Etxerat Elkartea eragile politiko eta sindikal ezberdinekin elkartzen ari da

etxerat2Urtzi Errazkin y Patricia Vélez, Etxerateko bozeramaileak. Arg.: Argazki Press

Etxerat Elkartea dispertsio politika indargabetzeko eta gaixorik dauden presoak askatzeko eragile politiko eta sindikalekin akordio zabala gauzatzen ari dela jakinarazi du. Sakabanaketa eta larri gaixorik dauden presoen egoera bukatzeko beharraz bat etorri dira eragile hauek: PSE-EE, EH Bildu, EAJ, Elkarrekin Podemos, Nafarroako Ahal Dugu, Ezkerra, Ezker Anitza, Geroa Bai, CCOO-Euskadi, UGT-Euskadi, LAB, ELA, CGT, CNT, ESK, Hiru, EHNE eta Steilas-eko ordezkariak.

Etxerat-ek uste du hasierako adostasun hori akordio sozialaren ibilbidearen lehenbiziko geltokia izan daitekeela. Lanean jarraitzen dute adostasun hori agiri zehatz baten inguruan gauzatzeko. Prozesua luze eta arazoz beterikoa izango dela adierazi dute, baina itxaropena agertu dute gai hauen inguruko adostasuna abiapuntu izan daitekeela akordio zabalagoa erdiesteko, eta, bide batez, gogorarazi dute lorturiko adostasunak eragile sozial eta elkarte guztiei ateak zabalik dituela.

etxerat1Arg.: Etxerat

Etxerat Elkartea

“Egungo espetxe politikari ezetza borobila eman dio, behin eta berriro, euskal gizarteak.  Hau ez da esaera bat, ez toki komun bat, ezta guk egiten dugun adierazpen hutsala; egungo errealitatea da. Lotura afektiboa dugunok, senide eta lagunak garenok, giza eskubideen eremuan lan egiten dugunok, eta baita, ardura politiko, sozial eta sindikala dituztenak, dispertsioa eta dispertsioaren ondorioak aski soberan ezagutu eta bizi ditugu.

28 urte beteko dira datorren maiatzean euskal preso politikoei modu iraunkor eta sistematikoan dispertsio politika aplikatzen hasi zenetik. ETAk behin betiko su-etena adierazi zuenetik bost urte igaro direnean eta zabaldu diren aukera guztiei uko eginez, azken hiru hamarkada luze hauetan gertatu bezala, dispertsio politikak eragiten dituen zigor eta sufrimendu gehitua parametro berdinetan darraite. Espainiar Gobernuak, borondate propioz, eskubideen urraketa etengabea luzatzen jarduten du eta, horrela, salbuespen neurriak betikotzea eragin nahi du.

Espetxe politika honi euskal gizarteak ematen dion ezetza eraginkorra bihurtze aldera, bada bide egokiak aurkitzeko garaia. Helburu horrekin, eragile politiko eta sindikal ezberdinekin elkartzen ari da Etxerat Elkartea joan zen udazkenetik. Ez dugu Etxeratekiko atxikimendua bilatu nahi, ez gaude sinadurak edo sostengua jaso nahian: dispertsio politika indargabetzeko gehiengo baten borondateari bide emateko denon arteko lana proposatzen dugu. Alderdi politiko, sindikatu eta eragile ezberdinen arteko distantziak eta ikuspuntuak gaindituko dituen ekimenaz ari gara, gizarteak eskatzen duen bezala, ardurarekin garatzeko lana proposatzen dugu.

Luze bezain arazoz beteriko prozesua dela jakin badakigu. Hala ere, denon arteko lan honi bide emateko behar den borondate eta ardura hauteman dugu orain arteko bilkuretan. Urruntasuna eta larri gaixorik dauden presoen egoerarekin bukatzeko beharra partekatu dugu PSE-EE, EH BILDU,  EAJ, ELKARREKIN-PODEMOS, AHAL DUGU NAFARROA, IZQUIERDA-EZKERRA, EZKER ANITZA, GEROA BAI, CCOO Euskadi, CCOO Nafarroa, UGT Euskadi, LAB, ELA, CGT, CNT, ESK, HIRU, EHNE, eta STEILASekin. Bi urraketa hauek, beti ere salbuezpeneko espetxe politikaren neurriak bere osotasunean ulertuta, premiaz indargabetu behar direlako sortzen dituzten ondorio larriak direla eta. Pertsona ororen eskubideak errespetatzearen aldeko  abiapuntua dugu honako hau. Egun bideak itxita dituen normalizazio politiko eta sozialerako jokalekua irabazteko, euskal gizarteari aukerak eta alternatibak eskainiko dizkion akordio zabala eta anitzaz ari gara.

Eragile politiko zein sindikalekin batera, abian jarritako lan ildo hau aurkeztera gatoz gaur. Urruntasunarekin amaitzeko, larri gaixorik dauden presoen askatasuna lortzeko eta pertsona guztien eskubideak errespetatzearen aldeko Akordio Sozialaren ibilbidearen lehenbiziko geltokiaz ari gara eta, euskal gizarteari, bere osotasunean, gainontzeko sindikatuei, eragile sozial eta elkarte guztiei ateak zabalik dituen akordioa da hau. Gizarte honek ezinbesteko duen itxaropenarekin aurkezten dugu aurrerapauso hau, eta euskal gizartea ordezkatzen duen eragile anitzenganako konfiantza osoa jartzen dugu”.

Informazio gehiago

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s