Aurtengoan ere Santixabeletan aldarrikapenetzako tartea izango da. Astearten (ekainak 27) Udalean egindako osoko ohiko bilkuran Usurbilgo Udaleko balkoian datozen jaietan zehar “Herritarron borondatea errespetatu, Erraustegirik ez!” lelodun pankarta jartzea onartu zen gehiengo osoz. EHBilduk aurkeztu zuen mozioaren bidez hartu zen erabaki hau. Mozioaren bidez, Usurbil erraustegiaren aurka dagoela modu argian agerrarazi nahi da.
EAJ-PNV aurka eta PSE abstenitu
Herritarren haserrea
Udalbatza aretora gerturaturiko zenbait herritarren artean haserrea eragin zuen oposizioko EAJ eta PSEko zinegotzien jarrerak: “Hemen ari zarete isilik irensten goitik esandakoa. Mundu mailako zientzialari eta medikuek argitara emandako azterlanetan egiaztatu ahal izan dute, lotura argia dagoela erraustegia eta gaixotasunen areagotzeen artean. Zuen jarrera ulergaitza da. Garai batean Gipuzkoako PSOE-ko ordezkariek bezala, Madrileko PSOEren idazkari nagusia edota alderdi bereko beste hainbat ordezkari garrantzitsu, erraustegiaren aurka mobilizatzen ari diren honetan, zer gertatatu da jarrera aldatzeko? Erraustegia martxan jartzen bada, eta ondorioz, gaixotasunak hedatzen hasten direnean, herri honen aurrean, zuek izango zarete arduradunak”.
EAJ eta PSE, beste behin isilik
Bertaratutakoek erraustegiak herritarren osasuna arriskuan jar dezakeela ohartarazi arren, oposiozioko udal taldeak, EAJ eta PSE, isilik geratu ziren.
Erraustegirik ez! mozioa
“Behin eta berriz erakutsi izan du Usurbilgo herriak, eta Gipuzkoako gehiengo zibilak, Zubietan egin asmo duten erraustegiaren aurka dagoela. Esaldiak dioen bezala, “burua duenak ez du ondoan nahi eta bihotza duenak ez du inon nahi”.
Urte luzeetako dinamika daramagu erraustegiaren aurka, Zubietan ezartzeko asmoa erakutsi aurretik eta ostean. Hainbatetan errepikatu ditugu erraustegi toxiko horren aurka dauzkagun arrazoi ezberdinak: inguruetako herritarren osasunari loturikoak, ekonomikoak, etikoak, demokratikoak, … Herritarrek ere iritzia argi eta garbi helarazi ziguten udazkenean egindako galdeketan.
Usurbil herri eredugarria da, konpromiso zibikoan eta bilketa selektiboko tasetan. Erraustegia kilometro batetara eraikitzea, zigor krudel gisara ulertzen dugu.
Horregatik, mozio honen bidez, herri hau erraustegiaren aurka dagoela modu argian agerrarazi nahi dugu, eta honako puntuak udalbatzak onartu ditzan eskatzen dugu:
- Udaletxeko balkoian Herritarron borondatea errespetatu, Erraustegirik ez!” lelodun pankarta jartzea.
- Herruko eta eskualdeko hedabideetara, erabaki honen berri helaraztea”.