SARE mugimenduak antolatuta, urtarrilaren 13an (larunbata) presoen eskubideen aldeko urteroko manifestazioa egingo da Bilbon “Elkarrekin aurrera egiteko prest gaude” lemapean. Atzo, Euskal presoen seme-alabek “Haur motxiladunak” manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten agerraldi bat eskainiz. Haur hauek uste dute iritsia dela euren gurasoen egoera konponbidean jartzeko garaia. Urte askoan arrastaka eraman duten zama atzean utzi behar dela deritzote; motxila bota, aspaldi honetan indarra hartu duen esamoldea erabilita (gurasoren bat edo biak kartzelan dituztenei haur motxiladun deitu ohi zaie).
a
“Orain behar ditugu ama eta aita etxean”
Eztizen Artolak eta Ainhoa Etxebarriak hitz egin zuten agerraldian. Haur motxiladun izateak eguneroko bizimodura ekarritakoak azaldu zituzten: “Espetxerako bidaiak, gutunen zain egon beharra, familiako kide guztiak mahai beraren inguruan ezin biltzea, eta abar. Gu ez gara gurasoekin bizi. Ama edo aitarekin baino ez gara bizi batzuk; beste batzuk, aitaita eta amamarekin, eta beste batzuk, izeba edo osabekin. Ez gaituzte gure gurasoek hezten, ez baitaude gure egunerokoan, ez baitaude eguneroko xehetasun txiki eta garrantzitsuenetan. Kartzelak haurtzaroa lapurtu digu. Gure etorkizunean, aita eta ama etxean irudikatzen ditugu. Gure bila doaz ikastolara edo entrenamendura. Planak eta proiektuak elkarrekin egiten ditugu, eta gure urtebetetze festan egongo dira lehen aldiz. Etorkizun hori orain hasi behar da eraikitzen, ez ume eta nerabe izateari uzten diogunean. Orain behar ditugu ama eta aita etxean. Kartzelak ekarritako zama arindu eta motxila airera bota nahi dugu”.
Bilbora joateko deia
Presoen seme-alabak prest azaldu dira etorkizun koloretsu horren alde egiteko, eta denon artean benetako bake eta elkarbizitzan oinarrituko den jendartea eraikitzeko. Horretarako, urtarrilaren 13an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera dei egin diete herritarrei: “Gu han egongo gara; han elkar ikustea espero dugu. Euskal Herrian benetako bakeaz hitz daitekeela uste duzue gure gurasoak kartzelan atxikita?”
a
Autobusa Usurbildik
Urtero moduan, Sare herri mugimenduak euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa deitu du urtarrilaren 13rako (larunbata) Bilbon. Bertara joateko autobus zerbitzua antolatuko da Usurbilen. Aurrez izena eman behar da ohiko tokietan.
Urtarrilaren 9an Ur Handitan saioan
Urtarrilaren 9an (asteartea) EITBeko lehen katean Ur handitan saioan “Haur motxiladunen” gaia landuko dute. Hona hemen aurrerapena:
Motxila dun umeak, Ur Handitan saioan Urtarrilaren 09an #PrestGaude #U13Bilbo pic.twitter.com/82YeAxmXzV
— SARE Indautxu-Abando (@IndAbanSARE) 3 de enero de 2018