Arg.: Uztarria
Ostegun honetan (apirilak 12), Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari ohia eta Iñaki Errazkin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu ohia, 2013an Zubietako errauste planta geldiarazteagatik epaituko ditu Madrilgo Kontu Auzitegiak. Biei babesa eta elkartasuna adierazteko eta erraustegiak alternatibak badituela aldarrikatzeko, pasa den larunbatean manifestazioa egin zen Azpeitian. 18:30ean hasi zen manifestazioa Azpeitiko plazatik, eta leku berean amaitu zen. Eguraldiak lagundu ez zuen arren, herritar askok parte hartu zuen ekimenean.
2013an hartutako erabaki horrek eragindako kalte ekonomikoa Errazkinek eta Intxaurrandietak beren gain hartzea nahi du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) , gaur egun EAJk eta PSE-EEk dute gehiengoa, eta horrenbestez, 40 milioi euro baino gehiagoko zigorra eskatzen dute bi auziperatuentzat.
babes zabala
Duela hilabete hasi ziren Azpeitiko mobilizazioa antolatzen, eta bi auzipetuenganako elkartasun aldarriak Azpeitian babes zabala izan duela azpimarratu dute antolatzaileek. Hain zuzen, herriko hemezortzi taldek babestu dute manifestazioa, baita dozenaka norbanakok ere. Horiez gain, Azpeitiko EH Bilduk deituta, azken 35 urteetako agintaldietan ardura instituzional eta politikoa izan duten Azpeitiko zenbait herritarrek agerraldia egin zuten bi auzipetuei babesa agertzeko.
Egoera larria
Errazkini eta Intxaurrandietari egin nahi dietena larria dela uste dute denek: “Larria da egin nahi dutena, larria da egiten ari direna. Kaleak hartu eta presioa antolatzea beharrezkoa sentitu dugu egoera honen aurrean. Horregatik, kalera irten gara, Iñaki eta Ainhoarekin elkartasuna, alternatibak badaude lelopean. Erraustegiaren atzean itzeleko interes ekonomikoak egon dira hasieratik, eta interes ekonomiko horien atzean enpresari, politikari, banku eta komunikabide boteretsuak daude. Horien guztien interesak kolokan jartzea epaitu nahi du aldundiak.
Ustegu dugu gizarte ereduen arteko talka dagoela hondakinen gatazkaren jatorrian: alde batean daude kapitala metatzea helburu nagusi dutenak, horretarako natura ustiatu eta pertsonen osasunari kalteak eragiteko erreparorik ez duten horiek guztiak. Aurrean gauzkate gu, lurra eta bizitza erdigunean jarri nahi ditugunak, hondakinen kudeaketa zentzuzko bat aldarrikatzen dugunak.
Gipuzkoako hainbat herritan lortu diren birziklapen tasek erakusten dute posible dela hondakinak beste modu batera kudeatzea baina hondakinen kudeaketa eraginkor eta zentzuzko bat lortzeko herritarren eta erakundeen konpromisoa areagotzea beharrezkoa da. Horregatik, errepresioaren forma ezberdinen aurrean elkartasuna antolatuz, eta aldaketarako indarra eginez jarraituko dugu”.
Arg.: Uztarria
HARTUTAKO erabakiaz harro
Ainhoa Intxaurrandietak eta Iñaki Errazkinek ere hitza hartu zuten, Azpeitian elkartu ziren ehunka lagunen txalo zaparrada artean. Jaso duten babesaz jabetuta, hunkituta eta egindakoaz oso harro agertu ziren biak.
Ainhoa Intxaurrandieta
Arg.: Uztarria
“Egindakoaz oso harro gaude, berriro eta mila aldiz egingo genuke berdina, argi genuelako hori ez zela bidea. Errauste planta kaltegarria zen gipuzkoarrontzat eta hori ezin genuen onartu. Zuen babesarekin eta indarrarekin, Madrilen esango dugu herritarrok dugula boterea. Botere hori erabili genuen kaltegarria zen azpiegitura bat gelditzeko. Zuen babesarekin indartsu, burua tente, irrifarrearekin eta borrokan jarraituko dugu”.
Iñaki Errazkin
Arg.: Uztarria
“Guk herri mandatu bat bete genuen. Horretarako jarri gintuzten, horretarako aurkeztu ginen. Ardura instituzionalarekin alternatibak eraiki nahi genituelako, benetako aldaketa politikoa egin nahi genuelako. Hau ez da erraustegiaren inguruan sortutako zerbait. Aurreko legealdian oso urduri jarri ziren guk hartutako zenbait erabakirekin. Orain, eskarmentua eman nahi digute”.
Intxaurrandietaren eta Errazkinen hitzartzea osorik, hemen.
Usurbilgo alkatea azpeitian izan zen
Usurbilgo alkatea, Xabier Arregi Azpeitian izan zen Ainhoa eta Iñakiri babesa emateko.
Arg.: Uztarria
EKITALDI nazionala, hilaren 15ean
EH Bilduk Azpeitian bertan ekitaldi nazionala egingo du apirilaren 15ean (igandea) Ingurumen diputatu ohiaren eta GHK-ko lehendakari ohiaren epaiketa salatzeko. EH Bilduren ustez, erabat bidegabeak dira eskaera horiek, proiektu politiko batekiko eta ideia batzuekiko konpromisoari eusteagatik, beren etorkizun pertsonala jokoan baitaukate Intxaurrandietak eta Errazkinek.