Ostiralean euskal presoen eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan

Apirilaren 27an (ostirala), hileko azken ostiralarekin bat, euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea egingo du Usurbilen Nahi Ditugu Elkarteak. Elkarretaratzea 20:00etan egingo da, Mikel Laboa plazan.  Ondoren, Olatz Lasagabaster presoari bere urtebetetze eguna zoriontzeko argazkia aterako da, Mikel Laboa plazan bertan. Usurbilen Nahi Ditugu Elkarteak bertara gerturatzeko deia egin die herritarrei.

Valentziako Picassent espetxean daude

Xua, Olatz eta Patxi Valentziako Picassent espetxean daude. Olatz Picassentera lekuz aldatu zuten haurdunaldiaren azken zatian. Ordutik espetxe ezberdinetan izan dituzte. Xua alaba jaio zenean, Patxik alaba ezagutzeko baimena eskatu arren, elkar ezagutzeko 21 egun igaro behar izan zuen eta azkenean Picassentera lekuz aldatu zuten. Orduan ez zegoen argi, Valentziako espetxe honetan bertan geratuko ote zen baina azkenean, Patxi, Olatz eta Xua espetxe berean daude.

Xuaren eskertza usurbildarrei

Pasa den urtean, Valentziako Picassent espetxean dagoen Xua Lasagabaster Urangak, Olatz eta Patxi euskal presoen alabak, usurbildarroi eskertza gutuna idatzi zigun. Berriz ere gogora ekarri nahi izan dugu, Xua etxean, bere herrian izatea nahi dugulako, ez dugulako nahi beste haur motxiladun bat izatea.

“Muxuak Picassentetik, kaixo denei! Xua naiz eta eskerrak eman nahi dizkizuet niri ongi etorria emanez eta amonari, amatxori eta aitatxori elkartasuna adieraziz, idatzi eta elkarretaratzeetan bildu zareten guztiei. Udalari ere bai, egindako guztiagatik. Eta bereziki, txoko-marrubizko muxu pila helarazi nahi dizkizuet marrazki polit-polittak bidaliz, amatxorekin partekatzen dudan ziega koloreztatu didazuen laguntxo berriei. Orain politagoa dago, zuen alaitasunak edertua. Leku itsusia da hau eta jende tristea atea zabaldu eta ixten diguna. Baina amatxok dio hemen ez gaudela betiko. Zoragarria den herri batekoak garela, Usurbil izena duela eta gure tokia bertan dagoela, amonarekin eta zuekin. Aitatxo ere antzera mintzo da, ijitoa izanik hasieratik bat gehiago bailitzan hartu zenutela eta zuen aurrean txapela kentzen duela. Handiagoa naizenean hor biziko garela diote, baina aurrena lortu behar dugula amona sendatzea eta aitatxo beste nonbaitera ez eramatea. Zuen babesarekin eta gure grinarekin seguru lortuko dugula. Eskerrik asko denoi eta tori pa guztientzat”.

Xua Usurbildik 600 km-ra

Arg.: Gure Artera Bilgunea

Urtarrilak 26an elkarretaratzea berezia egin zen. Urtarrilaren 19an urtea bete zuen Xuak. Gogoratu Xua eta bere gurasoak Usurbildik 600 kilometrora daudela,  Valentziako Picassent espetxean. Elkartasun eta maitasunez beteriko elkarretaratzea izan zen. Hainbat herritarrek egindako tarta solidarioetan kandelak  jarri zituzten eta herritarrek “Zorionak zuri” abestu zioten Xuari. Ekimenaren amaieran elkartasunezko argazkia atera zen.

Arg.: Gure Artera Bilgunea

Usurbilen Nahi Ditugu: “Ozen zorionduko dugu hemendik, gure berotasuna Picassenteko ziegara helarazteko. Usurbildik 600 km-ra ez balego, gure artean izango zen, hemen, bere amona Mari Karmenekin. Tamalez ez da horrela. Presoak gerturatzeko abian diren zurrumurru eta aurreikuspenen aurrean, ordea, zuhur mantentzen gara. Seguru dakigun gauza bakarra zera da, lanean jarraitu behar dugula salbuespenezko neurri krudelekin lehenbailehen bukatzeko. Gaurko mobilizazioa gainera, Etxerat-ek kanpaina berria aurkeztu duen egun berean egokitu da. Espetxe politikaren ondorioak ezagutzera emateko egitasmo orokorroagoaren baitan, eta ‘Motxiladun umeen’ errealitatea plazaratu ostean, aurrerantzean adin nagusikoen eta gaixorik dauden senideak eta dispertsioa ezagutarazteko lanketari ekingo diogu. Urrunketak pertsona ahulenengan duen eragina jakinaraztea dugu helburu eta datozen hilabeteetan euren errealitatea ezagutarazteko hainbat ekimen egingo ditugu”.

Mari Karmen Anza

Noaua! astekariak (726. zenbakian), Olatz Lasagabaster presoaren ama, Mari Karmen Anza, elkarrizketatu zuen: “Bisitara oso zoriontsu zoaz, baina itzulera gogorra da ze zu etxera zatoz, baina beraiek han utzita. Nik beti bisita egun ba- tean eta bisa hurrengo egunean izaten dut. Agian txorakeria izango da, baina hartara bi egunetan ikusi ahal ditut, eta desberdina da. Orain gainera Xua ateratzeko, Olatzek Xua entregatu behar dit eta nik han, Espetxeen Erakundean ematen didaten paper bat sinatu behar dut. Xua bueltan ematen diot gero Olatzi. Bisa ez badut ere, une horretan Olatz ikusi ahal dut”.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.