Zubiartean elkartea sortu da maiatzaren 7an Zubietan egingo den galdeketa kudeatzeko

Arg.: Noaua!

Pasa den larunbatean maiatzaren 7an Zubietan burutuko den herri galdeketaren aurkezpenak herritarren zein bertako eragileen babes zabala jaso zuen. Frontoian ospatu zen ekitaldia eta bertan eragile ezberdinek hitza hartu eta atxikimendua adierazi zioten. Bertan galdeketaren nondik norakoak, zergatia eta logoa aurkeztu zituzten. Aipatzekoa da bereziki Zubiartean izeneko elkartearen sorrera, elkarteak berak kudeatuko baitu herritarrei hitza hartzeko aukera ematea.

Arg.: Noaua!

Ekitaldian manifestu bat irakurri zen eta sinadura bilketa kanpainari ekin dio Zubiartean elkarteak. 16 urtetik gorako zubietarrek, Usurbil nahiz Donostiako zatian bizi direnek manifestuari babesa emateko aukera izango dute. Nola?

  • Martxoak 10, ostirala: 17:30-19:00 artean Zubietako plazan jarriko duten mahaian.
  • zubiartean@gmail.com helbidera idatzi, manifestua eskuratu eta Kaxkapeko postontzian bota.

“Zubieta bi udalerrien, Usurbilen eta Donostiaren artean banatua egon arren, Zubietaren izaera berezia da. Banaketaren gainetik, zubietarron arteko lotura ukaezina da. Urtarrilaren 28an herri batzarra deitu eta bertan erabaki genuen galdeketa propioa antolatzea. Ordutik herritar talde bat asteartero biltzen ari da Kaxkapen, galdeketa antolatzeko”.

This slideshow requires JavaScript.

Arg.: Noaua!

Manifestua

Zubietarrok erabakitze eskubidearen alde.

“Zubieta, historia luzeko herria. Gure lur honek bizi izan dituen pasarteen lekuko eta kontalari bikainak ditugu herriko trikuharri, gaztainondo, lubaki, plaza eta zubia. Hamaika istorio eta gertaeren lekuko. Artzaintzatik nekazaritzara pausoa eman zuen lurraldea. Mila urteko herria, bai, 1.000 urte! Hala zioen gure herriari buruz idatzitako liburuaren izenburuak.

Entzunak ditugu, iraganeko Zubietako Unibertsitateari buruzko kontuak. Zergatik diogu hau? XIV. mendera arte, berau zelako Zubietaren burujabetza modua. Unibertsitatea: Latinezko hitza, “universitas”. Elkarte edo komunitate esan nahi duena. Euskaraz, “herria” alegia. Herri burujabea genuen gure herri maitea!!!

Noiz galdu zuen, ordea, bere burujabetza Zubietak? 1379ko otsailaren 28an? Edo, 200 urte lehenago Nafarroako Antso Jakitunak bere forua Donostiari eman zionean? Nabariak ditu gure herriak Euskal Herriarekiko antzekotasun ukaezinak. Iraganean: Bitan zatitutako lurraldea. Gaur egun: Hegoak lotuta dituzten txorien ezintasunak dituzten bi herri. Eta etorkizunean: Txori kantuek alaitutako egunsentia, amesten duten bi herri burujabe.

Gure herriaren izenak badu aro honetan garrantzitsua dugun ezaugarria: zubia. Hain zuzen ere, zubi artean kokatzen da gure bizilekua, eta lotura lanak egitea askotan tokatu zaigu zubietarroi.

Beraz, zabaldu, ireki eta luzatu ditzagun eskuak! Eraiki ditzagun zubiak! Ideiak, asmoak eta ametsak! Zabaldu besoak, aniztasunari, hizkuntzei, ideologia eta kultura ezberdinei… Izan ere, imajina ezina litzateke, elementu hauek guztiek txertatuko ez lituzkeen herri libre eta burujabea. Guztion arteko zubiak eraiki eta sendotzeko aroan gaude egun, Zubietako armarriak dioen moduan: Zubieta, batu ez banadu.

Horregatik, zubietarrok gure hitza adierazi nahi dugu ozen: gure etorkizunari buruz erabaki nahi dugu, herri modura nahiz nazio gisara. Erabakitze eskubidea herritarron oinarrizko eskubidea baita. Hala, euskal herritar garen heinean, Euskal Herriaren etorkizunaz erabakitzea guri dagokigu; eta ondorioz, erabakitze eskubidearen alde Zubietan egingo den maiatzak 7ko herri kontsulta babestu nahi dugu manifestu hau sinatuz.  Gure etorkizuna erabakitzera goaz!”

Zergatik parte hartuko dute galdeketan?

  • Zubietako Jai Batzordea: “Zubietako Jai Batzordeak galdeketa hau babesten du”.
  • Zubietako Pilota Elkartea: “Erabakitze eskubidea oso garrantzitsua denez gure iritzia emateko, bai nazio eta kirolari dagokionez babesten dugu galdeketa hau”.
  • Zubietako Txirrindulari Taldea: “Galdeketa hau babesten dugu”.
  • Erraustegiaren Aurkako Zubietako Taldea: Galdeketa hau babesten du, eta gainera, galdeketa esparru guztietara zabaltzea nahiko luke”.
  • Zubietarra: “Belaunaldi berriei etorkizun hobea uzteko, zubietar bezala babesten dut herri galdeketa”.
  • Zubietako Guraso Elkartea: “Guraso elkarteak ere bat egiten du Zubietan maiatzaren 7an burutuko den herri galdeketarekin. Gurasook hitza hartu eta erabaki nahi dugu”.

Asier Azpirozen bertsoa

Zubitan ez deu behin ere galdu
herri baten esperantzik
Euskal Herriak ere badauka
hor Zubietaren antzik
bi herri nahien iturburua
igualtsua degu kasik
ez degu eskatzen gauza rarorik
egin ezin leiken gauzik
etorkizuna botoen bidez
erabakitzea baizik.

hemendik aurrerako urratsak

  • Martxoak 10, ostirala: 17:30-19:00 Manifestua sinatzeko mahaia jarriko da Zubietako herriko plazan.
  • Martxoaren 19ra arte: galderak proposatzeko aukera egongo da mahai horretan, Kaxkapeko postontzian edota Zubiartean Elkartekoei emaila idatzita (zubiartean@gmail.com).
  • Martxoak 21, asteartea: bilera ireki bidez adostuko da galdera, 19:00etan Zubietako Kaxkape egoitzan.
  • Asteartero: Galdeketa antolatzeko taldea asteartero biltzen da 19:00etan, Zubietako Kaxkape egoitzan.



Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s