Erraustegirako gasa sartzeko lanetan herritarrek jasotako tratua salatu da Zubietan

Arg.: Usurbilgo Udala

Gaur eguerdian, Zubietan, hainbat herritarrek, Usurbilgo Udalarekin eta Zubietako Herri Batzarrarekin batera, erraustegia, espetxea eta industriagunerako behar duten gasa sartzeko atzotik hasi ziren obren ondorioz bizitzen ari diren egoera salatu dute publikoki: “Obra hau geldiaraztea eskatzen dugu, hiru erakundeen (Usurbilgo eta Donostiako Udalak eta Zubietako Herri Batzarra) arteko irtenbide egokia adostu eta guztiaren berri herritarrei jakinarazi arte”.



Zein da egoera?

Bizilagun batzuk etxera iritsi ezinik daude obregatik; beste batzuk, euren baratzera ezin dute gerturatu. Guztiak, ezustean, harrapatu dituzte, aurretik inongo oharrik ez baitute jaso.  Erraustegirako, industriagunerako eta espetxerako gasa sartzeko Zubietako Learritza bidean, uztailean eta abuztuan zehar bideratu asmo dituzten lanen ondorioz hesitu dute eremu honetako bide zati bat.

Usurbil eta Zubietako alkateen eskaera

Usurbil eta Zubietako alkateek, Xabier Arregik eta Joxe Mari Zubimendik gaur eguerdian salaketa publikoa egin dute Zubietan, Learritzako ibilbidea hasieran, bertan dagoen obretako seinalearen haurrean. Hainbat herritarrekin batera salaketa adierazpen bat irakurri dute. Lan hauen berririk ez dutela jaso nabarmendu dute, ezta bide hau erabiltzen duten zerbitzu-enpresek ere: hondakin bilketa, garraio edota posta zerbitzuko langileek.

Donostiako Udalak lan hauek abiatzeko baimena eman dutela adierazi dute, baina Zubieta eta Usurbilgo erakunde eta herritarrak kontuan izan gabe: “Nabarmen utzi du berriz ere begirunea galdua digula zubietarroi eta usurbildarroi. Nagusikeriaz jokatu du ostera ere. Zubietarron eta usurbildarron herri bizitza beste interes batzuen azpitik dagoela erakutsi dute, enegarren aldiz. Bidea itxi dute, eta kalte handia eragin dute gure eguneroko bizimoduan: ohiko ibilbideak itxi dizkigute, larrialdiren bat gertatuz gero ez dago inolako aurreikuspen planifikaturik, hondakinak non utzi eta nola jaso ez daukagu, garraio publikoa murriztu eta trakestu egiten dute…”

Erraustegiaren aurkako jarrera tinkoa jarraitzen dute herritarrek: “Zubietan eta Usurbilen ezin ozenago egin dugu aldarri: erraustegia guztiz kaltegarria da, eta ez da beharrezkoa. Bereziki larria da osasunari, ingurumenari eta gure eredu sozio-ekonomikoari eragiten dien zauria. Bada, hasi gara nabaritzen kalteak: Zubietatik Usurbilerako bidea moztea ekarri du gasaren hornikuntzak.

Zubietako Herri Batzarra: “Mota honetako ekintzek, erakusten dute erakunde bakoitzak besteekiko duen errespetua: konfidantza eta elkarlanean oinarritu beharrean, azpijokoan eta ezkutuka garatuz nork bere interesak”.

Xabier Arregi, Usurbilgo alkatea: “Onartezintzat eta errespetu falta izugarria da egiten ari direna. Eurena bakarrik inporta zaie, eta besteon eguneroko bizimodua, bost axola. Nazkatuta gaude”.

Donostiako udaltzainen tratua salatu dute

Zubietar bat baino gehiago izan dira egunotan zer gertatzen ari zen ikustera obren eremura gerturatu direnak. Zenbait herritarrak Donostiako udaltzainen aldetik jasotako tratua salatu dute: “Herritarrak obretara gerturatu dira, ikusi dutelako bapatean beren etxeetako irteera oztopatuta. Joan dira jakitera zer gertatzen den. Ez zaie inolako informaziorik eman eta hori gutxi ez eta, Donostiako udaltzainen jazarpena jasan behar izan dute”.

Noaua!ko kazetarien lana oztopatua

Noaua! astekariko kazetariek ere euren lana oztopatua izan dela adierazi dute: “Hedabideoi ere gure lana ohi den moduan egitea zaildu digute, bereziki lanen inguruko argazkiak ateratzerakoan. Argazkiak ateratze hutsagatik, Donostiako udaltzainak datu eske arri zaizkigu egunotan. Zubietan nabaria da, udaltzainon eta Ertzaintzaren joan etorria”.

