Loiolako Espainiako militarren kuartela Zubietako Eskuzaitzetara eraman nahi du Donostiako Udalak

Eskuzaitzeta, Zubieta. (Artxiboko irudia)

Gipuzkoako Foru Aldundian agintean daudenei esker, erraustegia ez da Zubietan egin nahi den makroproieku bakarra. Abuztuan jakin dugu Zubietako erraustegia eraikitzen ari diren inguruko lurretan aurreikusia zegoen makrokartzelarik ez dela eraikiko. Donostian dagoen Martuteneko espetxea itxi nahi dute baina dirudienez Zubietan ez da berria eraikiko. Horren ordez, Martutenen diren hirugarren graduko presoentzako gizarteratze zentro bat eraikitzeko asmoa dago, egun erraustegia eraikitzen ari diren eremutik ehunka metro gutxira.

Usurbil, 2018ko abuztua. Ezkerrean Zubietan eraikitzen ari diren erraustegia. (Arg.: Xingola)

eta orain Militarren kuartela

Atzo bertan Eneko Goiaren (Donostiako alkatea) bidez jakin genuen gaur egun Loiolan (Donostian) kokatua dagoen Espainiako militarren kuartela Zubietako Eskuzaitzetara lekuz aldatzea proposatuko diola Donostiako Udalak Espainiako Gobernuari. Proposamen hau gaur bertan (irailak 4) egingo da, Eneko Goiak eta Espainiako Defentsa ministro Margarita Roblesek egingo duten bileran. Eneko Goiaren esanetan, Donostiako Udalaren helburua, gaur egun militarren kuartelak okupatzen duen lur eremua berreskuratzea litzateke.

Donostiako alkatearen esanetan, Defentsa Ministerioa Loiolako kuartela handik ateratzeko prest agertu da, baldin eta nora eraman proposatuko badiete, udalak dagoeneko egin duena, Zubietara noski.

Zergatik Eskuzaitzeta?

Arg.: Noaua!

Kuartelaren lekualdatzeko proposamenarekin, hark gaur egun okupatzen duen lurzorua berreskuratu nahi du Donostiako Udalak: “Hiriaren garapenerako eta integraziorako, Loiolako egungo kokapena oso desegokia da eta hura berreskuratzea helburu garrantzitsua da hiriarentzat”. Eta hark kartzelak adina lur hartuko ez duenez, Donostiako Udalak uste du kuartel berriarentzat izan daitekeela proiektuak hartzen zuen gainerako lurzorua. Espainiako Gobernuak lekualdaketa Zubietara egitea onartuko balu, kuartel militar berria eremu horretan eraikiko den hirugarren azpiegitura litzateke, erraustegiaren eta presoak gizarteratzeko zentroaren ondotik.

Donostiako Udalak aurretik ere egin izan ditu ahaleginak militarren kuartela Loiolatik ateratzeko. Odon Elorza alkate ohiak etxebizitzak eraiki nahi izan zituen azpiegiturak hartzen duen eremuan, eta behin baino gehiagotan saiatu zen haren lekualdatzea negoziatzen Espainiako Barne Ministerioarekin. 2012an, jada alkate ez zela, kuartelaz galdetu zuen berriz Kongresuan, baina hura bertan mantentzeko jarrerari eutsi zion Espainiako Gobernuak.

EH Bildu kritiko

EH Bildu kritiko agertu da Donostiako Udalak atzo egin zuen proposamenarekin: “Ez du zentzurik Europako herrialde militarizatuenean kuartel berri bat sortzeko proposamenak, ez Zubietan, ez Loiolan, ez inon. Eztabaidaren muinari heltzeko deia egiten diogu Espainiako Gobernuari. Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren desmilitarizaziorako pausoak zehaztea da jarraitu beharreko bidea. Lekualdatzearen aurkako jarrera erakundeetara nola kaleetara eramango dugu”.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.