energia berriztagarrien eta energia autohornikuntzaren eremuan hainbat bizilagunek urratsak emanak dituzte Zubietan eta orain, bide honetan sakontzera doaz Zubietako Herri Batzarra, Lanbide Eskolarekin elkarlanean, eta Donostia zein Usurbilgo Udalen laguntzarekin.

Zein da helburua? Zubietan bertan sortutako energia berriztagarrien aldeko apustua egiteko zer aukera dauden aztertuko dute, horren baitan urrats praktikoak emateko asmoarekin.

Hiru fase ezberdinetan banatutako energia plan bat garatuko dute eta hori da gaur arratsaldean aurkeztuko dutena Kaxkapen. Aurkezpena Zubietako Herri Batzarrak bideratuko du eta herri batzarra berak kontrataturiko aholkulari teknikoak, Xabier Estebanek, emango ditu azalpenak.

Pausoak

  1. Lehenik Zubietan bertan zenbat energia sortu daitekeen jakiteko, zubietarrek zenbat kontsumitzen duten jakin behar da.
  2. Hau guztia argitzeko, kontsumo energetikoaren gaineko diagnosia landuko du Lanbide Eskolak, 2017. urte hasieratik Zubietako Kaxkoan; ur kontsumoa, elektrikoa edota termikoa zenbatekoa den aztertu nahi dute, nola murriztu edo hobetu daitekeen, bai herri erdiguneko etxebizitza partikularretan, bai ikastetxeetan, baita jarduera ekonomikoren bat burutzen duten eraikinetan ere.

Doako aholkularitza, atez ate

Gune guztietara atez ate bisitak egin asmo dituzte proiektu honen sustatzaileek: “Laginketa bat prestatu dugu eta jada badakigu zenbat eraikin bisitatu behar ditugun. Herritarrak animatzea falta zaigu. Baimena ematen duten herritarren bizileku edota lantokiak bisitatuko ditugu eta energiaren eremuan, zer egoeretan dauden ikusi. Herritarrek, gai honen inguruko doako aholkularitza jasotzeko aukera izango dute; kontsumo fakturak nola interpretatu, zer hobetu edo nola aurreztu dezaketen ikasi…”.

parte hartze prozesua

Lanketa tekniko hau, herritarrei zuzenduriko sentsibilizazio, formakuntza eta parte hartze prozesu batekin uztartuko dute: “Ikusten genuen interesgarria izan zitekeela, herriari landutako plan bat aurkeztu beharrean, herria hasieratik plan horren lanketako partaide izatea”.

  • Lehen azterketa prest dagoenean zubietarrei aurkeztuko zaie.
  • Jarraian bigarren faseari ekingo diote; energia sorkuntzaren inguruko lanketa bideratuko dute.  Zubietak energia herrian bertan sortzeko zer gaitasun duen aztertuko dute. Sustatzaileek energia berriztagarrien aldeko apustua egin nahi dute, baina gai honetan guztian herritarrek izango dute azken hitza. Fase hau ere herritarrekin ondu eta hortik aterako den diagnosia ere zubietarrei aurkeztuko zaie.
  • Bi diagnosion ostean, Zubietarako energia plana prestatzea izango da hurrengo urratsa.

Xabier Esteban dinamizazio lanetan

Zubietako Herri Batzarrak, Zubietako energia plan honetarako teknikari bat kontratatu du, Xabier Esteban. Eta zein izango da bere lana?

  • Batetik egitasmoaren inplikatuak dauden erakundeen arteko bitartekaritza lana egingo du.
  • Bestetik,  herritarrei zuzenduriko sentsibilizazio eta kontzientziatze ekimenak dinamizatuko ditu, aholkulari lanak egiteaz gain.

Proposamena Zubietako Lanbide Eskolatik

Proposamena Zubietako Lanbide Eskolatik jaso zuten Herri Batzarrean: “Urte asko daramagu energiaren alorrean lan asko egiten. Zubietako herria oso egokia da bere orografiagatik, etxeen tipologiagatik, energiaren inguruan lanketa handi bat egiteko, energia burujabetzaren bidean pausoak emateko” Ekimen berritzailea da honako hau. Zein toki hobea Zubieta baino, energia lortzeko beste modu batzuk badaudela erakusteko. Herritarrak hainbat pauso emanak dituzte. Zubieta oso kontzientztiatua dagoen herria dugu”.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s