Usurbilgo Udalaren adierazpena

Usurbilgo Udalak bere webgunean gaurko agerraldiaren berria eman du. Bertan Usurbilgo Udalak eta Zubietako Herri-Batzarrak uztail eta abuztuan Zubieta eta Santuena bitartean egingo diren lanen inguruko informazioa ez dutela jaso nabarmentzen da.

“Erraustegirako, espetxerako eta Eskuzaitzetako industriagunerako gasa sartzeko asmotan, Usurbil eta Zubieta arteko errepidea itxiko omen dute bi hilabetez. Dirudienez, uztail eta abuztuan egingo omen dituzte azpiegitura lanak. Dirudienez diogu, izan ere, ez Zubietako Herri-Batzarrak ez Usurbilgo Udalak ez dute horren berri zehatzik jaso. Bide hori erabiltzen duten zerbitzu-enpresek ere (hondakin-bilketa, garraioa edo posta, adibidez) ez dute inolako jakinarazpen ofizialik jaso. Herritarrek ez dakite ezer. Bidea itxi dute, eta kalte handia eragin digute gure eguneroko bizimoduan: ohiko ibilbideak itxi dizkigute, larrialdiren bat gertatuz gero ez dago inolako aurreikuspen planifikaturik, hondakinak non utzi eta nola jaso ez daukagu, garraio publikoa murriztu eta trakestu egin dute, eta abar. Kalte horiek jasango ditugunok ez dakigu ezer. Donostiako Udalak baimena eman du nonbait, baina ez gaitu aintzat hartu, beste behin ere. Nabarmen utzi du berriz ere begirunea galdua digula zubietarroi eta usurbildarroi. Nagusikeriaz jokatu du ostera ere. Zubietarron eta usurbildarron herri bizitza beste interes batzuen azpitik dagoela erakutsi dute, enegarren aldiz.

Gasa sartzeko obra honek, esan bezala, Zubietako mendi gainean egin nahi dituzten azpiegiturak hornitzeko helburua du. Azpiegitura horien aurkako iritzia azaldu dute behin eta berriz Zubietako eta Usurbilgo herritarrek, bai eta Zubietako Herri Batzarrak eta Usurbilgo Udalak ere. Bereziki irmoa da erraustegiaren aurkako jarrera. Zubietan eta Usurbilen ezin ozenago egin dugu aldarri: erraustegia guztiz kaltegarria da, eta ez da beharrezkoa. Bereziki larria da osasunari, ingurumenari eta gure eredu sozio-ekonomikoari eragiten dien zauria. Bada, hasi gara nabaritzen kalteak: Zubietatik Usurbilerako bidea moztea ekarri du gasaren hornikuntzak.

Usurbilgo Udaleko Gobernu Batzordeak, 2017ko urtarrilaren 31n, udal teknikarien txostenetan oinarriturik, azpiegitura lanetarako udal baimena ukatu egin zion Naturgas Energia Distribución S.A.U. enpresari. Hainbat berraztertze errekurtso zein udal sailen txostenen ondoren, zerbitzu publikoak eta herritarrentzako pasabidea bermatzen duen plana aurkeztea eskatu zaio Naturgas Energia Distribución S.A.U. enpresari. Ez da oraindik planik jaso.

Donostiako Udalari ere eskatu zaio obrak hasteko baimenik ez emateko, zerbitzuak bermatzeko plana jaso eta jarri beharreko baldintza eta neurri zuzentzaileak hiru erakundeen artean adostu arte. Donostiako Udalak ez du erantzun oraindik.

Horrenbestez, obra hau geldiaraztea eskatzen dugu, hiru erakundeen arteko irtenbide egokia adostu, eta guztiaren berri herritarrei jakinarazi arte. Xabier Arregi, Usurbilgo alkatearen esanetan, ez da onargarria egiten ari direna, errespetu falta izugarria da. Eurena bakarrik inporta zaie, eta besteon eguneroko bizimodua, bost axola. Nazkatuta gaude.

Zubietako Herri Batzarrak azpimarratu nahi du mota honetako ekintzek erakusten dutela erakunde bakoitzak besteekiko duen errespetua; konfidantza eta elkarlanean oinarritu beharrean, azpijokoan eta ezkutuka garatuz nork bere interesak”.

Informazio gehiago

One response to “Erraustegirako gasa sartzeko lanetan herritarrek jasotako tratua salatu da Zubietan

  1. Pingback-a: Larunbatean erraustegirako gasa sartzen ari diren Artzabaletako eremuan elkarretaratzea | Usurbildarrak aurrera

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s