Independentista Sareak antolatuta, martxoaren 18an “Independentzia Eguna” ospatuko da Larrabetzun

Independentista Sareak 2018ko “Independentzia Eguna” martxoaren 18an (igandea) Larrabetzun izango dela jakinarazi du, Larrabetzuko herritar independentisten batzordeak bultzatuta. Iaz Bermeon ospatu zen eta bertan jaso zuen Larrabetzuk lekukoa eta aurtengo ospakizuna antolatzeko konpromisoa. Egun osoko egitaraua izango da eta hausnarketa politikoa, aldarrikapena eta jai giroa uztartuz, burujabetza izango da eguneko gai nagusia.

Independentista Sarea

“Asko gara gure herriaren etorkizunaz oso kezkatuta gauden herritarrak eta gero eta argiago ikusten dugu Eukal Herriak bere etorkizuna eraikitzeko ezinbestekoa duela bere buruaren jabea izatea. Aldi berean, garbi dago espainiar eta frantziar Estatuen egituren barruan ez dugula inolako burujabetza aukerarik eta menpekotasunak gure etorkizun politikoa, ekonomikoa, soziala eta kulturala hipotekatzen dituela. Beraz, alternatiba bakarra geure estatu propioa eratzea da.

Euskal Estatuaren inguruan hausnarketa sakon eta konpartitua egiteko ordua iritsi da. Behar dugun estatu demokratiko eta sozial horren egiturak eztabaidatzen, adosten eta gauzatzen hasi behar dugu. Martxoaren 18an Larrabetzun aldarrikatuko dugun Indepedentzia Egunak horren irudikapena izan gura du. Gaur egun posible da Frantzia eta Espaniarekiko menpekotasunetik kanpo bizitzea. Egunerokoan, Euskal Herri osoan, hainbat arlotan, independenteak bagina legez jarduten dugu, hainbat eredu praktiko ditugu hizkuntzari, kulturari, hezkuntzari, sozioekonomiari, energiari, feminismoari, elikadura burujabetzari edota integrazio kulturalari dagokionez. Independenteak izatea posible da eta frogatzen ari gara. Eta posible izateaz gain, ezinbestekoa delako aldarrikatuko dugu aurtengo Indepedentzia Eguna. Mendebaldeko Europak, AEBek, Frantziak eta Espainiak sustatzen duten turbokapitalismoa suntsitzen ari den guztiari aurre egiteko modu bakarra independentista izatea delako. Hori oso garbi adierazten digute behin eta berriz Macronek zein Rajoyk. Katalunian gertatutakoa da horren froga ukaezina.

Pertsonen oinarrizko eskubideak murrizten, debekatzen, suntsitzen eta kriminalizatzen ari den sistemari aurre egin eta pertsona guztion eskubide indibidual eta kolektiboak bermatuko dituen Estatu bat galdatzen dugu Euskal Herriarentzat. Demokrazian eta justizia sozialean oinarritutako gizartea eraiki gura dugu, herritar guztiok herri libre batean zoriontsu izateko aukera izan dagigun. Euskal Herriak bere etorkizun politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala erabaki dezan, burujabetza osoa izan behar duela uste dugu, eta burujabetza osoa gauzatzeko modu eraginkorrena estatu independentea eratzea dela.

Bere buruaren jabe izango den Euskal Herri hori irudikatuko dugu martxoaren 18an. Euskal Herri osotik etorritako arlo askotako eragileak bilduko gara, bakoitzak bere jarduna erakutsiko du, herritarrok jabetu gaitezen independentziaz ari garenean ez garela kontzeptu abstraktu edota ukiezin bati buruz ari, baizik eta lorgarria den ezinbesteko helburu kolektibo bati buruz. Era berean, aurtengo Independentzia Eguna baliatu gura dugu independentista izatearen beharra eta harrotasuna aldarrikatzeko, argi baitugu demokrazian eta justizian oinarritutako herria lortzeko hautu bidezkoena independentista izatea dela.

Martxoaren 18an Larrabetzun, biharko Euskal Herria gaur egun badela erakutsiko dugu, egun osoko egitarau baten bitartez. Aurrez gainera, Iruñeako Katakraken, Gasteizko Errekaleorren eta Azpeitiko Azoka Plazan, burujabetza osoa eskatzen duten hainbat gairi buruzko ekitaldiak burutuko ditugu, hala nola elikadura, migrazio-harrera-migrazio politika, energia eta bestelako eredu batzuen inguruan”.

www.independentistak.eus

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

w

Connecting to %s