Euskal preso eta iheslariak etxeratzearen aldeko 80.229 sinadura Foro Sozialaren esku

Ireki dinamikak euskal preso eta iheslariak etxeratzearen alde bildutako sinadurak Foro Sozialaren esku utzi ditu, eta sinadurak emateko ekitaldia baliatu du Foro Sozialak eragile politiko eta sindikalekin izandako harremanen berri emateko: “Adostasuna aurkitu dugu eragile gehienen jarreretan, eta, hortaz, uste dugu badaudela alderdi politiko gehienen eta sindikatuen arteko elkarrizketa bateratzaile eta zeharkakoa hasteko baldintzak”.

a

Foro Sozialeko kideek zehaztu dute bilerak egin dituztela Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiekin, eta PP ez beste guztiak (Eusko Legebiltzarraren %88) bat etorri direla zenbait puntutan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sindikatuekin ere batzartu dira, eta denak azaldu dira ados puntu horien inguruan. Nafarroari dagokionez, herrialde horretako eragileekin egin beharreko kontaktuak ez dira oraindik amaitu, baina Foro Sozialak iragarri du laster emango duela elkarrizketa horien emaitzaren berri.

Etxerat Elkarteak Ireki iniziatibaren sustatzaileak zoriondu ditu, lantokietan jasotako sinadura kopuruagatik.

Foro Soziala

“Foro Sozial Iraunkorretik sinadura hauek gure gain hartzen ditugu gaur hemen, bai sinadurak baita horrek suposatzen duen ardura ere. 80.229 herritarren aldetik eskaera zehatza jaso dugu, eta eskaera horri erantzuteko ardura gure gain hartzen dugu. Izen eta abizenak dituen eskaera da, eta mezu argia da: akordio transbertsal eta bateratzaileen norabidean lanean jarraitu ezazue, preso dauden pertsonen arazoaren konponbidea zentzuzko epe batean eta zentzuzko bideetatik egitea ahalbideratze aldera. Eskerrik asko, lan itzela egin baituzue. Eta zorionak jendarteari, ematen diguzuen ahalduntzea ere berebizikoa baita.

Bai bide hau ezin du gizarte zibilak berak bakarrik egin. Erakundeen laguntza ere behar du. Hori dela eta, Foro Sozial Iraunkorrak Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan sinadura hauek entregatzeko konpromisoa hartzen du. Zentzu horretan, hurrengo egunetan Aznarez anderearekin eta Tejeria anderearekin hitzorduak finkatuak ditugula jakinarazten dugu.

Era berean, sinadurez gain, IV. Foro Sozialaren ondorioak ere emango dizkiegu bi presidenteei. Gogoratzen dugu Preso eta iheslarien itzulerari buruzko Foro Sozialaren ondorioak pasa den maiatzaren 18an aurkeztu genituela Iruñeko Tres Reyes Hotelean. Ekitaldi hartan, ondorioen inguruan harreman dinamika bat hasiko ginela iragarri genuen, eta agerraldi hau erabili nahi dugu, baita ere, erronda honen emaitzaren berri emateko eta Foroak dinamika honen inguruan atera dituen ondorioak azaltzeko:

Maiatzaren 19tik Euskal Erkidego Autonomikoan ondorengo iniziatibak garatu ditugu:

  • Ondorioak Eusko Jaurlaritzari entregatu dizkiogu
  • Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiekin bilerak egin ditugu
  • Sindikatu guztiekin egon gara
  • Espainiar eta Frantziako kartzeletan dauden presoen kolektiboaren bozeramaileei bidali dizkiegu ondorioak, eta espetxe politikaren ordezkariei bozeramaile hauekin bilerak baimentzeko eskatu diegu.

