Islada Ezkutatuak taldeak giza-aztarna gehiago aurkitu ditu Zubietako Txaldatxurreko gainean

txaldatxur2Arg.: Txintxarri

Islada Ezkutatuak taldeak duela bi aste Zubietako Txaldatxurreko gainean 36ko gerrako tresneria gehiago topatu zutela jakinarazi zuten eta horrek eraman zituen pentsatzera gorpuzkin gehiago egon zitezkeela. Pasa den larunbat goizean (urtarrilak 28) Aranzadi zientzia elkartearekin batera gune horretara joan ziren eta giza-aztarnak bistaratu zituzten, beste gorpu batenak. Islada Ezkutatuak jakinarazi du gorputz behekaldekoak direla hezur gehienak, aldaka eta hanketakoak. Besoetako baten bat ere topatu dute eta gorpu hori buruz behera izan zela lurperatua.

This slideshow requires JavaScript.

Arg.: Txintxarri eta Noaua!

Islada Ezkutatuak taldeko Joxe Agustin Muguruzak eman zizkien azalpenak Txaldatxurrera bertaratu ziren guztiei. “Susmoa daukagu hemen inguruan egon daitekeela hobi moduko bat, hogei bat gorpuren aztarnekin. Gaurkoan, ordea, gorpu bakar baten giza-aztarnak topatu ditugu: gorputzaren behekaldekoak dira hezurrak, aldaka eta hanketakoak”. Paco Etxeberria forenseak zehaztu zuen gainontzeko hezurrak deseginda daudela, lursailaren ezaugarriak direla-eta.


Duela hilabete kantinplora bat izan zuten lehen pista. Ingurua aztertzen hasi, eta gorpuzkiak egon zitezkeela susmatuta, Lasarte-Oriako Udalarekin eta Foru Alduandiarekin harremanetan jarri zen taldea, haien protokoloa martxan jarri asmoz. Horrekin batera, Astra 300 arma, horren larruzko estalkia, su-pizgailu bat, Astra 900 armaren osagarri izan zitezkeen jaurtigaiak, eta txilibitu bat ere azaldu ziren bertan.

Larunbatean Islada Ezkutatuak taldeko Joxe Agustin Muguruzak gauza bakoitza non zengoen zehaztu zuen gutxi-gorabehera. Tresneria hori dena aztertuta, badauzkate gorpua norena izan daitekeenaren inguruko teoria batzuk, baina oraindik zalantzan dabiltza: “Txilibitua, metxeroa eta orraziak pentsarazten zigun beharbada asalto-goardiako kide batena izan daitekeela gorpua, baina horiek kantinplorarik ez zuten eramaten; mezu guztia apurtzen digu. Falangista bazen, ordea [ikurrik ez dute topatu oraindik], txilibituak, metxeroak eta kantinplorak badute zentzua, baina ez orraziak. Beraz, horrek ere apurtu egiten du teoria hori. Cecilio Gomez asalto-goardiako tenientea, errepublikar sutsua, hemen inguruan hil omen zen; gure itxaropena da aztarnaren bat gehiago topatzea, ikur identifikatiboren bat, jakiteko gorpua norena izan daitekeen, edo zein bandotakoa behintzat”

Jose Zatoren laguntza

Islada Ezkutatuak lan handia egiten ari da,  Aranzadi eta erakunde publikoen laguntzarekin, baina herritarren laguntzarik gabe zailagoa izango litzateke aztarna ezkutu horiek azaleraztea. Jose Zato salamankarrak (urte asko daramatza Lasarte-Orian bizitzen) hartu du parte bilaketan.

Zatok azaldu zuenez, kontatu ziotenean Txaldatxurren hobi bat egon zitekeela, erabaki zuen Islada Ezkutatuakeko kideei kontatzea. Izan ere, urte batzuk atzera, Aranzadiren laguntzarekin, Zatok bere aitaren eta beste hamahiru pertsonaren gorpuzkinak topatu zituen Salamancan: “Garai hartan jende askok lagundu zidan, eta orain zer egingo nuen, jakin dudana ezkutatu? Ez, noski”.

Aranzadi Zientzia Elkartea

Zubietako Txaldatxur mendian, Donostiako udalerrian, aurkitutako Gerra Zibileko borrokalari baten gorpuzkiak Aranzadi Zientzia Elkarteko teknikariek atera dituzte lurpetik, Paco Etxeberria auzitegiko antropologoak zuzenduta: “Uste denez, borrokalaria armada frankistak egindako erasoetan hil zen urte horretako uztaileko estatu kolpearen ondorengo asteetan”. 

Txaldatxur Zubietamendin kokatutako mendixka bat da, Oria ibaiaren gainean. 1936ko abuztutik, Gipuzkoan eratutako borroka eremuetan kokatu zen. Errepublikaren leialek trintxera eta tiratzaile hobien defentsa konplexu bat prestatu zuten matxinatutako armadari aurre egiteko. Cayuela teniente koronelaren zutabeak errepublikazaleen posizio horri eraso egin zion 1936ko irailean.

