Uztailaren 28an Larresoron egingo den giza mosaikoan parte hartzeko deia

Uztailaren 28an (larunbata) Senpere eta Ezpeleta artean jokatuko da Frantziako Tourraren erlojupeko erabakigarria. Egun horretarako Larrosoron (Zudaire bidean) ekimen berezi bat antolatzen ari dira ibilbide horren baitan hain zuzen ere. 170 estatu ezberdinetan 78 telebista katek zabalduko duten unea izango denez antolatzaileek Euskal Herriarentzako erakusleiho paregabea dela adierazi dute. Bi deialdia egin dituzte, bietan aurrez izena ematea eskatu dute:

  1. Egunean  bertan antolakuntzan laguntzeko. Txandak: muntaketa, segurtasun trafikoa, taberna, garbiketa, materialen salmenta, ttanttotegiak eta desmuntaketa.
  2. Giza mosaikoan parte hartzeko. 12:00etan giza GPS puntu erraldoi bat osatuko da.

Nola sortu zen ekimena?

“2018ko otsailaren 8an, Tourraren etapa oso bat geurean iraganen zela jakin ondotik, ibilbidearen inguruetako hainbat herritar bildu ginen. Argi genuen Uztailaren 14ko Dreux eta Amiens arteko etapa eta Lapurdikoa ezin zitezkeela berdinak izan. Gure ustez ezin zaio iskin egin Tourraren mezu politikoari. Kirol froga bat besterik ez dela erantzungo dutenei, aldez aurretik ihardesten diegu kirolaz ere politika egiten dela eta horrela ari direla Tourrarekin, kirol froga hori Euskal Herritik pasatzeko deliberoa egin dutenean. Garaiak aldatu badira ere, inoiz ez du galdu ‘la grande boucle’-k betidaniko espiritu hura: frantses nazionalismoaren festa bat izatea. Gu ere, hortaz, kiroltasunez politika egin beharrean gara.

Bilkura hartatik gogoeta hori zabaltzea deliberatu zen eta horretarako hainbat komunikabidetan iritzi artikulu bat argitaratu zen Garikoitz Mujika, Elorri Arin, Oier Hiriart, Armand Jaunarena, Ximun Duhour, Sandra Pochulu, Oier Oa, Paxkal Elgart eta Roberto Murgiondoren izenean. Artikulu harekin batera lehen bilkura publikorako deia ere luzatu zen: 2018ko martxoaren 21ean Kanboko Gaztetxean. Orduz geroztik, bilkura irekitik bilkura irekira, ekimen hau mamitzen lanean ari gara”.

Zortzi aldarrikapen

Frantziaren inposaketaren aurrean bizi nahi duen herri bat badela erakutsi nahi dute antolatzaileek. Hartara, zortzi aldarri egin dituzte. Haien esanetan, Euskal Herria da:

  • Aske izan nahi duen herria
  • Bakea behar duen herria
  • Burujabetza behar duen herria
  • Euskararen ofizialtasuna behar duen herria
  • Unibertsitatea behar duen herria
  • Presorik behar ez duen herria
  • Errefuxiatuei ongi etorri dagien herria
  • Euskaraz bizi nahi duen herria

Egitaraua

Larresoron, Zuraiderako bidean, egingo den ekimeneko gunearen egituraketa aurkeztu dute, baita bi egunetarako prestatu duten programazioa ere. Nahi dutenek bi egun egin ditzakete bertan. Uztailaren 27an bertaratu eta gaua hantxe pasatzeko aukera egongo da. Horretarako, aldarrikapen gunearen ondoan, 40.000 m2-ko hedadura duen erdi eraikitako Pelenborda ofiziale eremua eskura izango da.

Bestetik, Larresoroko Herriko Etxeko arduradunek, Tourraren antolatzaileekin batera, baieztatu dute ibilbidearen zati horretan, Uztaritzetik Zuraidera Larresoroko lurretan zehar doan D88 errepidean, bide bazterretan aparkatzeko aukera izegongo dela. Horrek mota guztietako ehunka ibilgailurentzako tokia sortzen du ingurunean. Ostiral arratsaldeko 17:00etan irekiko dute jaigunea.

