Usurbilgo Udalak jakinarazita datorren asteazkenean, irailaren 27an, Gipuzkoako Aldundiko Gizarte Politika diputatua, Maite Peña, Usurbilen izango da. Udalak eskaera egin zuen Gipuzkoako Diputazioan Gizarte Politika diputatua herrira etor zedin Usurbilgo jubilatuen errealitatea zuzenean ezagutzeko.
Arg.: Usurbilgo Udala
Egun horretan, udaletxean harrera egin ondoren, udal ordezkari eta teknikariekin ibilaldi gidatu egingo dute. Lehenik Puntapaxeko Eguneko Zentroa bisitatuko dute, asteburutan bertako plaza kopurua handitzeko eskaera egin bait dio udalak. Ondoren, Artzabalera joango dira eta arratsaldeko 18:00etan herriko jubilatuekin bilduko dira. Azken hilabeteetan Zahar Egoitza baten alde egindako sinadura bilketaren emaitzak eskainiko dizkiote.
Puntapax Eguneko Zentroa
Adineko herritarrak biltzen dituen Puntapax Eguneko Zentroko erabiltzaileen kopurua gorantz doa. Usurbilgo Udalak martxotik sei plaza gehiago eskaintzen ditu. ‘Sendia’ programaren bitartez, Eguneko Zentroan plaza izateko eskaera egina duten sei pertsonek aukera izan dute hilabetean bi asteburu eta jai egunetan joateko. Berrikuntza gehiago ere izan da. Eguneko Zentrora bertaratzeko furgoneta berri bat dago martxan, DYAk jarrita.
Une honetan, 18 lagun biltzen ditu Eguneko Zentroak astelehenetik ostiralera, eta sei asteburuetan. Larunbat, igande eta jai egunetako plaza kopurua igotzea eskatu dio Usurbilgo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari: “Asteburuetan beste sei plaza gehiago izateko eskaera egin dugu. Momentu honetan erantzunaren zain gaude”.