Gaur euskal presoen eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea Zubiaurreneko errotondan

murala-kartela

Gaur, otsailak 24, iluntzeko 20:00etan, Usurbilen Nahi Ditugu elkarteak elkarretaratzea egingo du. Oraingo honetan ez da Mikel Laboa plazan egingo, Zubiaurreneko errotonda inguruan margotu berri den muralaren aurrean baizik. Elkarretaratzea amaitzean muraleko ideia irudikatuz, taldeko argazkia aterako da eskuetan bihotz gorriak hartuta.

Mari Karmenen osasun egoera hobera

Gaurko elkarretaratzean azken hilabeteetan euskal presoen inguruan gertatzen ari diren zenbait gertaeren berri emango dute eta baita Mari Karmen Anza, Olatz Lasagabaster presoaren amaren egoeraren berri ere emango da. Usurbilen Nahi Dituguk emandako azken informazioaren arabera,  pixkanaka bada ere hoberantz doa Mari Karmenen osasun egoera. Azken egun haueran bere kabuz arnasa hartzeko gaitasuna berreskuratzen ari da. Atzo, osteguna, ZIUtik (UCI) atera eta Valentziako ospital bertako gela batera lekuz aldatu zuten.

Usurbildik 600 kilometrotara

Gugandik 600 kilometrotara segitzen du Anzak, urtarrilaren 19az geroztik Valentzian ospitaleratua, Xua biloba jaioberria (Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoen alaba) ezagutzera joan eta gaizki sentitu ostean. Valentziako ospitaletik hain zuzen, egunotan Mari Karmenek bere esker ona helarazi nahi izan die usurbildarrei, erakutsitako elkartasunagatik.

Bitartean, Picassent espetxean aldaketarik ez. Gogoan izan, Xua ezagutzeko baimena eskatua izan arren, 21 egun beranduago eraman zutela Patxi Uranga Alacanteko espetxetik Valentziako Picassentera, alaba jaioberria ezagutzera. Patxi momentuz ez dute lekualdatu eta Picassenten segitzen du.

Usurbilen Nahi Ditugu: “Egin berri den muralaren nolabaiteko inaugurazioa eginez gure etengabeko aldarrikapena, hots, etxerako bidean lehen urrats bezala  sakabanaketa amaitzea eta presoak Euskal Herrira ekartzea errepikatuko dugu bertan. Nabarmendu nahi dugu betiere, gure nahirik behinena horrelako aldarrikapenik egin behar ez izatea dela eta hori soilik preso eta erbesteratuen egoerari behin betiko konponbidea eman behar dela uste duten herritarren eta eragile politiko eta sozialen laguntzarekin lortuko dugu.

Bide batez, Mari Karmen Anzari, Olatz Lasagabasterren amari gure animoak helaraziko dizkiogu berriro. Izan ere, oraindik Valentziako erietxean segitzen du urtarrilaren 21ean bertan urgentziaz ingresatu behar izan zutenetik. Pixkanaka hoberantz doan arren, oraindik Euskal Herrira lekualdatzeko moduan ez da”.

murala berritzea, Aspaldiko asmoa

murala2Noaua! astekariak 689. zenbakian kaleratu dun Ion Markelen argazkia.

Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak sustatu du ekimen hau: “Aspaldiko asmoa da aurrekoa oso izorratua baitzegoen. Hura Karlos Zabala eta Amaia Kasasolak egin zuten haurrekin auzolanean”. Eraikineko bizilagunen adostasunarekin berritu dute irudia: “Halere, desiratzen gaude horrelako mural erreibindikatiboak egiteko premiarik ez izateko! Baina bitartean, ez gaituzte isilduko eta presoen eta euren senideen eskubideak aldarrikatzen segiko dugu”.

Ibai Etxarri eta Antton Ugarte donostiarrak izan dira muralaren egileak. Ugarri taldean egiten dute lan, bereziki muralak landu eta diseinu grafikoaren eremuan aritzen dira. Margolarien esanetan oraingoz ez dira bizi lan hauetaz, baina esperantzaz daude pixkanaka ateratzen ari baitira lanak.

Margolariek senide bat sorterritik urrun izatea, gertutik bizi duten errealitatea da: “Lehengusu bat preso dut. Kartzelan bere komikiak sortu ditu. Keinua egin nahi izan diogu bere sortze lanei, bere komikien ilustrazio berdinak dira hauexek. Txanponak botatzeko makina bat marrazten ari direla ikusiko duzue. Bertatik, noiz edo noiz panpinen bat ateratzen duen makina bat da. Espetxe barruan preso segitzen dutenak, noizbehinka aske geratzen direnak, edota kanpoan zain dituzten senide eta lagunak islatu nahi izan ditugu panpin makinaren metafora baliatuz. Familian presoekiko duten maitasun hori guztia islatu nahi izan dugu baina beste ikuspuntu bat eman nahi diogu, ez hain zuzena, metaforikoagoa”.

murala1

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s