Etxeratek EHUn ikasteko euskal presoen eskubidea gauzatzea eskatu du ikasturte hasierako ekitaldian

Arg.: Etxerat Elkartea

Etxerat Elkarteak EHUn ikasteko euskal presoen eskubidea gauzatzea eskatu du EHUko 2018-19 ikasturteari hasiera emateko ekitaldian. Euskal preso politikoen senitartekoak, EHUko sindikatu, irakasle, AZP zein ikasleen ordezkaritzarekin bildu dira, EHUko eta Eusko Jaurlaritzaren agintariei euren eskaera helarazteko. 

Etxerat Elkartea

Arg: Etxerat Elkartea

“Euskal presoek EHUn ikasteko eskubidea dute. Presoak Euskal Herriko seme-alabak dira eta hemengo ikastetxeetan, euskaraz, ikasi nahi dute; eskubide hori berma diezaieten galdegiten diegu EAEko agintari akademiko zein politikoei.

Laurogeiko hamarkadan hasi ziren euskal presoak EAEko unibertsitate publikoan ikasten; baina, 2003an kaleratu zituzten eta, horren ondorioz, Espainiako kartzeletan dauden presoek ezin dute EHUn ikasi. Kartzela politikak euskal preso politikoak zigortzeko xedea du: urruntze, sakabanatze eta bakartze politikak, zigorren luzapena eta oinarrizko eskubideen urraketa. Ikasketak debekatzea testuinguru honetan kokatzen da. Eta presoak zigortzeaz gain, gu geu ere, senitartekook, zigortzen gaituzte.

Autonomia Erkidegoko Erakundeek eraso bidegabe horri erantzuteko ezintasuna agertu dute legediaren zein politikaren arloetatik; horrela, Madrilgo gobernuaren jokabide injustuari men eginez, presoek euskaraz eta Euskal Herriko unibertsitatean ikasteko eskubidea urratzen dute. Oinarrizko eskubideen urraketa bukatzeko garaia da.

Jaurlaritzako gobernukideei hezkuntza eskubidea gauza dezatela eskatzen diegu. 2004an onartu zen Unibertsitateko Legeak euskal herritar ororen ikasteko eskubidea jasotzen du, baita eskubidea gauzatzeko legeak behar duen garapena ere. Urteotan, Jaurlaritzako agintari politikoek ez dute legeak agintzen duena bete. Orain arte, EHUk bere funtzio nagusiaren debekua onartu du, hots, Espainiako kartzeletan Euskal Herriko ikasle presoei irakasteko debekua; 2009an Espainiako Konstituzio Epaitegiak EHUri unibertsitate autonomia onartu zion arren.

Hori dela eta, EHUk bere jokabidea aldatzea ezinbestekoa da: Espainiako kartzeletan dauden presoen ikasteko eskubidearen aurka ari da jokatzen eta EHUn ikasi ahal izateko presoak epaitegietara jotzera behartzen ditu. Izan ere, Gasteizko Gobernuak eta EHUk norabide biko jokabidea erabili dute: batetik, Madrilera begira egon dira, hitzarmena noiz lortu; baina, bestetik, eurei dagozkien ardurak eta zereginak ez dituzte bete.

Ordua da kartzela politika injustua gainditzeko eta hezkuntza eskubidearen urraketari amaiera emateko. Xede hori lortzeko beharrezkoak diren neurri politikoak eta akademikoak har ditzatela eskatzen diegu EHUri, Hezkuntza Sailari eta Eusko Jaurlaritzari. Azken urteotan bezala, hezkuntza eskubidearen bi arlo nagusiri heltzeko eskaera egiten diegu:

  • Espainiako kartzeletan dauden euskal presoek EHUn ikasteko eskubidea bermatzea, unibertsitate autonomia eta Unibertsitate Sistemaren Legea oinarritzat hartuta.
  • Gaurko bazterkeria eta disfuntzioak gaindituz, Frantziako kartzeletan dauden presoei EHUn ikasteko baldintza egokiak eskaintzea, kalitateko hezkuntza eta doakotasuna bermatuz.

Hezkuntza eskubidea bermatzeko bide honetan, Eusko Jaurlaritzaren etaEHUren konpromiso sendoa ezinbestekotzat jotzen dugu. Xede bikoitz horretan, eskerrak eman nahi dizkiegu bide luze honetan egunean-egunean gurekin lanean ibili diren euskal sindikatuen ordezkariei eta EHUko irakasle, AZP eta ikasleei; eurei esker, euren lan isilari esker, gauzatzen baita, gauzatzen den heinean, presoen ikasteko aukera”.

Informazio gehiago: etxerat.eus

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.