Igandean Goierri Birzirik plataformak foru aldundi atarira eraman zuen Mutiloako zabortegiaren gaia

Arg.: Xingola

Goierri Birzirik plataformak prentsa agerraldia egin zuen pasa den igande  eguerdian Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean. Bertan goierritar ugari elkartu ziren, Gipuzkoa beste hainbat herritar eta mugimenduekin batera. Goierri Birzirik plataformak Mutiloako Lurpe zabortegira Gipuzkoako errefusa eramateko hartutako erabakiaren aurka dago; Mutiloako Udala presiopean dagoela adierazi zuen, GHK-ek udalei ez diela erantzuten, herri borondatea zanpatuta dagoela eta Mutiloako Lurpe zabortegiko proiektua inposaketa hutsa dela salatu zuen.

Arg.: Goierri Birizirik

Markel Olano diputatu nagusiari eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuari zuzendutako gutuna irakurri zen bertan. Eta ondorengo eskaria egin zioten: “Gure proposamena eta eskaera argia luzatzen dizuegu: Egin dezagun denon artean benetako ahalegina banaketa gainditu eta azken garaietan gure lurraldean ia arazo handiena izan dena behingoz merezi duen mailara jaisteko, denon mesederako izango da eta”.

Era berean, martxoaren 10ean Mutiloako zabortegiaren inposizioaren aurka jasotako sinadurak eraman zituzten Gipuzkoako Aldundira.

Arg.: Goierri Birizirik

Markel Olano eta Jose Ignacio Asensiori gutun irekia

“Gipuzkoan urteak daramatzagu hondakinen arazoa ezin gaindituta. Talde politikoek planteamendu ezberdinak dituzue gaiaren inguruan, eta ondorioz erakundeetan aldian-aldiko arduradunek politika kontrajarriak jarri dituzue abian, bai udalerrietan, bai mankomunitate mailan, bai eta lurraldekoan. Eta arazoak bere horretan dirau. Egun, zuek daukazue ardura nagusia hondakinen gaian, Jose Ignacio Asensiok GHK-Gipuzkoako  Hondakinen Kontsortzioko lehendakari bezala, eta Markel Olanok GHK-ren akziodun nagusia (%33) den Gipuzkoako Foru Aldundiko Aldun Nagusi  bezala. Behin eta berriz errepikatzen diguzue ia konponduta dagoela, urrats bat besterik ez dela falta. Baina ez da egia, arazo handiena ez baita zer egin behar dugun bizi garen gizarte hiper-kontsumista honetan sortzen dugun hondakin kopuru izugarriarekin. Sakonena dagoena, arazoei konponbidea emateko aukeratzen dugun eran, eta arazo horien erabilpen maltzurrean baitago. Talde politiko ezberdinek elkarren artean mokoka ibili zarete, egun batean argumentu bat eta hurrengoan kontrakoa erabiliz aurkaria ahuldu eta abantaila politikoa  ortzeko. Eta ez zarete konturatzen gizarteak garai hori gainditu nahi duela, aspertuta gaude, zuek zuen egoskorkeria horretan jarraitzen duzuen artean, kalteak denok jasan behar ditugulako.

Hondakinen gaian erabaki garrantzitsuak hartu dira azken aldian. Dena baza bakarrera jokatu duzue: errauskailua. Eta osasunean eta ingurumenean izan ditzakeen zuzeneko ondorioei buruz dauden iritzi ezberdinetan sartu gabe, instalakuntza hori edukitzeak birziklatzean egingo den ahalegina Europatik eskatzen diren minimoak betetzera mugatuko da. Bere eraikuntza justifikatzeko tranpak egin dira, hala nola biztanle kopuruaren hazkunde sinesgaitza aurreikusi, etorkizunean  sortuko den zabor kopurua puztu,…

Bitartean, ez dakigu zaborrarekin zer egin, eta Mutiloakoa bezalako irtenbideak asmatu beharrean aurkitzen zarete. Goierriko eskualdeari oraingoan ere loteria tokatu zaio: Hedabideetan zabaldutako iragarkietan Birziklapenaren Aldeko Eta Mutiloako Zabortegiaren Aurkako Plataforma zabortegiak itxi dituzuela zabaltzen duen aldi berean, Gipuzkoako zaborraren zati handi bat hurrengo urteetan Mutiloa herri txikira (266 biztanle) ekartzea erabaki duzue. Dena ondo aztertuta eta prestatuta dago: Hondakin geldoen isurtegi batean zabortegi berri bat irekitzeko bidea Ia isilpean prestatu duen enpresa pribatu bati (Lurpe, CESPA, Ferrovial) esleitu, eta eskuak garbitu, bide batez, enpresa pribatura milioika euro bideratuz.

