Gaur (apirilak 29) 20:00etan Zubietako Zubiartean elkarteak hitzordu berezia antolatu du Zubietako Kaxkape egoitzan. Batetik “Helmugarik garrantzitsuena bidea denean” dokumentala (33 min) eskainiko du, bestetik Zubietako herri galdeketari buruzko zuzeneko azalpenak emango dizkiete herritarrei eta azkenik galdeketa babesteko herritarrekin batera grabatu den SPOTa aurkeztuko da.
Zubiartean Elkartea: “Helmugarik garrantzitsuena BIDEA denean dokumentala proiektatuko dugu, Goierrin 2016ko ekainaren 5ean egin zen herri galdeketari buruzko dokumentala hain zuzen. Era berean, Zubietako herri galdeketari buruzko zuzeneko azalpenak emango dizkiegu herritarrei; eta azkenik, galdeketa babesteko herritarrekin batera grabatu dugun SPOTa aurkeztuko dugu. Ziur gaude galdeketa egunerako gogoak piztuko zaizkigula!”.
Goierriko Dokumenatala
Dokumental honek Goierriko galdeketaren prozesuaren azalpen soila egitetik harago, sentimenduei eta barne gogoetei eman die garrantzia, galdeketaren egunean 16 urte bete zituen itsasondoar baten soinetik —bozkatzeko gutxieneko adina 16 urte zen—. Aipatzekoa da dokumentalean Inaxio Usarralde aginagarra agertzen dela, Lazkaon bizi da eta Lazkaoko Gure Esku Dagoko kidea da.
bozka paperak eta gutunazalak
Usurbilgo Herritzartu Elkarteak egin duen moduan, Zubiartean Elkarteak ere egun hauetan etxez etxe, buzoietan, maiatzaren 7an burutuko den herri galdeketaren bozka paperak eta gutunazalak banatzen ari da. Horrekin batera, galdeketaren inguruko informazio praktikoa biltzen duen eskuorria ere banatzen ari dira Zubiarteaneko lagunak. Galdeketan parte hartzeko aukera duten 16 urtetik gorako zubietarrek eskura izango dituzte bozka paperak, “Euskal Herri independiente bateko herritarra izan nahi al duzu?” galderari erantzuteko. Eta hiru erantzun daude aukeratzeko: Bai, Ez edo Zuria.
BOZKA EMATEKO EGUTEGIA ZUBIETAN
- Galdera: “Euskal Herri independente bateko herritarra izan nahi al duzu?”
- Maiatzak 3, asteazkena: Herri kontsultarako aurrez bozkatzeko aukera Zubiartean Elkarteak antolatuta. 18:00-20:00 Zubietako elizako arkupeetan.
Maiatzak 7, igandea – ZUBIETA
- 09:00-20:00 Galdeketa Zubietan.
- Bozkatzeko aukera Zubietako elizako arkupeetan.
Informazio gehiago
- zubiartean@gmail.com
- Facebook: Zubiartean