“Manada bortxatzaileak aske?!” lemapean gaur urgentziazko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan

Gaur, ekainak 22, Usurbilgo Sortuk urgentziazko elkarretaratzea deitu du “Manada bortxatxaileak aske?!!” lemapean.  Nafarroako Auzitegiak 2016ko Iruñeako San Ferminetako talde bortxaketaren egileak aske uztea agindu ostean. Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan egingo da, 19:30ean.

6.000 euroko fidantzapean

Behin betiko epaia heldu arte, Sevillakoak diren “La Manada”ko bost gizonak baldintzapean aske utziko dituzte 6.000 euroko fidantzapean. Defentsaren abokatuak asteleheneko epaiketan eskaturikoa aintzakotzat hartu du epaimahaiak nahiz eta fiskaltzak eta herri akusazioak behin behineko espetxealdia luzatzea eskatu zuten bost gizon hauentzat. Auzitegiak argudiatu du neurri arinagoekin bermatu daitekeela biktimaren “lasaitasuna”. Boto partikularra jaso du zigortuak aske uzteko autoak. Defentsa abokatuak jakinarazi du eskuetan duela ordaindu beharreko bermea eta ordu gutxi barru irtengo direla zigortuak. Nafarroako fiskaltzak erabakia errekurrituko du.

Erabaki honen aurrean atzo, Euskal Herriko eta Espainiako hiriburuetan elkarretaratzeak egin ziren. Gaur, ostirala, Euskal Herrian herrietan egingo dira. Usurbilen Usurbilgo Sostuk deitu du elkarretaratzea eta Ernaik ere bat egin du deialdiarekin.

Epaiahiaren Autoa

Autoak nabarmendu du zigortutako bost gizonak biktima bizi den tokitik 500 kilometrora baino gehiagora bizi direla. Ebazpenak jasotzen duenez, kondenatuek ez dute ihes egiteko arriskurik, ez dutelako horretarako kaudimenik eta haien kontrako zigorra “nabarmen” murriztu delako. Autoak gogorarazi du auzipetuak behin-behinean espetxeratzeko argudio nagusietako bat izan zela akusazioak zigor gogorrak eskatu izana. Auzitegiak uste du arrazoi hori desagertu egin dela, ezarri zaizkien zigorrak apaldu direnean. Zigortutako bost gizonei pasaporteak erretiratu dizkie, eta epaitegi baten aurrean aurkeztu beharko dute, astean hiru aldiz.

Horrez gain, kondenatuek ez dute delitua berriz egiteko arriskurik, auzitegiaren esanetan. Kondenatuek haien anonimotasuna galdu izanak horretarako arriskua ezerezean uzten duela ziurtatu du. Aurrekaririk ez dutela ere nabarmendu du autoak. Auzipetuen kaleratzeak sor dezakeen alarma sozialari buruz, autoak dio ez dela “baleko irizpidea” behin-behineko espetxealdia eten behar den ala ez erabakitzeko orduan.

autoaren kontrako boto partikularra

Jose Francisco Cobo epaileak eman du autoaren kontrako boto partikularra. Hark defendatu du beharrezkoa dela zigortutako bost gizonezkoak espetxean mantentzea, “salatzailearen segurtasuna, egonkortasuna eta lasaitasuna babesteko”, baita haren inguruarena ere. Epaileak adierazi du biktimak eta haren inguruak mehatxuak jaso dituztela berriki.

Nafarroako fiskaltza ere autoaren kontra

Autoaren argudioen kontra agertu da Nafarroako fiskaltza ere, eta ebazpenari helegitea aurkeztuko diola aurreratu du. Nafarroako Auzitegian jarriko du helegitea, eta ez du etete eraginik izango. Hau da, auzitegiak helegitea aztertu bitartean, zigortuek aske segiko dute.

Erreakzioak

  • Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko bozeramailea eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako sailburua:  “Nafarroako Gobernua harrituta eta haserre dago. Ebazpenak ez dio erantzuten herritarren ikuspegiari, ezta gobernuaren politika publikoenei ere. Autoak areagotu egin du Justiziaren eta gizartearen arteko distantzia”.
  • Maria Jose Beaumont, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Funtzio Publikoa, Barne eta Justiziako sailburua: “Ebazpena onartezina da. Nafarroako Gobernuak behin-behineko espetxealdia zigorraren erdira arte luzatzeko eskatuko du. Aurrekari asko daude. Nafarroako Gobernua auzian pertsonatuta dago eta erabakiaren berri hedabideetatik jaso izana gaitzesten dugu. Are larriago da aldeetako bat erasoaren biktima izanik”.
  • Joseba Asiron, Iruñeko alkatea: “Ebazpenak alarma soziala apaldu ordez indartu egin du. Erabakiak ez du zentzurik ez auziak izan duen garapenari erreparatuta, ezta beste auzi batzuetako erabakiekin alderatuta ere. Ebazpenak urrundu egin du Justizia gizartearengandik”.
  • Maddalen Iriarte, legebiltzarkidea: “EH Bildutik zigor kodean aldaketa sakonak egiteko beharra azpimarratzen dugu, emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko. Halako erabakiek emakumeak baztertzen dituzte, eta bortxatzea doakoa dela ikusten da”.
  • Imanol Lasa, Gipuzkoako Aldundiko bozeramailea: “Haserre gaude. Auzitegiaren erabakiak frogatzen du oraindik asko dagoela egiteko. Zigor kodea moldatzea eta genero ikuspegia txertatzea eskatzen dugu”.
  • Lander Martinez Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko idazkari nagusia: “Justizia itsu” dago emakumeen eskubideen eta beharren aurrean”.
  • Iñigo Urkullu, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria: “Nafarroako Auzitegiaren autoa gaitzesten dut. Auziak zigor kodea moldatzeko beharra azaleratzen du. Sanferminetako taldeko erasoaren gisakoak bortxaketa gisa sailkatu behar dira, eta ez, auzitegiak egin bezala, abusu gisa. Hori da gakoa halako erabakiak saihesteko”.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

w

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.