Etxerat Elkarteak euskal presoen lege eta osasun laguntza bere gain hartuko du

Arg: Etxerat Elkartea

Etxerat Elkarteak hemendik aurrera euskal presoen lege eta osasun laguntza bere gain hartuko duela jakinarazi du, pasa den astean “Senideei babesa indartzeko unea da” lelopean eginiko prentsaurrekoan. Laguntza ekonomikoa helaraziko die senideei, sortzen diren gastuei erantzunez eta beharrezko abokatuak bermatuta eta ordainduta. Aurrerapausoa emango du preso eta iheslarien senideen elkarteak, orain arte bete gabeko ardurei helduko baitie. Prentsaurrekoan honako herritarrek parte hartu zuten: Etxerat Elkarteko Urtzi Errazkin eta Patricia Velez bozeramaileak, Fernando Arburua Jaiki Hadiko sendagilea, Haizea Ziluaga abokatua, Gorka Garzia Etxerat-eko kidea eta euskal presoen hainbat senide.

Etxerat Elkartea

“Euskal preso politikoen senide eta lagunok ezin dugu gatazka politikoaren ondorioen inguruan iraganean hitz egin, gaindituak baleude bezala. Estatu frantziar eta espainiarrak mantentzen duten salbuespeneko politikek uneoroko giza eskubideen urraketa dakarkigu, presionatu eta ezeztatu egiten gaituen errealitate gordin eta lazgarriaz ari gara, eta aukera dugun momentuan salatzen duguna.

Duela urtebete EAE eta Nafarroako eragile politiko eta sindikalekin biltzen hasi ginen euren inplikazioa eta denominatzaile komun baten pean, bakoitza bere eremutik, dinamika berriak abiaraztea; larri gaixo diren euskal presoen askatasuna eta urruntzearen behin betiko amaieran erlazionatutako akordio bat. Foro Sozial Iraunkorreko partaide gisa, txalotu egiten dugu ekainaren 29an Eusko Legebiltzarrak -arku politikoaren %88ak- larri gaixo diren euskal preso politikoen askatasuna eskakizuna egin izana, 6 egun beranduago EAEko sindikatu guztien babesa jasoz.

Horrelako mugarriek euskal gizarteak bake eta konponbidean barneratzeko nahiak aditzera ematen ditu. Gizarte baketsu batean, preso, iheslari eta deportaturik gabeko errealitate bat eraikitzeko bidean EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialen arteko akordioen inguruan bideak eraikitzeko beharraz jakitun gara Etxerat Elkartean. Baina guzti honen aurrean, akordio plural eta zabalak eraikitzerako bidean, betiko gainditzea oztopatzen duen salbuespen legediari gailendu eta egungo eszenatoki berrira egokituko den legislazio baten beharra dugu. 6 urte igaro dira ETAk bere jarduera armatua behin betiko eten zuela eta ia urte erdi erakundearen armagabetzea burutu zela Bake Artisauen bitartez.EPPKren barne eztabaidaren ondorioak ere mahai gainean ditugu, txalotu egiten ditugunak bide batez, bide legalen hautua eginez espetxeak husteko garaia dela agerian utziz.

Harrigarria, eta are gehiago onartezina, estatu frantziar eta espainiarrak mendekuan eta gorrotoan oinarritutako legedi bat aplikatzen jarraitzea. Giza eskubideen defentsan ibiltzen diren eragile zein alderdi politikoek berriki erakutsi digute beraien kezka Europan zehar izaten ari garen kontaktuen bitartez, testuinguru berri baten atarian euskal preso eta iheslarien zein euren senide eta lagunen egungo egoerak aldaketarik ez izanak zur eta lur utzi dituzte. Aipatzekoa da ere, Europako Parlamentuan berriki presoen urruntzea kondenatzen duen Bergeron txostena onartu izana, 474 aldeko bozka, 109 aurka eta 34 abstentzio jaso ondoren.

Horren aurrean, berriki jakin dugu presoen giza eskubideen defentsan ibili izan diren 48 euskaldunen aurka fiskaltzak eskatutako neurrigabeko eskariak; Espetxe Zaintzeko epaileak fase terminalean, C3 estadioan, HIESA duen Ibon Iparragirre presoaren askatasuna deliberatzeko duen akzio eza; eta bitartean, euskal preso politikoen senide eta lagunek dispertsio politikak eragindako 8 auto istripu jasan dituzte urte honetan zehar. Testuinguru honetan, espainiar eta frantziar estatuek blokeoa mantentzen duten heinean, ziklo politiko berrian Etxerat Elkarteak urrats bat aurrerantz emateko erabakiaren berri ematen du eta gure estatutuek jasotzen duten moduan, gure senitarteko presoen laguntza juridikoaren eta osasun asistentziaren ardura gure bizkar hartuko dugu.

