Iraultza Txikien Akanpadako bazkariaren ondoren, 16:00etan, ekitaldi berezia egin zen Zubietako frontoian. Errausketaren aurka lanean dabiltzan herri mugimenduek antolatuta, omenaldi beroa jaso zuten, bere garaian erraustegia geratu eta alternatibak martxan jarri zituzten udal nahiz Foru Aldundiko ordezkari ohiek. Usurbil, Hernani, Oiartzun edo Antzuola bezalako udalerriek hondakinak erraustearen aurrean, alternatibak martxan jartzeko eginiko lana zoriondu eta eskertu zieten.
Arg.: @ErrausAurkaMugi, @garazi_miantzi, @JulenBegi, @noaua, @petxarroman, @topatu_eus eta @txinxarrieus
Txalo artean oholtzara igo ziren, Xabier Mikel Errekondo eta Marian Beitalarrangoitia, Usurbil eta Hernaniko alkate ohiak, eta Enrike Lekuona eta Joxe Mari Iturbe, Antzuola eta Oiartzungo zinegotzi ohiak ere. Jarraian, San Marko Mankomunitateko agintari ohi Rikardo Ortega eta Imanol Azpirotz, Lasarte-Oria eta Usurbilgo zinegotzi ohiak hurrenez hurren. Era berean, 2011-15 legealdian hondakinen kudeaketaren ardura hartu eta Gipuzkoako gizarteak eskatutakoa bururaino eraman eta Zubietako erraustegia geratu izangatik, publikoki eskertu zitzaien legealdi hartan lanean aritu ziren Foru Aldundiko ingurumen diputatu ohi Iñaki Errazkini eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari ohi Ainhoa Intxaurrandietari.
a
Erraustegia geratzeagatik Ainhoa eta Iñaki udaberrian epaitu zituzten eta orain epaiaren zain daude. Errausketaren aurka lanean dabiltzan herri mugimenduen izenean Malores Etxeberriak hauxe adierazi zuen: “Garai gogorrak bizi ditugu. Ez ditugu ahaztuko gaur omentzen ditugun pertsonak eta beste askok kargu publikoetatik egindako lanak. Gizon eta emakume hauek erakutsi dute politikari guztiak ez direla berdinak, posible dela herritarrei gizartea aldatu eta hobetzeko emandako hitza betetzea, konpromisoak betetzea nahiz eta presio oso gogorrak jasan. Milesker zuei! Gipuzkoako jendartearen onena eta esker ona merezi duzue, milesker!”.
Ainhoa Intxaurrandieta
Jasotako babes eta begiruneagatik eskertua agertu zen GHK-ren lehendakari ohi Ainhoa Intxaurrandieta: “Gogorra izaten ari da, baina zuen babesarekin tinko eta aurrera egingo dugu zalantzarik gabe. Soldatak enbargatuko dizkiguzue, behar bada etxea ere kenduko diguzue, etorkizuna lapurtu nahi diguzue. Baina egindakoarekin harro, harro gaude. Egoera latza da, une gogorrak bizi ditugu baina badakigu zeintzuk ditugun aurrean. Badakigu, antolatuz gero, tinko eta ozen ezetz esaten eta oraindik gure esku dago mehatxu hau geratzea. Beti esaten dugun moduan, ez Zubietan, ez inon. Hainbatetan frogatu bezala, herritarrok nahi badugu egin dezakegu, eta ardura ere badugu, ezin diegu egiten utzi. Borroka egin dezagun gugatik eta gure ondorengoengatik. 2013an erraustegia geratzea lortu bagenuen, berriro ere geldituko dugu, gure amonen etxeak iraunen du zutik, gora Zubieta!”.
Ainhoak Zubietarekin lotura estua
Ekitaldian Ainhoak bere amona sortzez zubietarra zela adierazi zuen: “Lezo kutsaturiko gune bat izanik, amonak nere aita txikia zela Zubietara ekartzen zuen uda igarotzera. Zubieta aire garbia arnasteko arnasgune bat zelako. Nire amonaren etxea gune natural bat da. Aire garbia arnasteko arnasgunea. Natura, errespetua, ingurumena. Amonaren etxea amalurra da, gu guztion amonen etxea”.
Mila esker @ainhoa_GHK. pic.twitter.com/zI6xkQa9nZ
— Bego Zuza Zabalegi (@bzuza) 23 de septiembre de 2018
Erraustegia gelditu zuten pertsonei omenaldia egin diete Zubietan, erraustegirako martxa abiatu aurretik #iraultzatxikienakanpada #ZubietaMartxa @irutxulo @lurraldeaskea @GipuzkoaZutik pic.twitter.com/Jjst1AmbXD
— Iñaki Agirre (@ikiagirre) 23 de septiembre de 2018