Datozen bi urteetan Zubietako alkatea Narciso Arrillaga izango da

Arg.: Noaua!

Pasa den igandean (uztailak 9) datozen bi urteetarako Zubietako alkate berria izendatu zen. Narciso Arrillaga izango da  2017-2019 urteen tartean Zubietako alkate berria. Igande eguerdian hartu zuen kargua, Zubietako Kaxkape egoitzan. Ekitaldian Zubietako Herri Batzarreko kideak, horien artean 2015eko udal hauteskundeen ostean alkatetzan izan den Joxe Mari Zubimendi, Usurbil eta Donostiako alkateak, Xabier Arregi eta Eneko Goia hurrenez hurren izan ziren.

Lau ordezkarien hitzak

Joxe Mari Zubimendik, Narciso Arrillagak, Xabier Arregik eta Eneko Goiak hurrenez hurren hitza hartu zuten. Azpimarratzekoa da erraustegiaren gaia presente egon zela uneoro ekitaldian, bai ordezkarien hitzetan eta baita bertaratu ziren herritarren aldetik.

Joxe Mari Zubimendi

Usurbilgo eta Donostiako alkateak ekitaldira etorri izana eskertuz  hasi zituen bere adierazpenak Zubimendik, bertara gerturatu ziren herritarrei ere. Hauek erraustegiaren aurkako banderolak eskutan zituzten. Zubimendik duela bi urte kargua ere erraustegiaren aurkako aldarrikapen artean hartu zuela oroitu du: “Erreibindikazioa oso argia da. Ulertu behar duenak ulertuko du. Bi urte hauetan gai arantzatsu askori eta inposaketei aurre egin beharrean aurkitu gara. Beti taldean aritu gara sei herri batzarkideok, Zubietan ordezkaritza garbia osatu dugu. Ahalik eta alkatetza finena, objektiboena, zintzoena egiten saiatu naiz”.

Narciso Arrillaga

Narciso Arrillaga alkatea lanbidez abeltzaina da. Azken urteetan Zubieta jasotzen ari den tratuari buruz hitz egin zuen: “Abeltzain bezala, urte askoan ikusi dut bere aziendari errespeturik ez diotenak eta hori oso itsusia da. Aziendari errespeturik ez dion abeltzaina, gaizki. Abeltzaina traketsa da bere aziendari ez badio zainketa bereziko egun bat ematen, zama handia jartzen dion behorrari, edo esne asko ematen duen behiari. Neure ustez, hor du parekotasuna abeltzainak eta alkatetzak. Horregatik diotsuet, Zubieta oso errespetu gutxirekin tratatu duzuela, edo batere gabe. Ez duzue kontuan ze zama jartzen ari zareten Zubietan behorrari, eta ezta ere kontuan ez zarete hartzen ari, Zubieta herriak zenbat esne ematen duen. Errespetuz saiatzen lortzea eta konturatzea zuek zer jartzen ari zareten Zubietan eta zer ateratzen den Zubietatik. Denok adostasun batera helduz gero, lorpen handia izango da”.

Herri Batzarreko kideak, Usurbil eta Donostiako alkateak barne, bazkari batera gonbidatu zituen, telefonorik eta agendarik gabe. Hitzordu hau egitea asko eskertuko lukeela adierazi zuen, lasai hitz egiteko, eta batez ere erabakiak hartzeko.

Xabier Arregi

Herri batzarrak egiten duen lana eskertu zuen Usurbilgo alkateak, erakundearen beraren beharra azpimarratzearekin batera. “Sekula baino beharrezkoagoa ikusten dut herri honek aurrera egingo badu Zubieta, udalerri ez den herri bat dela aitortuta,  Zubietak etorkizunari begira bere burua gobernatzeko eredu horretan sakontzea. Zubieta bitan banatua egoteak, eskatzen du administratiboki nahiz bi udalerrietan banatua egon, ahalegin berezi bat Zubieta modu egoki batean kudeatzeko. Eremu honetan bada zer hobeturik. Bi udalek Zubietaren tratamenduari lotuta dituzten barne arautegiak berrikusi beharrak daude, arautegiok egunerokoan praktikara eramatea kosta egiten zaiela aitortuta. Nahiko nabarmena da gai batzuetan koordinazio edo planifikazio eza dagoela. Horren adibide duela astebete, erraustegirako gasa sartzeko lanekin Zubietako herri bidean gertaturikoa. Obra bati hasiera eman zaio Donostiako parteko bide zatian. Hor koordinazio ez nabarmen bat izan da, herritarrok nozitu duzuena eta horrek agerian uzten du beste behin, ze zailtasun ditugun halako egoeren aurrean, egoki erantzuteko. Lurralde antolamenduan ere arazo latzak daude. Gaur Zubietan badago galdera potolo bat mahai gainean, zubietarrok erantzun beharrekoa. Zer nolako Zubieta nahi dugu etorkizunean? Zer egin nahi dugu gure lurrekin, baliabideekin? Galdera hauei zubietarrek erantzun behar diete. Ez dela zilegizkoa, bi udalok gure gilborrari begira aritzea, edo udalez gaindiko administrazioak lurralde arloko plafinizioak egiten aritzea, zubietarron iritzia aintzat hartu gabe.  Alde horretatik, Usurbilgo eta Donostiako udaloi zubietarren borondatea errespetatzea dagokigu, eta irtenbide adostu baten alde lan egiteko prestasuna izan behar dugu”.

Eneko Goia

Bi urteotan Herri Batzarrak eginiko lana eskertu, zoriondu eta aitortu zien Eneko Goiak Donostiako alkateak: Ez da lan erraza, denbora eskatzen du eta seguru aski askotan haserreak, eta inpotentzia ere egon dira. Zubieta bezalako errealitate bat izateak donostiarrengan aberastasun bat suposatzen du. Kasu askotan ulertzen zaila izaten den aberastasuna, bi herrien artean partekatzen dugu ardura eta herri kontseilu bati erantzuna ematea ez delako erraza. Donostiako Udalari Zubietako errealitateari aurre egitea kosta egiten zaiola aitortzen dut baina egoera hau eraldatzeko prestutasuna daukat. Bi urteotan saiatu gara, ez dugu asmatu askotan, ez dugu lortu niri behintzat gustatuko litzaidakeen bezain urrun iristea bide horretan, zuen eta Usurbilgo Udalaren eskutik. Espero dut, geratzen zaizkigun bi urteotan, bide horretan aurrera egiten gehiago asmatzea”.



Erraustegiaren gaia presente

Arg.: Noaua!

Ekitaldira zubietar asko gerturatu zen. Kaxkapeko egoitzara erraustegiaren aurkako eta birziklatzearen aldeko banderolak eskutan zituztela gerturatu ziren. Noaua! astekariak jasotako irudietan ikus daiteke ekitaldia amaitzean zubietarrek nola agurtu zuten Donostiako alkate eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatu ohia.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s