Hemendik aurrera ikuspegi juridikotik bi eremutan egingo du lan Etxeratek, abokatuen bitartez.  Alde batetik, espetxetatik presoak ateratzea eta etxeratzea lortzeko abian jar litezkeen ekimen juridiko guztiak jarriko dira abian. Preso bakoitzaren errealitatearen arabera, abian jar litezkeen prozedura juridikoak aztertu eta gauzatuko dira. Bestalde, oinarrizko giza eskubideen defentsarako eta espetxean jarraitzen dutenen bizi-baldintzak hobetzeko lanean jarraituko dugu. Kasu bietan azkeneraino joango gara eta, zentzu honetan, badakigu kasu batzuetan Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiraino jo beharko dugula.

Asistentziaren eremuan honako hau azpimarratu nahi dugu: kolektiboko presoen kopurua 312-koa da, baina kopurua jaisten ari den neurri berean, beharrak ugaldu egiten dira. Datuak gordinak dira eta preso gaixoen kopurua esponentzialki igotzen ari da, modu kezkagarrian; guztira 91 preso ditugu nolabaiteko gaitza dutenak; horietatik 13k (duela zortzi urte baino bost gehiagok) gaixotasun larriak dituzte; antzeko baldintzetan beste 8k ez dute nahi beren identitatea jendeak ezagutzea. Guztira 19 euskal preso politiko hil dira espetxeetan. Datu horien atzean kokatzen dira zigor luzeak eta presoen adinaren faktorea.

Faktore horiek haien osasunarekin harreman zuzena dute. Espetxean urte gehiagoz egoteak ondorio kaltegarriak ditu osasun fisiko eta mentalean, denbora honetan zehar egiaztatu ahal izan denez. Orain da garaia presoen osasun fisiko eta psikikoaren arazoei erantzuteko, eta gure senitarteko presoek behar duten laguntza juridikoa emateko. Ezin ditugu ahantzi presoen familiaren eta adiskideen inguru hurbilean sakabanatzeak eragiten dituen ondorioak; Etxerat-ek ezin baitio uko egin giza bitartekoak eta bitarteko teknikoak hornitzen jarraitzeari, ondorio horiek ahal den neurrian murrizteko.

Euskal gizarteari egiten diogun laguntza eskaera agerian jarri nahi dugu, Etxerat-ek planteatzen duen erronka berri honi aurre egin ahal izateko. Sakabanatzearen eta urruntzearen ondorioz sortzen diren premiak eta gastuak arintzeko ahaleginari eransten zaio Etxerat-en erronka hori. Datozen hilabeteetan honako hauekin elkartuko gara: eragile politiko, sindikal eta sozialekin, langile eta enpresaburuekin, kirol eta kultura munduko erreferentziazko pertsonekin, elizarekin. Planteatuko dieguna hau izango da: apustu erabakigarri honetan inplikatzea garrantzitsua dela eta bakerantz eta gatazkaren ondorioen behin betiko ebazpenerantz urrats atzeraezin bat ematen laguntzea”.

Etxerat Lagun izateko deia

Erronkari aurre egin ahal izateko eta sakabanatzeak eta urruntzeak eragindako premiak eta gastuak arintzeko, Etxerat Elkarteak laguntza eskatu dio euskal gizarteari. Etxerat Lagun bihurtuta egin daiteke ekarpena. Hilero edo puntualki lagun daiteke. Elkartearen webgunean eskura daiteke inprimakia: www.etxerat.eus

Horrez gain, hainbat esparrutako eragileekin elkartuko direla baieztatu du Etxerat-ek: eragile poltikoak, sozialak eta sindikatuen mugimendukoak, langile eta enpresaburuak; kirol eta kultur alorrekoak, Eliza…: “Planteatuko dieguna hau izango da: apustu erabakigarri honetan inplikatzea garrantzitsua dela, eta bakerantz eta gatazkaren ondorioen behin betiko ebazpenerantz urrats atzeraezin bat egiten laguntzea”.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s