Erakundeak Txaldatxurren presente

Txaldatxurreko autkikuntzetan erakunde desberdinetako ordezkariek parte hartu zuten. Bertara joan ziren Aintzane Ezenarro (Eusko Jaurlaritzaren izenean), Maribel Vaquero eta Juan Ramon Viles (Gipuzkoako Foru Aldunditik), Eneko Goia donostiako alkatea, Xabier Arregi Usurbilgo alkatea, eta baita Lasarte-Oriako udal-korporazioko hainbat zinegotzi ere (PSE, EH Bildu eta EAJkoak, hain justu). Guztiek goraipatu zuten Islada Ezkutatuak taldea gune horretan egiten ari den lana.

Xabier Arregi, Usurbilgo alkatea: “Oso gertu bizi gara hemendik eta guretzat paraje honek balore handia du. Gu hemen, mendi hauetan asko ibilitakoak gara. Egun batetik bestera gure gurasoei entzun izan diegu hemen bazela halako borroka gune bat. Nik uste lozorro horretatik edo iragan ezkutu horretatik, talde honek, Islada Ezkutatuak egin duen lana benetan eskertzekoa da. Eskertzen dizuet, elkartzea, antolatzea, lan honi ekitea, lana hain serio egitea, eta guretzat, hemen inguruan bizi garenontzat Txaldatxurrek hartu du lehen ez zuen balorea. Animo lan honetan, ez etsi, jarraitu gogor eta ia lortzen dugun halako batean, hemen ezkutatua dagoen informazio eta aberastasun hori guztia azaleratzea”.

Aintzane Ezenarro, Eusko Jaurlaritzako Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria: “Euskal gizarte osoak dugu betebehar eta konpromiso bat, baita Eusko Jaurlaritzak ere, askatasuna eta demokraziaren alde borrokatu zutenen memoria demokratikoa behar duen lekuan gordetzeko. Gaurko jarduera hau beste urrats bat da, ahazturatik memoriara ekartzeko eta dagokien duintasuna berreskuratzeko. Aurrera begira ere bide hau izan behar du, azken batean helburu berdina dugulako, pertsona hauei beraien duintasuna bueltatzea, eta Euskal Herriko memoria demokratikoan zor zaien lekua eta merezimendua ematea”.

Eneko Goia, Donostiako alkatea: “Garrantzitsua, gure historia eta iragana ezagutzeko eta gure hiritarren duintasuna berreskuratzeko. Herri bezala egin behar dugun lana da. Erakundeetako ordezkariontzat gure obligazioa da hemen egotea. Gure konpromisoa adieraztea, memoria berreskuratzearen eta gure hiritarren duintasuna berreskuratzearen alde. Hau da horren adierazleetako bat. Eskertu hau dena posible egiten duzuenon parte hartzea, lanean jarduten zareten pertsona, erakunde, elkarteen lana. Lan bikaina egiten duzue. Konpromiso handia erakusten duzue. Harro egoteko moduko lana egiten duzue eta hori eskertu egin nahi dut”. 

Maribel Vaquero, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaria: “Konturatzen gara hemen pertsona hauen guztien gainetik, istorio pertsonal, sentimentu asko dagoela eta oso garrantzitsua da hori azaleratzea, azkenean historia txiki horiek guztiek egiten dute gure memoria. Oso garrantzitsua da duintasun eta historia hori islatzea. Oso lan ona egiten ari zarete Aranzadi eta memoria azaleratzeko lanean dabilen jende guztia”. 

Paco Etxeberria, auzitegiko antropologoa: “Eskertzekoa da hemen inguruko erakundeek memoria historikoa berreskuratze aldera erakusten duten interesa. Jose Zatoren aitaren aztarnekin topo egin genuenean, ordezkari bakar bat ere ez zen interesatu; oso tristea izan zen”.

Joxe Agustin Muguruza, Islada Ezkutatuak: “Gipuzkoak tinko defendatu zituen errepublika, demokrazia eta garapena, inbaditzaileak lurralde historiko honetara sartu zirenean; Bizkaiara mugiarazitako tropak askoz gehiago izan ziren, hori egia da, baina hemen ere gogor borrokatu zen altxamendu nazionalaren aurka, erresistentzia handia eta indartsua izan zen, eta zenbait instituziok ez dute oraindik hori horrela izan zela esaten”.

Informazio gehiago

One response to “Islada Ezkutatuak taldeak giza-aztarna gehiago aurkitu ditu Zubietako Txaldatxurreko gainean

  1. Pingback-a: Islada Ezkutatuak taldeak Txaldatxurren aurkitutako materiala Lasarte-Oriako Udalari utzi dio | Usurbildarrak aurrera

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s