Eta horretarako herritarren nahiaren gainetik pasatzeko prest zaudete. Inolako begirunerik ez duzue izan kaltetutako herrietako (batez ere Mutiloa, Gabiria eta Ormaiztegi) biztanleekiko, ezta gure udal ordezkariekiko. Zuzenean herrietara joan beharrean, komunikabideetara bidali zenuten prentsa oharra.

Ondoren, sortutako zalaparta baretzeko udal ordezkariekin bilera bat egin, eta ez duzue gehiago aurpegia eman. Haien harreman saiakerak saihestu egin dituzue, mespretxatu. Hedabideetan udal autonomiaren aurkako erasoak ikusi behar izan ditugu, gainerako gipuzkoarrekiko “solidaritate” eskaerekin batera. Gure eskualdean zegoen zabortegi publikoa, Sasietakoa, solidaritate horregatik dago itxita aurreikusitako epea baino lehen: eskualdetik kanpoko zaborra jaso zuelako. Beraz gai horretan gure eskuzabaltasuna agerikoa da.

Legediaren aitzakiarekin, zilegitasunik ez duen erabakia azken muturreraino eramateko prest zaudete. Zer egin behar du honelakorik nahi ez duen udalerri txiki batek? Baimenik ez eman, eta ondorio juridiko eta ekonomiko neurrigabeei aurre egin? Txantaia hutsa da herritarrentzako. Joan den abenduaren 18an Ormaiztegitiko kaleak bete egin genituen, Lurpe isurtegiraino egindako manifestazioan asmo honen aurkako iritzia aldarrikatuz.

Aitzitik, zaborraren arazoaren tamaina murrizteko neurri eraginkorrik ez dugu ikusten apenas. Eta helburu hau lortzeko bidea zein den argi dago: Hondakin gutxiago sortu, eta sortutakoaren gehiena birziklatu. Horretarako, gaikako bilketa bultzatu, toki bakoitzean erabakitzen den eran, baina helburu garbi honekin: Sortzen den errefusa kopurua neurri drastikoan eta epe laburrean jaitsi. Posible da, gure Birziklapenaren Aldeko Eta Mutiloako Zabortegiaren Aurkako Plataforma eskualdean eta beste batzuetan (Debagoiena,…) erakusten ari garen bezala.

Baina hau zuentzako orain arte ez da lehentasuneko kontua izan. Nola azaldu bestela, Mutiloako Ferrovialekin sinatutako kontratuan, 3 urteetan zehar zabor kopurua berdina izatea? Edo GHK-k mankomunitateei kobratuko dien tasetan, errefusa merkatu eta organikoa garestitu izana? Edo Erraustegiaren erabilerarako mankomunitateek ordaindu beharko duten diru kopuruetan, ongi birziklatzeak ia abantailarik ez izatea?

Horregatik, aurrerantzean zenbat errefusa sortuko dugun erabaki politiko bat da, erakundeek (nagusiki GHK-k eta beraz Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mankomunitateek) nahi duzuen bezain baxua izan daiteke (bere mugekin, baina horietatik oso urruti gaude!), herritarrok erakutsi baitugu baliabide egokiak ematen zaizkigunean gauzak oso era txukunean egiteko gai garela.

Beraz, gure proposamena eta eskaera argia luzatzen dizuegu: Egin dezagun denon artean benetako ahalegina banaketa gainditu eta azken garaietan gure lurraldean ia arazo handiena izan dena behingoz merezi duen mailara jaisteko, denon mesederako izango da eta”.

Informazio gehiago

Goierri Birzirik

 

 

 

 

 

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s