Sare mugimenduak konponbidearen bidean aurrera egiteko, larunbatean Bilbora joateko deia egin du

Arg.: Argazki Press

Sare mugimenduak larunbateko (urtarrilak 13) manifestazioa aurkezteko agerraldia egin gaur Bilbon. Euskal presoen eskubideen aldeko martxara joatera deia egin du, Bilboko kaleak betetzera, herritarrak konponbidearen eta bakearen bidean elkarrekin aurrera egiteko prest daudela adierazteko. Manifestazioa 17:30ean hasiko da La Casillatik, eta ohiko ibilbidea egin ondoren, Bilboko udaletxean amaituko da “Elkarrekin aurrera egiteko prest gaude” lemapean. Antolakuntzan 600 boluntario baino gehiago ariko dira.

a

“Motxiladun umeak”

“Motxiladun umeak” jarri dituzte aurtengo deialdiaren ardatzean. Sarek haur horiek euren haurtzaro zein gaztaroa baldintzaturik dutela salatu du, asteburuetan ehunka kilometro egin behar baitituzte aita, ama edo biak ordu jakin batez ikusi ahal izateko. Era berean, preso gaixoen askatasuna ere eskatuko dute: “Euren bizia lau horma horien artean galtzen ari diren presoak dira. Preso hauek gaixotasun sendaezinak izanik ere, kartzelan mantentzen dituzte, beraien etxekoengandik urrun eta ia kasu guztietan artatzeko aukerarik ere eman gabe”.

Presoen egoeraren balorazioa

Sarek, presoen egoeraren balorazioa egin du Bilboko agerraldian. Orokorrean egoerak bere horretan jarraitzen duela uste arren,  presoen eta senideen eskubideen defentsan lan egiteko garaian, urrats handiak egin direla adierazi du: “Iruñeako eta Gasteizko parlamentuak izan dira horren adierazle, bertan onartu baitira espetxe politikaren aldaketa eta larriki gaixorik diren presoen askatasuna eskatzeko iniziatibak. Bertako alderdi politiko guztiek onartutako iniziatibak, PP eta UPN izan ezik, horiek soilik geratu baitira indar metaketa horretatik kanpo. Aurrerapauso garrantziak eman dira, eta horrek, azken batean, Espainiako Estatuari zer pentsa eman beharko lioke”.

ETAren armagabetzea

ETAren armagabetzeari buruz ere mintzatu dira Sare mugimenduko bozeramaile Joseba Azkarragak eta Bego Atxak: “Ezin ahaztu berau iparraldeko alderdi guztien babesarekin lortu zela, eskuin zein ezkerreko alderdien laguntzarekin. Frantziako kartzeletako egoerari buruz hitz egiteko aukera eskaini zuen, eta hori zalantzarik gabe, euskal jendartearen bultzadagatik izan zen. Izan ere, jendarteak artikulatu eta elkarrekin lan egiteko prestutasuna agertu baitzuen. Larunbateko martxak bide horretan lagundu behar duela uste dugu”.

Autobusa Usurbildik

Usurbildik Bilbora  joateko autobus zerbitzua antolatuko da. Aurrez izena eman behar da ohiko tokietan, ostirala azken eguna.

Urtarrilaren 19an urtea beteko du Xuak

Valentziako Picassent espetxean dago Xua gurasoekin, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoekin. Urtarrilaren 19an (ostirala) urtea beteko du Xuak. Bere egoera berean, amarekin espetxean diren Izar eta Haitz haurrei, eta Xuari berari helaraziko zaion argazkian ateratzeko deia egin dute larunbatean Bilbon Porrotxekin, eguerdiko 12:30etan Areatzan.

Larunbateko egitaraua

  • 11:00etan lehen deklarazioak La Bolsan.
  • 11:30ean mahai ingurua izango da, La Bolsan: Gizarte zibilaren parte hartzea gatazka ezberdinen konponbidean. Moderatzailea: Pili Kaltzada. Parte hartzaileak: David Fernandez (Katalunia), Mario H.Calixto (Kolonbia) Anaiz Funosas (Bake Bidea) eta Joseba Azkarraga. (Sare).
  • Goizetik, Areatzako gunetik abiatu eta Bilboko alde zaharreko kaleetan zehar, txistulariak, trikitilariak, batukada eta SARE Kantari izango dugu.
  • 12:30ean Areatzako gunean, Porrotxen ikuskizuna. Umeentzako ikuskizuna izango da, eta emanaldiaren hasieran, kartzelan dauden hiru haurrei eskainitako argazki bat egingo dute.
  • 13:30ean Areatzan, Bertso saioa: Oihana Bartra, Miren Amuriza, Beñat Gaztelumendi eta Amets Arzallus ariko dira.
  • 15:00etan Kepa Junkera eta Sorginak.
  • 16:30ak aldera Casillarantz abiatuko dira, 17:30ean hasiko baita martxa. Amaitzean, Areatzan, Anita Parker eta Tximeleta taldeen kontzertuak.
  • Manifestazioa 17:30ean hasiko da Casillatik, eta ohiko ibilbidea egin ondoren, Bilboko udaletxean amaituko da.

www.sare.eus

 

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

w

Connecting to %s