Gipuzkoa Zutikek erraustegiaren eremuan hesolak kendu eta 25 metroko pankartak zintzilikatu ditu

Gaur bertan, Gipuzkoa Zutik mugimenduak Zubietan egin nahi den erraustegiaren lanak hasteko eremua prestatzen hasi direla salatu du: “Gipuzkoa Zutik mugimenduko kideok salatu nahi dugu Zubietan egin nahi duten Gipuzkoako erraustegiko lanak hastear direla eta hauek prestatzen ari direla lekuan bertan”. Eremu horretan dagoeneko jarriak zeuden egurrezko hesola guztiak kendu dituztela jakinarazi du. Hori horrela izan dela ikusteko bideo bat zabaldu dute sarean zehar. Era berean eremuan bertan 25 metroko pankarta erraldoiak  zintzilikatu dituztela adierazi du mugimenduak, “Erraustegirik ez, ez goaz etxera” lemapean.  Herritarrei dei egiten die erraustegiko lanak hasten direnea egingo diren deialdietan parte hartzeko.

a

This slideshow requires JavaScript.

Gipuzkoa Zutik

“ADI LAGUNOK: Erraustegiaren lanak hasteko eremua prestatzen hasi direla salatu nahi dugu, eta erresistentzia fasea inauguratzen dugu. Gipuzkoa Zutik mugimenduko kideok salatu nahi dugu Zubietan egin nahi duten Gipuzkoako erraustegiko lanak hastear direla eta hauek prestatzen ari direla lekuan bertan.

Mendiari egindako zauri gisa defini dezakegun eremuan hesolak jarri dituzte, beren ametsetako eraikina zedarrituz. Egoera larria da, erraustegiaren lanak ahalik eta lasterren inauguratzeko irrikitan daudenez, hesola guztiak kendu ditugula jakinaraziz, erraustegiaren aurkako aro berria inauguratuz. Bideoan ikus daitezkeen 25 metroko pankarta erraldoiak eremuan bertan zintzilikatu ditugu argi esanez: Erraustegirik ez, ez goaz etxera.

Joan den udaberri beroaren ostean, Gipuzkoa Zutik mugimendua bizirik mantendu dugu herritar talde batek, eta bigarren udaberri baten atarian gaudela aldarrikatu nahi dugu. Aktiba gaitezen herritarrok eskualdez eskualde, herriz herri, mundu ero honen aurka. Erraustegiaren aurka eginez, sinbolo baten aurka egiten dugula ulertzen dugu, eta gure ekimenen bidez, amesten dugun mundua eraikitzen joatea da gure asmoa.

Gipuzkoako elite baten mesedetara diseinatutako politika ustelaren sinbolo dela ulertzen dugu, eta proiektu honek Gipuzkoan egiten ari direna ulertzen laguntzen duela: herritarren artean minbizia sortzeko makina bat jartzeko prest diren politikariak, kontratu publikoen trukean politikariak erosteagatik ikertutako enpresak, erabakitzeko eskubidearen ukoa, boterearen hedabideen manipulazio lotsagabea, herritarrontzat nahi duten lan-prekarietatea eraikitzea, herritarroi sortuko diguten zor bidegabea, espazio publikoaren pribatizazioa, dirutza hori ordaintzeko eskubide sozialen murrizketa, txiro eta aberatsen arteko ezberdintasunean sakontzea, klima aldaketa areagotzea, bertako baserritarron elikagaiak kutsatzea, Mozal Legea aplikatzea protesta baketsuon aurka… Erraustegia aukera bikaina dela iruditzen zaigu horrenbeste kalte egiten ari den politika honen aurka egiteko. Beste asko badauden bezala, gauza asko azaltzeko balio duen proiektu eroa da.

Erokeri honen bultzatzaileei adierazi nahi diegu ez dutela eskubiderik herritarren bizkar horrelako proiektu suizidarik egiteko 35 urtetarako. Milioika euroko etekinaren bide arriskutsu honetatik jarraitzen badute, proiektuarekin batera eroriko direla. Borrokatuko dugula, eta egunotan izaten ari diren jarrerak, esaten ari diren astakeriak, memorian ongi gorde eta transmititu egingo ditugula.

Herritarrok altxatzeko modukoa da gertatzen ari dena. Herritar gehienak aurka gauden arren, behar ez den erraustegia eginez, EAJ eta PSE buru dituen Gipuzkoako Aldundiak milioika euro eman nahi dizkie hainbat enpresari. %1 aberatsenaren txotxongiloak bezala, lagunei kontratuak emanez, ate birakariren batek etorkizuna ongi bermatuko direlaren uste seguruz, lotsagabe batzuk bezala jokatzen ari dira Markel Olano eta enparauak. Saudi Arabiara bidaltzeko armak egiten dituen Sapa enpresan komertzial gisa ibilitako “ingurumen” diputatu Jose Ignacio Asensiori zer ordain emango ote diote errausleek, egindako zerbitzuengatik?

Gure eskubideak oporretan daude Panaman.

Aste honetan ederki zipriztindu du EAJ Espainiako azken ustelkeri eskandaluak. Politikari ustelak erostea egotzita polizia Urbaserren egoitzan sartu da, erraustegia egin behar duen enpresa. Paradisu fiskaletan 113 enpresa ditu Urbaserrek, eta datu hori publikoa izan arren, gipuzkoarron diru publikotik 35 urtetarako kontratua egin diote gure muturren aurrean. Eta galdera da, Urbaser gisako multinazional batek zertarako dauzka enpresak paradisu fiskaletan ez bada iruzur fiskala egiteko? Kontratu publikoen bidez herritarron %99aren dirua jaso, eta behar sozialak bermatzeko beharrezko dugun dirua Panaman galdu digu %1 aberatsenak. Txiroenentzat laguntzak murrizten, hezkuntza, osasuna eta eskubide sozialak murrizten, pobreak kriminalizatzen ari diren bitartean, lapur gorbatadunak gure dirua eramaten ari dira. Nola ez haserretu? Ez dugu erraustegi kriminal hau onartuko eta gure esku dagoen guztia egingo dugu gelditzeko.

Gure aipamenik mingotsena gipuzkoarron kalterako izango den azpiegitura hau egiten ari diren euskal enpresentzat: Altuna y Uria, Murias eta LKS Mondragon, besteren artean. Lotsagarria da zuen saldukeria, nahiz eta ez den inongo sorpresa, EAJren kontratu publikoen irensle profesionalon ibilbidea ikusita.

Amaitzeko, gardentasunaren antonimo den Gipuzkoako Aldundi honi exijitzen diogu kontratua herritarroi berehala erakusteko. Gure izenean sinatu dutenaren berri izateko eskubidea dugu. Herritarrei dei egiten diegu lanak hasten dituztenean egingo diren deialdietan parte hartzera. Erraustegirik ez, ez gure izenean. Geldituko dugu”.

Informazio iturria

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s