Xabier Arregi, Usurbilgo alkatea: “Berme guztiak izan arte ez dugu Erroizpeko ura berriz erabiliko”

Arg.: Noaua!

Aste honetan Osasun Sailak baieztatu duenez, Erroizpeko urarekiko esposizioa izan da gastroenteritisa eragiteko arrisku-faktore nagusia. Gaixoekin izandako kontaktuen bidez erraz kutsatzen den Norobirus izeneko birusak hedatu du gaixotasuna. Zehazki Erroizpeko uretan zer gertatu den argitzeke segitzen du oraindik eta azterketa lanekin segiko dute. Bitartean, usurbildarrok ez dugu Erroizpeko urik kontsumituko, pasa den ostegunetik herri osoan Añarbeko ura kontsumitzen da. Beraz, iturriko ura ez edateko aholkua bertan behera geratu da.

a

Guzti honen berri emateko asteartean Xabier Arregi Usurbilgo alkateak eta Jose Angel Ercilla Añarbeko Urak-eko zuzendariak prentsaurrekoa eskaini zuten Potxoenean.

Xabier Arregi, Usurbilgo alkatea: “Azterketa guztien emaitzak eskuartean, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailetik baieztatu digutenez, esan dezakegu Erroizpeko urarekiko esposizioa izan dela gastroenteritisa eragin duen faktore nagusia. Oraindik ez dakigu zehazki zerk eragin duen gastroenteritisa Usurbilen. Hori argitu bitartean, Añarbeko Urak-ekin hornituko dugu herri osoa”.

Usurbilgo Udala

“Ez dira egun errazak izan azkenengo hauek usurbildarrentzat gastroenteritis brotea dela-eta, baina, zorionez, gaur esan dezakegu brotearen eragina nabarmen apaldu dela azken orduetan, azkenetan dagoela, eta, ondorioz, kasik pasatu dela. Esku artean ditugun datuek hala baieztatzen dute, behinik behin: atzo 25 umek baino ez zuten huts egin ikastolan, hau da, %3,8ak, eta anbulategian lau gaixo baino ez zituzten artatu, gastroenteritisak erasanda. Beraz, diogun bezala, brotea bere azkenetan dagoela ziurta dezakegu.

Brotearen lehen zantzuak izan bezain pronto, lan talde bat osatu genuen, brotea zerk eragin duen jakiteko eta kasuen jarraipena egiteko, eta hartu-eman etengabean aritu gara une oro lan talde horretako kide izan garen erakundeok, hau da, herriko osasun etxea, ikastola, Osasun Publikoko Gipuzkoako Zuzendariordetza, Añarbe eta Usurbilgo Udala. Hala, Udalak egunotan hartu dituen prebentzio neurriak, Osasun Sailak egindako gomendioei jarraituz hartu ditu, eta neurri horiek indarrean izan ditugu brotea zerk eragin duen baieztatu arte. Neurri horien artean, iturriko ura ez edateko aholkua nabarmendu beharrekoa da, besteak beste. Ez-ohikoa izan da egoera, eta, ondorioz, ez-ohiko neurriak hartu behar izan ditugu.

Dakizuen bezala, azken egunotan hainbat azterketa epidemiologiko egin dira. Ur laginak hartu dira eremu ezberdinetan, eta gaixoei kultiboak ere hartu zaizkie, laborategian azter zitezen. Azterketa guztien emaitzak esku artean, eta Osasun Sailetik baieztatu digutenez, esan dezakegu Erroizpeko urarekiko esposizioa izan dela gastroenteritisa eragiteko arrisku-faktore nagusia azaroaren 13, 14 eta 15ean. Hurrengo egunetan gaixoekin izandako kontaktuen bidez hedatu da gaixotasuna, oso erraz kutsatu eta hedatzen den birusa baita Norobirusa.

