“Bortxaketa da! Guk sinisten dugu!” lemapean usurbildarrak kalera atera dira

Arg.: Noaua!

Atzo arratsaldean “Bortxaketa da! Guk sinisten dugu!” lemapean elkarretaratzea egin zen Mikel Laboa plazan. Usurbildar ugari gerturatu zen plazara. 2016ko Iruñeako Sanferminetan bost gizonek taldean bortxatu zuten emakumearen harira egin den epaia salatzeko egin zen elkarretaratzea. Sexu abusu delituagatik bederatzina urteko espetxe zigorra ezarri diete. Bortxaketa deliturik ez diote egotzi bost gizon hauei. Hiru epaileetako bat gainera, zigorrik ez, bost gizonak absolbitzearen alde agertu da. Fiskaltzak eta akusazio partikularrek bost gizonok bortxaketagatik zigortzea eskatu zuten. 20-25 urtetik gorako espetxe zigorrak eskatzen zituzten erasotzaileentzat.

This slideshow requires JavaScript.

Elkarretaratzean irakurri zen ADIERAZPENA

“Gaur eguerdian kaleratu du Nafarroako Auzitegi Nagusiak 2016ko Sanferminetan taldean bortxatu zuten emakumeari buruzko epaia. Bai, bortxaketa diogu, eta ez sexu abusu soila, epaileek adierazi modura. Nazka, amorrua, inpotentzia, sinestu ezina, beldurra… sentitu dugu epaiaren berri izan bezain pronto. Epaile horien iritziz, ez zen bortxaketarik izan, ez zen erasorik izan, ez zen indarkeriarik izan. Sexu abusua izan omen zen, eta horregatik 9 urteko espetxe zigorra baino ez diete ezarri, eta 50.000 euroko kalte-ordaina. Gainera, hiru epailetik batek boto partikularra eman du, 20 urteko neska bortxatu zuten bost gizonak absolbitzeko eskatuz. Are sinesgaitzagoa.

Desberdintasuna, abusu eta eraso edo bortxaketaren artekoa, lengoaia juridiko tranpatiaren arabera, emakumeak jarritako erresistentzian datza: gizonek indarkeria fisikorik erabili ez zutenez euren zakilak neskaren gorputzean sartzeko, hori ez baita, nonbait, indarkeria, ez zen bortxaketa izan.

Noren eskuetan dago justizia? Justiziarik bada, behintzat? Ze legek babesten gaituzte? Erasoaren ardura neskaren gain utzi dute, izan ere, emakumeak jarritako erresistentziaren arabera gertatutakoa baitzen bortxaketa deliturako behar den indarkeria hori. Ikuspegi matxista, inondik inora.  Indarkeria neurtzeko termometro ezberdinak, zalantzarik gabe.

Gaur, justu, beste epaiketa batean, Auzitegi Nazionalean fiskala entzun dugu 50 urteko espetxe zigorra eskatzen, ustez guardia zibil bat jotzeagatik. Ustez diogu, hori bera ere zalantzan jarri baitu epaiketak. Baina, guardia zibil bati 9 urteko espetxe zigorra ezartzen diote emakume bat bortxatzeagatik. Babesgabetasun juridikoa ere… gero emakumeei salatu behar dela esan, bueltan halakoak jasotzeko: doble erasotzen dira emakumeak.

Edonola ere, nik sinesten zaitut. Guk sinesten zaitugu. Gure lekukotzek sinesgarritasun osoa dute. Badirudi ez duela garrantziarik nik edo zuk ez sinesteak. Baina, bai: gure babeslekua da, indarra ematen digu sinestuak izateak. Gure pilula da, oinaze sakon honi aurre egiteko. Sinesten dugula zabaldu behar dugu hitzez eta ekintzez, sistematikoki gure hitzak eta geure ekintzak susmopean daudelako oraindik, ez esan eta egiten dugunagatik, garenarengatik baizik: emakumeak garelako.

Hain zaila da ulertzea ezetz ezetz dela? Emakumeok libre eta aske bizitzeko eskubidea dugu.  Usurbilgo Ezker Abertzaletik, beste behin ere, ozen esan nahi dugu. Guk sinesten zaitugu! Guk sinesten zaituztegu!”

sinadura bilketa change.org-en

Epaia eman duen epaimahaia osatzen duten kideak ezgaitzeko sinadurak biltzen hasi dira change.org atarian. Une honetan 833.894 lagunek sinatu dute, Espainiako Auzitegi Gorenari zuzenduriko eskaera hau: “Indarkeria matxista arazo hain larria dugun herri honetan, ezin dugu onartu epaile eta magistratuentzat aski ez izatea sexu erasoa izateko 5 gizonek mozkortua dagoen gazte babesgabe bat erasotu, gero abandonatu eta lagundua izateko sakeleko telefonoa lapurtu izana”.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.