Irailaren 3an “Izar Sararekin ikastolara” manifestazioa Donostian

Irailaren 3an (igandea), Izarrek, Sara Majarenas Intxaurrondoko euskal presoaren alabak, ikasturtea Intxaurrondoko ikastolan haseko eskubidea duela aldarrikatu da. Deialdiaren berri Intxaurrondoko hainbat irakasleek egin dute. Manifestazioa 13:30ean egingo da, Bulebarretik hasita, #IzarSararekinIkastolara lelopean. Hirugarren gradua ukatu zioten Sara Majarenasi, eta, orain, helegite baten erantzunaren zain dago. Urtarrilean eraso matxista bat jasan —aitak labanaz eraso zion haurrari—, eta martxoan sartu zituzten Majarenas eta Izar Madrilgo zentro batean. 

Izar Majarenasen egoera larria dela gogorarazi du Mikel Ruiz de Larrinaga Intxaurrondoko ikastolako irakasleak: “Udaberrian egindako gizarte prezioari esker lortu genuen biak elkarrekin egotea baina oraindik larria da Izarren egoera; hizkuntza arrotz batean ikastera eta anonimatoan bizitzera behartua dago”. Bulebarrean elkartu ziren irakasleak irakaskuntzako aditu diren aldetik, manifestazioan babesgabetasun horrek sor ditzakeen eragin psikopedagogikoak salatu nahi dituztela azpimarratu zuten.

Zigorraren hiru laurdenak beteta

Majarenasek zigorraren hiru laurdenak bete ditu, eta, beraz, baldintzapeko askatasuna erdiesteko baldintzak betetzen ditu: “Hemen bildu garen irakasleko Sararen berehalako askatasuna eskatzen dugu, Izarren osasunagatik, hemen eskolaratuta izateko duen eskubideagatik eta indarkeria matxistaren biktima izan delako”.

Kontxi Ibarreta

Kontxi Ibarreta, Sara Majarenas euskal presoaren ama eta Izarren amona da: “Sara eta Izarrek Donostiara etorri behar dute; bestela, ezin diegu lagundu. Egoera amorragarria da. Uztailaren 30ean Izarren haurtzaindegia itxi zutenetik, egunean hiru orduz irten daitezke kalera ama-alabak. 21 orduz etxe batean dituzte, bakarrik, gainerakoek baimenak dauzkatelako. Bata bestearekin daude, ez dute inongo babesik. Izarrek irailaren 7an hasi behar du ikasturtea, eta ordurako Majarenas eta biak Donostian izatea nahi dugu. Izarrek aurrera egin behar du, eta oraingo baldintzetan ezin du”.

Indarkeria matxistaren biktimak dira

Indarkeria matxistaren biktimatzat aitortuak dituzte Majarenas eta bere alaba, baina Ibarretak salatu du praktikan eskubideak ukatzen ari zaizkiela: “Imajinatu zer den 24 orduz egotea muga-mugan dagoen haur batekin. Izarrek sufritu egin du, eta erasoaren ondorioak sufritzen jarraitzen du: ezin du amarengandik aldendu, amesgaiztoak ditu, beldurrak… Dena amarekin ordaintzen du, han ez baitu beste inor”.

Madrilgo psikologoen txostenaren arabera, osatzeko prozesu psikologikoan aurrera egin ezinik geratu da Izar. Lehen momentuan, amarekin egotea zuen premiazkoena, baina une batetik aurrera, jende gehiago ere behar du inguruan: “Edozein aldaketa egiten bada, amarekin izan behar da. Haurra ezin da harengandik bereizi. Bost minutu amarik gabe pasatzen baditu, alarma guztiak pizten zaizkio. Argi ikusten da ezin duela aurrera egin, amaren erabat menpeko dela, eta hori ez da normala hiru urte eta erdiko ume batengan. Hori gaindituta izan behar luke, pertsona gehiagorekin izan behar luke harremana, konfiantza izaten hasteko beste batzuekin ere. Hasi behar du independentzia gehixeago izaten, pixka bat askatzen… Baina, han, horrela, ezin du”.

Egoera horretan, legez, Ibarretak bi aukera baino ez ditu ikusten egoera konpontzeko: Majarenasi baldintzapeko askatasuna onartzea, edo hirugarren gradua onartu eta zigorra Donostian betetzeko aukera ematea —bigarren graduan dute orain—. Bizileku izango duten hirian biak elkarrekin egon ahal izatea, azken batean. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis Castrok apiriletik du Izarri buruzko txosten psikologikoa, baina, orain arte, eskaera guztiak ukatu dizkio Majarenasi. Azkena, uztailaren 12an. Hirugarren gradua lortzeko beste helegite bat jarri zuen euskal presoak gero, eta epailearen erantzunaren zain daude orain.

“Sarak dena sinatu du”

Kontxi Ibarretak Sara denetik erabat bereizi dela adierazi du, dena sinatu duela. Euskal presoak idatzi batean adierazi zuen ETAk eragindako mina aitortzen duela, ez dela ETAkoa, ez duela indarkeria erabiliko, bide baketsuen alde egingo duela eta biktimen erreparaziorako ariko dela. Senideek argi dute, ikuspegi politikoa baino gehiago, indarkeria matxistaren biktimen eskubideak gailendu behar direla; batez ere, haurraren eskubideak eta osasuna.

Majarenas ere biktima

Majarenasen beraren egoera ere aipatu du Ibarretak, hura ere biktima dela nabarmenduz: “Eusten ari da, ezin du barrena hustu. Eta hark ere beharko du hori… Denbora pasatzen utzita, pilota handitzen ari da”. Izarrekin plataforma osatu zutenetik, hainbat mobilizazio egin dituzte biak Donostiara ekartzeko. Besteak beste, Eusko Legebiltzarrean izan ziren egoera salatzeko, eta hango alderdiek bideratu dituzte haien eskariak. Donostiako Udala ere inplikatuta dago, baina auzitegien erabakia falta da. Ozen egin nahi dute aldarri hilaren 3an: “Ekar ditzatela, lagundu ahal izateko”.

Donostiako EHBilduko ordezkarien bisita

 

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s