Egunez eguneko azalpena ematea garrantzitsua dela deritzogu, tartean hartu ditugun hainbat erabaki hobeto ulertzeko:

  • Azaroaren 15ean jaso genuen Osasun Sailaren lehen txostena. Gastroenteritisak izandako hedapen azkarraren berri ematen zuen. Urte sasoi honetan gastroenteritisa ohikoa izan arren eta irailetik hona Gipuzkoan hiru alditan, gutxienik, bortitz agertu izanagatik ere, egoera ez-ohikoa izaten ari zela onartzen zuen Osasun Sailak.
  • Azaroaren 16an, ostegunarekin, jaso genuen Osasun Sailaren bigarren txostena, eta txosten horretan Erroizpeko ur lagin batean balio desegokiak atzeman zituztela azpimarratzen zen. Horrek birusaren hedapenean eraginik izan zezakeela-eta, Udalak une horretan bertan herria erabat Añarbeko urarekin hornitzea erabaki zuen, eta orduz geroztik Añarbeko ura izan dugu. Birusak zenbateko eragina izan ote zuen eta ura zenbateraino kaltetu ote zuen argitu bitarte, Osasun Sailak iturriko ura ez edateko aholkua luzatu zuen, eta aholku horixe bera eman zien Usurbilgo Udalak usurbildarrei, bando bidez.
  • Azaroaren 18an eta 19an hartutako laginen analisiek ez dute inolako alteraziorik erakutsi, eta, ondorioz, esan dezakegu gaur Usurbilgo iturri guztietako ura edangarria dela, eta bertan behera uzten dugula iturritik ura ez edateko ostegunean eman genuen aholkua.

Herriko ur hornidura hobeto ulertze aldera, egoki ikusi dugu agerraldi honetan hainbat xehetasun eskaintzea:

  • Usurbilen bi ur depositu ditugu: Erroizpe eta Larbain. Eta bietatik hornitzen da Usurbil. Larbaingo urak Añarbetik datozenak dira, eta Erroizpekoak bertako baliabideak dira. Udal honek beti eman dio garrantzia, gure baliabide propioak izanda, Erroizpeko ura hedatzeari.
  • Erroizpeko urak Usurbilgo Udalak berak tratatzen ditu bere bitartekoekin, baina kontrola eta zainketa Añarbek eta Osasun Sailak egiten dute.

Inoiz ez da halakorik gertatu. Lehen aldia da Erroizpeko ura ez dela edangarria ondorioztatzen duten analisiak jaso ditugula. Urte hauetan guztietan egin diren analitiken emaitzak Eusko Jaurlaritzaren webgunean daude ikusgai. Edozein kasutan, argi dago zerbaitek huts egin duela, baina arrazoiak ez daude argi.

Gastroenteritisa brotea pasatu bada ere, jakin nahi dugu zehatz-mehatz zer gertatu den. Hori aztertzen gabiltza, eta egin beharreko azterketa guztiak egiten. Nolanahi ere, argi dugu ezin duela berriro halakorik gertatu, eta berme guztiak izan arte ez dugu Erroizpeko ura berriz erabiliko. Gure baliabide propioa, iturburu propioa, zaindu behar dugu, eta tratamendu nahiz kontrol mekanismoak are gehiago zorroztuko ditugu. Udalak hartu beharreko neurri eta erabaki guztiak hartuko ditu edateko ura osasuntsua izan dadin. Esan bezala, bitartean eta bestelakorik ezean, Añarbeko urarekin hornituko dugu herria.

Ez nuke bukatu nahi herritarrei gure esker ona adierazi gabe. Jakitun gara herritarrek sufritu egin dutela, herriaren eguneroko martxa astindu egin duela ondoez orokor honek, baina usurbildarrek berriz ere jokabide arduratsua eta zibikoa erakutsi dute, eta pazientziaz jokatu.

Halaber, eskertu nahi diegu baita ere anbulategiko mediku eta langileei, Ikastolari eta Añarbe eta Osasun Sailari izandako jarrera eta egoera honen aurrean erakutsitako prestasunagatik. Krisi guztietatik ikasten da zerbait, eta honako honek erakutsi digu zein inportantea den erakundeen arteko elkarlana eta komunikazioa, guztiaren gainetik, herritarrak lehenetsiz”.

Informazio gehiago

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s