Usurbil eta Lasarte-Oriako EH Bildu: “Ez ditugu gure komertzioak pertsiana botata ikusi nahi”

Arg.: Noaua!

Atzo arratsaldean Usurbilgo eta Lasarte-Oriako EHBilduk agerraldi bateratua egin zuten Lasarte-Oriako Villa Mirentxun, Bidasoa aldetik hasi eta inguruotaraino aurreikusiak dauden merkataritza gune handien inguruan hitz egiteko. Gasteizko Eusko Legebiltzarrak saltoki handien neurrigabeko zabalkuntzari mugak hartzeko hartutako erabakia txalotu dute. Merkataritza txikia bereziki zaindu beharreko sektorea dela azpimarratu dute eta horiek sustatzeko neurriak behar direla. Usurbilen eta Lasarte-Orian, ahalegin horretan hasiak daude, eskuz esku merkatari-taldeekin lanean. Era berean egun hauetan herriko etxeetan eskuorri bat banatzen ari direla adierazi dute, egoera honen guztiaren berri emateko eta herritarrak gertatzen ari denaz ohartarazteko.

a

Usurbil eta Lasarte-Oriako EH Bildu

“Ezer baino lehen, gaur hemen bildu garen Lasarte-Oria eta Usurbilgo EHBilduko ordezkariok txalotu egin nahi dugu pasa den ostegunean Eusko Legebiltzarrak hartutako erabakia, hau da, saltoki handien neurrigabeko zabalkuntzari mugak jartzea.

Hain zuzen, Ehbilduk landutako legez besteko proposamenari Podemos-Ahal Dugu eta PP batu zitzaizkion, eta, ondorioz, legebiltzarraren gehiengoaren babesa jaso zuen ekimenak. Hala, Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio hiru hilabeteko epean saltoki handien gaineko plangintza bat eta egutegi bat aurkezteko, eta, plana onartu bitartean, moratoria bat ezartzeko egun martxan dauden handitze-eskaerei edota proiektu berriei. Lehen puntuak alderdi guztien aldeko bozka jaso bazuen ere, moratoria eskaeraren aurka egin zuten EAJk eta PSEk.

EHBildu egoerarekin kezkatuta dago. Ez gara bakarrak. Izan ere, jakin badakigu merkatari txikiak ere antzera daudela. Baita, noski, gure herrietako merkatariak ere. Ez da gutxiagorako!

Gaur egun, merkataritzagune handiek 206. 000 metro koadro hartzen dituzte Irundik Usurbilera arteko lur-eremuan. Hori gutxi ez, eta berehalako neurriak hartu ezean (esaterako, ostegunean Legebiltzarrak hartutakoa), kopuru hori bikoiztu daiteke epe laburrean, izan ere, gune berriak sortzeko edota daudenak handitzeko eskaerak nonahi sortu dira. Donostia inguruan, ekialdetik mendebaldera, ez dira gutxi proposatu diren egitasmoak: Zaldunborda, Illunbe, Garbera, Belartza, Urbil, Michelingo proiektua, Teresategi eta beste hainbat. Gutxi gorabeherako estimazioa eginda, esan daiteke horiek gauzatuz gero, beste 204.000 m² gehiago okupatuko liratekeela merkataritza-gune handietarako. Donostialdea, de facto, korridore komertzial handi bat bihurtuko litzateke.

Paradoxikoki, handitzeko joera hori ez dator bat mundu zabalean, eta guregandik gertu ere, nabarmentzen den ereduaren krisiarekin. Gaur egun, merkataritzaguneak ixten ari dira. Joera orokorra da, bestelako eredu batzuek (bereziki online merkataritzak) hartu duten indarrarengatik.-Egoera honetan, proiektu berri ugarien presazko tramitazioek desestabilizazioa ekar dezakete. Egun dagoen linbo juridiko honekin amaitu eta ezinbestekoa da lasterketa zoro hau geldiaraztea, legeak irekitako ate hori ixtea, eta etorkizunari begira gogoeta egitea. Inoiz baino beharrezkoagoa da sektorea erregulatzea, udalez gaindiko planifikazioa egitea, eta neurriz kanpoko handitze-eskaera horiei muga jartzea. Inoiz baino beharrezkoagoa da merkataritza-, kontsumo- eta bizi-ohiturak zaintzea, eta gure herrietako izaera, erro sakonak dituena, babestea. Ardura horri ihes ez egiteko eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari eta heldu diezaiola gaiari adarretatik.

Gure lurraldearen antolamenduan berebiziko garrantzia dute merkataritza-ekipamenduek. Sektore estrategikoa da, ekonomiari bete-betean eragiten diona, eta gure kontsumo- eta bizi-ohiturak errotik baldintzatzen dituena. Saltoki handi eta merkataritza txikiaren arteko oreka bermatzea ezinbestekoa da, hortaz.

Azken urteotan izan den saltoki handien eztandak dendari txikiak ito ditu. Horren lekuko ondorengo datu hau: azken hamar urteotan denda txikien % 15 inguru desagertu dira Bidasoaldean, Oarsoaldean, Donostialdean eta Buruntzaldean. Lehen aipaturiko proiektu horiek guztiak gauzatuko balira, ondorioak are kaltegarriagoak izango lirateke komertzio txikientzat, eta, ondorioz, baita gure herrientzat ere. Beraz, ez da egia halako proiektuek lanpostuak sortuko dituztenik. Lanpostuak sortu baino suntsitu egiten ditu. Gainera, sortzen duten enpleguaren kalitatea eta iraunkortasuna ere ezbaian dago.

Herri biziak nahi ditugu. Denda txikiak herri bizien berme dira, eta ez dugu nahi herriko plazak saltoki handietara lekualdatzerik. Ez ditugu gure herriko kaleak hutsik nahi. Ez ditugu gure komertzioak pertsiana botata ikusi nahi. Ez dugu dudarik, beraz, merkataritza txikia bereziki zaindu beharreko sektorea dela eta horiek sustatzeko neurriak behar direla. Gu, geure herrietan, ahalegin horretan gabiltza. Eskuz esku merkatari-taldeekin lanean.

Amaitzeko jakinarazi nahi dizuegu egun hauetan herriko etxeetan eskuorri bat banatzen ari garela, egoera honen guztiaren berri emateko eta herritarrak gertatzen ari denaz ohartarazteko”.

This slideshow requires JavaScript.

Informazio gehiago

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.