Usurbilgo Udalak, UEU eta Jakin Fundazioarekin elkarlanerako hitzarmena sinatu du

Iñaki Alegria, Xabier Arregi eta Joan Mari Torrealdai (Arg.: Noaua!)

Usurbilgo Udalak, UEU (Udako Euskal Unibertsitatea) eta Jakin-ekin hurrengo hiru urtetan elkarlanerako hitzarmena sinatu berri du, hau da, Udako Euskal Unibertsitateak, Jakin-ek eta Usurbilgo Udalak UEUren ‘Udako Ikastaroen’ baitan egiten den ‘Jakin Jardunaldia’ Usurbilen egiteko elkarlana bideratu dute. Jardunaldi hauek uztailaren 13 eta 14an burutuko dira, “Euskara eta Euskarak” gaia hartuz. Jardunaldi hauek, ikastaroez gain, ekintza gehigarriak izango dituzte, arratsalde eta gauez, eskaintzaren osagarri.

Aste honetan sinatu da hitzarmena eta sinadura-ekitaldian Xabier Arregi (Usurbilgo alkatea), Alaitz Aizpurua (Kultura zinegotzia), Joan Mari Torrealdai (Jakin Fundazioko lehendakaria) eta Lorea Agirrek (Jakin Fundazioko zuzendaria), eta Iñaki Alegria (UEUko zuzendaria) eta Ane Sarasuak (UEU) parte hartu dute.

Arg.: Noaua!

Xabier Arregi, Usurbilgo alkatea

“XX. mendean euskal kulturaren plaza garrantzitsua izan zen Usurbil, hemen hazi baitziren Udarregi, Mendiburu, Ez Dok Amairu, Artze, Zumeta edota Alejandro Tapia. XXI. mendean ere hala izatea nahiko genuke, beraz gure ekarpena egin nahi dugu zentzu horretan. UEUrekin eta Jakinekin gutxienez hiru urterako hitzarmena sinatuko dugu, eta euskal jendarte eta kulturaren erradiografia zehatza ateratzea gustatuko litzaiguke, herri eta jendarte gisara trantsizioan gauden garaiotan. Hausnarketa egin nahi dugu, baina hausnarketa ireki, garden, publiko eta politikoa. Interes edota izpiritu kritikoa duen jendearekin egingo dugu hausnarketa hori, baina baita herri eta jendarte honen arazoez kezka dutenekin ere”.

Iñaki Alegria, UEUko zuzendaria

“UEUren zereginen artean dago topaguneak eskaintzea: ezagutza eta euskara ardatz duten topaguneak, hausnartzeko topaguneak eta eztabaidarako topaguneak. Udako Ikastaroak erakusleiho eta parada ezinhobea dira helburu horiek lortzeko, eta pozik gaude Usurbilera etorriko direlako. Jakin-ekiko lankidetza aurretik dator, Usurbilekikoa berria da, baina herriak duen kultur-tradizio aberatsarekin bat dator. Gaur sinatzen dugun hitzarmen honek aipatu ditudan guztiak jasotzen ditu, eta ziur gaude JAKIN eta Usurbilgo Udalarekin batera abiatu dugun bide hau emankorra izango dela”

J.M. Torrealdai, Jakin-eko lehendakaria

“Hiru eragileon artekoa elkarlana eredugarria da. Herria eta unibertsitatea, jakintza eta jendea batzeko orduan ildo interesgarria irekitzen du. 1968ko maiatzaren ostetik, 70. hamarkadan herrietan antolatzen ziren hamabostaldi edota urteko ekitaldi zikloetan parte hartu izan dugu; bai egitaraua josten edo hizlari gisa. Gaurkoa ere ildo horretan kokatuko nuke neurri batean. Argi erakutsi nahi dugu, unibertsitate herritarra ez dela utopia. Poza eta esker ona agertu nahi dut fundazioaren izenean, bereziki usurbildarra naizen heinean, aurkeztu eta sinatu dugun lankidetza hitzarmenaren eta esku artean dugu egitasmoaren aurrean. Bat dator guztiz Jakinen lelo hirukoitzarekin; herria, kultura, hizkuntza”.

Lorea Agirre, Jakin-eko zuzendaria

“Azken bi urtetan Iruñean zein Baionan egindako jardunaldien esperientzia gogora ekarri nahi dut, Usurbilen ere herri honen egungo gaiak ekarriko ditugu plazara, gogoetara. Usurbil guretzat bada nor, gure kulturgintzaren memorian eta iruditerian. Ez da edozein toki, Jakinentzat ere zentzu betea du Usurbilekin eta Usurbilen zerbait egitea. Jakinek, pentsamendua sortu, kontrastatu eta sozializatzen tradizio handia du. Baita elkarlanean aritzekoa ere, UEUrekin esaterako. 2015ean hasi ginen elkarlanean eta egin ditugun bi jardunaldietan oso gustura geratu gara”.

www.usurbil.eus      www.noaua.eus

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s