Sara Majarenas euskal presoa aske gelditu zen atzo eguerdian zigorra osorik beteta, hamahiru urte eta bi hilabete. Madrilgo harrera etxetik atera zen, eta arratsaldean heldu zen Euskal Herrira. Donostiako Intxaurrondo auzoan harrera egin zioten.
Oihartzun handiko espetxealdia izan da Sara Majarenasena, berak eta alabak, Izar, jasan duten indarkeria matxista dela eta. Haurraren aita 2 urteko alaba hiltzen saiatu zen. Erasoa gertatu eta hilbete eta erdira, haurrak 3 urte bete zituen, eta, beraz, ezin zuen amarekin espetxean egon. Amarengandik banantzeko arriskua zegoela eta, mobilizazio jendetsuak izan ziren Euskal Herrian, amak eta alabak elkarrekin egoteko aukera izan zezatela eskatzeko.
Auzitegi Nazionaleko Jose Luis Castro epaileak bigarren gradua onartu zion Majarenasi, eta Valentziako Picassent espetxetik (Herrialde Katalanak) Madrilgo harrera pisu batera lekualdatu zuten, alabarekin batera.
Presoak hirugarren gradua eskatu zion Espainiako Justiziari, zigorra Donostian bete eta alabarekin batera bere hirira itzuli ahal izateko; baina epaileek ukatu egin zioten aukera hori.
Hilabete hauetan hainbat mobilizazio antolatu dituzte Euskal Herrian. Donostian antolaturiko batean lau mila lagun elkartu ziren bi aldarrikapen entzunarazteko. Alde batetik, Izar Gipuzkoara itzuli ahal izatera, Itxaurrondoko ikastolan ikasturtea hasi behar baitzuen. Eta bestetik, Majarenasen etxeratzea. Estatu espainiarreko justiziaren arabera, badira hilabeteak baldintzak betetzen zituela baldintzapeko askatasuna lortzeko.