Hitzordu nagusia larunbat eguerdian izango da. Orduan osatuko dute giza mosaikoa. Neurri horretako ekimen batek eskatzen duen prestaketa lana kontuan izanik, parte hartu nahi duen guztiek goizeko 11:00etarako jaigunera gerturatzeko eskatu diete antolatzaileek. Larunbatean bertan datozenek, oinez edo bizikletan, erraz iritsiko dira gunera Larresoro edo Uztaritze herri guneetatik 2 km pasatxo eginik.

Uztailak 27, ostirala

  • 17:00 Gunearen irekiera
  • 20:00 Txarangak
  • 22:00 Foisis jaunak (Itoizen taldearen omenez) kontzertua
  • 23:30 New House taldearen kontzertua
  • 01:00 Gunearen itxiera

Uztailak 28, larunbata

  • 9:00 Gunearen irekiera
  • 9:30 Donibane Lohizuneko 10 dantzariren ikuskizuna eta gero mutxikoak
  • 11:00 Giza mosaikoaren prestaketa (Lekua: Pelenborda ofiziale eremua. Herria: Larresoro. Prestaketa lanak 11:00etan hasiko dira, puntualitatea eskatzen da)
  • 12:00 Argazki ederra: erakuts diezaiogun munduari Euskal Herrian direla!
  • 13:00 Kelvin Grove talde eskoziarrarekin herrialde horretako dantza herrikoiekin denok dantzan
  • 14:30 Txaranga
  • 15:30etatik aurrera denak, denak bide bazterrak hartzera!
  • 18:00 Aguxtin Alkhaten kontzertua
  • 21:00 Gunearen itxiera

1. Eguneko antolakuntza

Antolakuntzan, zabalpenean, ekonomikoki edo atxikimendua adieraziz parte har daiteke ekimen honetan. Antolakuntzan parte hartzeko bi era daude: kolektiboa ala indibiduala: “Zuk hauta egokien zaizuna zure gaitasun eta aukeren arabera!”. Informazio guztia: tourra.eus/parte_hartu/antolakuntza

ERAGILEAK

Eragile, elkarte, talde baten kide bazara eta pertsona multzo bat baldin bazarete, laguntzeko (formularioa bete “eragilea” hautatuz):

  • Lema zuena egiteko (zuen sarean zabalduko duzue gure ekimena eta zerbait antolatzeko asmoa baduzue, lema hau gehituko duzue).
  • Ibilbidearen zati bat hautatzeko eta bertan “You are in the Basque Country” euskarriarekin bide bazterrean jartzeko.
  • Ekimenari logistikoki laguntzeko (dena delako txandak egiteko, edota ibilbide ondoko etxe edo pentzeren bat lortzeko…)
  • Ekimen bat antolatzeko (gune bat prestatzeko ardura hartu, bide bazterrean zerbait egin…)

NORBANAKOAK

Hainbat lan txanda daude aukeratzeko (formularioa bete “norbanakoa” hautatuz):

  • montaketa/desmontaketa
  • apainketa
  • bitartekoen banaketa
  • trafikoa/segurtasuna
  • jan/edan txandak

ATXIKIMENDUA EMATEKO

Antolakuntzan ezin duenak lagundu baina, xumeki, ekimenari atxikimendua adierazi nahi badio formularioa bete behar da eta atxikitutakoen zerrendan agertuko da (formularioa bete “atxikimendu publikoa” hautatuz).

EKONOMIKOKI LAGUNTZEKO

Ekonomikoki laguntzeko antolatzaileekin harremanetan jarri behar da: Hemendik

2. Giza mosaikoa

Uztailaren 28an eguerdiko 12:00etan giza GPS puntu erraldoi bat osatuko da: “Erakuts diezaiogun munduari euskal herritarrak garela, badela hemen bere etorkizuna erabaki nahi duen herri bat, Atturritik Ebrora. GPS puntuak badu tipulatik. Hura bezala geruzaz geruza osatzen da, geruza bakoitza pixelez pixel. Zenbaterainokoa izanen da? Gure esku dago! Gorpuztu dezagun GPS puntu hori pertsonaz pertsona, geruzaz geruza. Zurekin bat gehiago gara“.

Norbanakoak zein taldeak, guztiek izena eman behar dute, antolakuntza lanak errazteko: tourra.eus/parte_hartu/mosaikoa

Informazio gehiago

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.