Auzitegi Gorenak Hernani, Astigarraga, Lezo, Pasaia eta Usurbilgo udalei arrazoia eman die

Arg.: Usurbilgo Udala

Espainiako Auzitegi Gorenak aintzat hartu du Hernani, Pasaia, Lezo, Astigarraga eta Usurbilgo Udalek San Marko Mankomunitateko 2014ko aurrekontuen aurka egindako helegitea, eta, ondorioz, baliogabetu egin ditu orduko aurrekontuak. Asteartean (azaroak 7) Hernaniko, Usurbilgo eta Oiartzungo hautetsiek  San Marko Mankomunitateak Donostian duen egoitzan egindako agerraldian eman zuten honen berri. Agerraldian Luis Intxauspe Hernaniko alkateak, Eneritz Arbelaitz Oiartzungo zinegotziak eta Xabier Arregi Usurbilgo Alkateak parte hartu zuten.

2014ko aurrekontuak errekurritu ziren

2014an, Hernanin, Astigarragan, Pasaian, Oiartzunen, Lezon eta Usurbilen hondakinen bilketa selektiboaren sistema ezarrita zeukaten. Udalerri hauek  bere gain hartu zuten hondakinen bilketa, hau da, San Marko Mankomunitatearen bilketa zerbitzua, ez zuten erabiltzen. Hala ere, Mankomunitateak urtero-urtero kobratzen zien zerbitzu horrengatik.

Mankomunitatearen tasak ezartzeko irizpideak ez ziren egoera berrira egokitu eta atez ateko sistema ezarrita zeukaten udalerriak bi aldiz ordaintzen ari ziren bilketarengatik:  “Udalerriek mankomunitateari ordaindu beharreko zenbatekoa herri bakoitzaren biztanleen araberakoa zen, eta ez, ordea, bidezkoa den bezala, mankomunitateak herri bakoitzari eskaintzen zien zerbitzuen arabera. Irizpide horiek erabilita, atez ateko sistema geneukan udalok, gure hondakinak biltzeak eragiten zituen gastuez gain, beste udalen (garai hartan Donostia, Urnieta, Errenteria eta Lasarte-Oria) bilketa gastuak ere gure gain hartzera behartu gintuzten, gure tarifa nabarmen zamatuz, kaltetuz. Hala, Hernaniko herritarrek zegokiena baino 114.000 euro gehiago ordaindu behar izan zituzten; Pasaiak 93.000 euro gehiago; Oiartzunek 60.000 euro gehiago; Lezok 35.000 euro gehiago, Astigarragak 30.000 euro gehiago; eta Usurbilek 3.000 euro gehiago”.

Sanmarko Mankomunitatearen irizpide hori bidegabea zela eta hondakinen kudeaketa ona zigortzen ari zela iritzita, Hernani, Astigarraga, Pasaia, Lezo eta Usurbilgo Udalek, batetik, eta Oiartzungo Udalak, bere aldetik, Mankomunitatearen 2014ko aurrekontuak errekurritu zituzten: “Gure herria eta herritarren mesedetan, orduko udal agintariek aurrekontu horiek errekurritzea erabaki zuten, eta erabakia hiru urte geroago etorri bada ere, pozteko modukoa da”.

Oiartzungo Udalaren errekurtsok beste bost udalen errekurtsoak jarraitutako bide bera jarraitzen ari da. Orain Auzitegi Gorenaren esku dago eta Oiartzungo ordezkariek espero dute, auzia bera izanda, epaia ere norabide berekoa izatea.

orain bost udalei eman zaie arrazoia

a

2015eko ekainean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bost udal horien aldeko epaia eman zuen baina Sanmarko Mankomunitatea ados ez zegoelako kasazio errekurtsoa aurkeztu zuen. Espainiako Auzitegi Gorenak errekurtso hori ezetsi du orain eta bost udalei eman die arrazoia. Epai honen arabera, ez da legezkoa jasotzen ez den zerbitzu batengatik kobratzea.

2014ko aurrekontuak bezala, 2015ekoak, 2016koak eta 2017koak ere errekurrituta daude arrazoi berarengatik. Atez ateko bilketa sistema duten udalerriek ez dute Mankomunitatearen bilketa zerbitzua erabiltzen eta, hala ere, urtez urte ordaintzen ari dira: “Orain ikusi beharko dugu epai hau nola exekutatzen den, mankomunitateak nola kitatzen dituen udalekin dituen zorrak. Gainera, 2015, 2016 eta 2017ko aurrekontuak ere errekurrituta daude, eta ikusteke dago nola eragiten duen epai honek auzibide horietan. Edozein kasu, aurrera begira jarri nahi dugu, eta publikoki adierazi nahi dugu gure prestutasuna 2018ko aurrekontuei begira adostasunak lortzeko. Tarifak kalkulatzeko irizpideak berraztertzeko exijitzen diegu”.

Epaiaren exekuzioa adosteko eta 2018ko aurrekontuetan irizpideak aldatzeko eskatzeko, aste honetan eskatu dute Mankomunitatearen zuzendaritzarekin biltzea.

Xabier Arregik, Usurbilgo Alkatea

“Oinarrian dago gakoa: praktika onak saritu nahi ote diren edo ez, hots, gaikako bilketa eta birziklatzea saritu nahi diren edo ez. Eta, zentzu honetan, gaur hemen ordezkatuta gauden udalon jarrera argia da: herritarren praktika onak saritu behar dira, eta txarrak zamatu, eta irizpide horrek gidatu beharko luke San Markoren aurrekontua. Ez baita posible %80ko gaikako bilketa egiten dugun herriok beste herriek bezain beste edo gehiago ordaintzea. Injustua da erabat. Eta baldintza edo irizpide hori, gainera, eskala guztietan ezarri beharko litzateela uste dugu, kudeaketaren ziklo osoan”.

Informazio gehiago

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s