Usurbildarrek babesa adierazi diote ostiralean bikote ohiak erasotu zuen emakumeari

Arg.: Xingola

Astelehen honetan, 19:30ean, herritar ugari bildu zen Mikel Laboa plazan Udalak deitutako indarkeria sexistaren aurkako elkarretaratze isilean. Ostiralean (otsailak 23) izandako eraso sexista salatu zuten usurbildarrek, “Indarkeria sexistatik ez!” zioen pankartaren inguruan.

Argazkia.: Noaua!

Usurbildarrek babesa adierazi zioten otsailaren 23an bikote ohiak erasotu zuen emakumeari eta bere familiari. Herritarrekin batera, Usurbilgo udal eta Gipuzkoa Foru Aldundiko ordezkari politikoak elkartu zituen mobilizazioak. Elkarretaratzearen amaieran Usurbilgo Udaleko parekidetasun saileko zinegotzia den Josune Estellak adierazpen bat irakurri zuen.

ADIERAZPENA

“Berri lazgarri batek astindu du gure herria asteburu honetan: gizon batek bikotekide ohiari eraso egin dio eta bere nahierara erabili.

Usurbilgo Udalak badu indarkeria sexistetarako protokoloa, eta, erasoaren berri izan bezain pronto, protokoloa zorrotz aplikatu genuen, pertsona erasotua ahalik eta ondoen artatzeko, eta bere intimitatea eta borondatea hasiera-hasieratik errespetatuz. Udalak hasieratik azaldu dio emakumeari babes osoa , eta gaur ere, plaza publikoan, horixe bera azaldu nahi diogu: gure elkartasuna.

Nolanahi ere, babesa azaltzeaz gainera, erasoa ozen salatu nahi dugu plaza publikoan. Izan ere, argi dugu emakume bat erasotua, iraindua, jazarria den bakoitzean, jendartea bere osotasunean dela erasotua. Horregatik, erasorik ez, erantzunik gabe!

Eraso honek garbi erakusten du indarkeria eta eraso sexistak ez direla gertaera isolatu edo salbuespen gisa ulertu behar. Eraso hauek ez dira ero batzuen beroaldia. Emakumeon aurkako erasoak eta jazarpenak giza eskubideen urratze larriak dira, bai eta gizonen eta emakumeon arteko desberdintasun sozialen adierazpiderik bortitzena ere. Beraz, egiturazko arazo bat da, pertsonek beren generoaren arabera dituzten botere-egoerei zuzenki lotutakoa. Gizonezkoek gizartean eta imajinario kolektiboan duten posizio nagusiaren abusu bat da indarkeria, eta, neurri horretan, emakumezkoon diskriminazioa iraunarazteko adierazpen eta tresna ere bada aldi berean.

Eta arazoa estrukturala den neurrian, erroei, sustraei, heldu behar zaie, ezinbestean. Derrigorrean behar eta martxan jarri behar dira politika feminista transbertsalak. Premiazkoa da, halaber, indarkeria matxistaren kontrako lege integrala. 

Gure ustez, indarkeriaren prebentzioan egin behar da bereziki ahalegina, eta neska-mutilak, emakumeak eta gizonak, askatasunean eta berdintasunean heziko dituen hezkuntza sustatu behar da.

Baina, aldi berean, ezinbestekoa da emakumeen boteretzea eta herritarren arteko babes-sareak sustatzeko neurriak martxan jartzea, emakumeak biktima gisa tratatu ordez soilik. Zentzu horretan, autodefentsa feministan sakontzen jarraituko dugu udaletik. Izan ere, argi dugu emakumeok geure ekintzen eta gorputzen jabe izan behar dugula eta indarkeria egoerei aurre egin eta egoera horiek ondo kudeatzen jakin behar dugula. Dena den, emakumeen eta herritarren arteko babes-sareak sortzea ere garrantzitsua da, bakardade sentsazioari eta babesgabetasun egoerei aurre egiteko.

Guztion ardura da, beraz, eraso bakar bat gehiago izan ez dadin jarrera aktiboa izatea.

Guztion ardura da berriz halakorik gerta ez dadin prebentzioa lantzea, eta jarrera aktiboak izatea parekidetasunaren alde, bazterketaren aurka, sexismoaren aurka, edozein delarik ere bere adierazpidea: bai erakunde publikoetako ordezkariok, hezkuntza-eragileek, komunikabideek, lan-esparruko eragileek, kultura-eragileek, ekonomia-eragileek, edota gutako bakoitzak, izan familian edota lagunartean.

Indarkeria matxistarik gabeko Usurbil nahi dugu. Emakumeok libre eta beldurrik gabe bizi nahi dugu! Indarkeria sexistarik ez! Ez hemen ez inon!”

Usurbilgo Udala

Arg.: Gipuzkoako Foru Aldundia

“Ehunka herritar atera ziren atzo kalera indarkeria matxistaren aurka. Emakume batek eraso sexista bat jasan du asteburu honetan bere bikotekide ohiarengandik, eta, eraso horren aurrena, Usurbilgo Udalak dei egin zien usurbildarrei indarkeria sexistaren aurka kalera ateratzera. Udal ordezkariak lehen unetik izan dira harremanetan erasotuarekin eta haren senideekin, beharrezko laguntza guztia eskaintzeko, eta atzo pankartari eusten egon nahi izan zuten erasotuaren anai-arrebek. Eurekin batera, Xabier Arregi alkatea, Josune Estella Parekidetasun zinegotzia, Josune Urkola EAJko zinegotzia eta Fermin Orue-Etxeberria PSEko zinegotzia egon ziren. Indarkeria sexistaren aurkako batasuna eta irmotasuna erakusteko: tolerantzia zero. Beste erakundeetako ordezkari publikoek ere parte hartu zuten, hala nola Imanol Lasa Gipuzkoako Diputazioko diputatua eta bozeramalea, Miren Elgarresta Diputazioko Berdintasun zuzendaria eta Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea. Emakundeko zuzendariak ezin izan zuen parte hartu, baina emakumeari babesa adierazi zion.

Argazkia.: Noaua!

Udalaren izenean, Josune Estella Parekidetasun zinegotziak irakurri zuen mezua. Hemen duzue ikusgai atzoko testua, euskaraz eta gaztelaniaz”.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

w

Connecting to %s