Harreman dinamika honetatik, Eusko Legebiltzarraren %88aren eta sindikatu guztien borondatea biltzen duten ondorio hauek atera ditugu:

  • “Euskal Gatazka” delakoaren ondorioen konponbidean sakontzearen beharra, indarkeria mota guztien biktima guztien errespetuan oinarrituko elkarbizitza eraikiz, berriro ez gertatzeko borondatea azpimarratuz.
  • Pasa den apirilaren 8ko armagabetzea, eta bere inguruan eraikitako gehiengo instituzionalak, politikoak, sindikalak eta sozialak, egoera politiko berri bat sortu dute eta eragile guztiek uste dute egoera berria aprobetxatu behar dela.
  • Espetxe politikari dagokionez, alde batetik, egoera berrira egokitzeko beharraren inguruan akordio nahikoa dago. Bigarrenik, gaixo dauden presoen egoera era indibidualizatu batean eta ikuspegi humanitario hutsetatik artatu behar dela eta, hirugarrenik, urruntze politikarekin amaitu beharraren inguruan akordio zabala dago.
  • Denok datoz bat bake, normalizazio eta euskal herritarren arteko errekontziliazio prozesuaren baitan, motibazio politikoagatik preso dauden pertsonen inplikazioa garrantzitsua dela. Nola? Era indibidualizatuan, indarkeriari uko egitearen bidean sakonduz, bide baketsu eta demokratikoekin zalantzarik gabeko konpromisoan oinarrituz eta dagokionak egindako minaren aitorpen zehatza eginez, erreparatzeko borondatearen adierazle gisa.

Hauek horrela, Foro Sozial Iraunkorrak uste du alderdi politiko gehienen eta sindikatuen arteko elkarrizketa bateratzaile eta transbertsala hasteko baldintzak badaudela.Alderdiek eta sindikatuek, beren aldetik, elkarrizketa prozesua nola gauzatzen duten erabaki beharko dute, baina helburua presoen auziari konponbidea emango dion ibilbide orria definitzea izan beharko litzateke; zentzuzko konponbide bat eta epe errealista batean aurrera eramateko moduko ibilbide orria, alegia.

Zentzu berdinean, EPPK aurrera eramaten ari den eztabaidaren emaitza interes handiz itxoiten ari gara. Gure ustez, emaitza horrek akordio bateratzaile eta transbertsal hau indartu beharko luke. Hori da Foroak nahiko lukeen emaitza.

Bukatzeko, armagabetze prozesuaren arrakasta ahalbideratu duen moldean sakondu nahiko genuke. Alderdi politikoen eta sindikatuen arteko akordio hau, bigarren fase batean, beste akordio zabalago bat erdiesteko oinarria izango da. Bigarren akordio hau ere triangulazioan oinarritua egongo da; alde batetik, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Ipar Euskal Herriko Elkargoa, beste alde batetik presoak eta, hirugarrenik, gizarte zibila. Molde hau baliagarria izan da orain arte, eta Foro Sozial Iraunkorrak uste du presoen auzia konpontzeko ere baliagarria izango dela.

Ezin dugu agerraldia bukatu alderdi guztiei dei bat egin gabe: Bakegintza eta elkarbizitza eremuan hitza desarmatu behar da. Ideien arteko eztabaida librea errespetatzen dugu, baina era berean, azken egunotan bizi ditugun hika-mikek egoera berriak eskatzen duen adostasun transbertsal eta inklusiboa eraikitze prozesuan ez dutela laguntzen uste dugu”.

Nortzuk dira Ireki?

Euskal Herri luze zabaleko 31 langile dira, ETAk behin betiko su etena iragarri zuenetik oso kezkatuak daudenak euskal preso eta iheslarien egoerarekin.

“Munduan zehar gatazka armatuak gainditze bidean ezagutu ditugunean, gatazka horien ondorio izan diren preso eta iheslariak etxerako bidea hartuta ikusi izan ditugu; guztiak batera, epeka, legediak aldatuz edo aldatu gabe, modu desberdinetan baina etxerako bidean. Gure ustez bada garaia euskal preso eta iheslariak ere etxerako bidean jartzeko, eta langile munduak historikoki erakutsi izan duen eragite gaitasunaz baliatu nahi dugu helburu horretan laguntzeko. Lantokiz lantoki 150.000 sinadura biltzeari ekin diogu. Erronka handia da, baina 2017ko ekainaren 17rako zuen atxikimenduarekin betetzea lortuko duguna”.

www.ireki.eus

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s