Xabier Arregi: “Herrialde bat desmilitarizatu nahi badugu, nola plantea daiteke kuartel militar bat lekualdatzea?”

Urriak25-1Arg.: Noaua!

Donostiako Udalak Loiolako kuartel militarra Zubietara lekualdatu nahi duela-eta, Usurbilgo EHBilduk adierazpen bat kaleratu du eta mozio gisa aurkeztuko zuen atzo (irailak 25) Usurbilgo Udalean egin zen osoko ohiko bilkuran. Usurbilgo Udalak bere webgunean jakinarazi du gaiaren gainean desadostasunak nabarmen egon zirela, EHBildu eta gainerako alderdien artean, EAJ eta PSEren artean hain zuzen ere. EHBilduk mozioaren alde bozkatu zuen, eta EAJk eta PSEk abstentziora jo zuten.

Zubietako Herri Batzarra

“Judasek egin bezala, txanpon batzuen truke ari dira Zubieta saltzen”


Aipatzekoa da Zubietako Herri Batzarreko kideak ere osoko bilkurara bertaratu zirela, eta hitza hartu zutela. Nartsiso Arrillagak eta Fernando Iturraldek hartu zuten hitza. Eskerrak eman zizkieten EHBilduri mozioa aurkeztu eta zubietarrak babesteagatik. Gogorarazi dute Usurbil eta Donostiako udalak legez derrigortuta daudela Zubietarako dituzten asmoen berri aurrez jakinarazteko: “Honetan ere, prentsan azaldu dena baino ez dakigu. Gutxienik, gure iritzia entzuteko baino ez dugu eskatzen. Usurbildik babesa badugu; Donostiatik, aldiz, ez. Judasek egin bezala, txanpon batzuen truke ari dira Zubieta saltzen”.

Usurbilgo EHBildu

“Gure etorkizunaren jabe izan nahi dugu, inongo inposiziorik gabe, aire garbia arnastu nahi dugu eta ez dugu militarrik nahi gure inguruan”.


Usurbilgo EHBilduk zubietarren nahia eta hitzari muzin eta entzungor egin, eta erosoak eta inork nahi ez dituen proiektuak (errauste-planta, presoen gizarteratzeko zentroa eta kuartela) Zubietan kokatzeko asmoarekin Gipuzkoako EAJko eta PSEko agintariek temati jarraitzen dutela azpimarratu zuten: “Gogorarazi nahi dugu 2016ko urriaren 22 eta 23an erraustegiari buruz egindako herri-galdeketan zubietarren % 64,7k hartu zuela parte, eta % 99,5ek esan ziotela ezetz erraustegiari. Usurbildik, Zubietatik bezalaxe, kezkaz bizi ditugu Zubietarako dituzten egitasmoak. Larrialdi- egoeran dago Zubieta, eta Usurbil ingurua ere. Izan ere, Zubietan ez ezik, Usurbilen ere izango dute eraginik, proiektu batak zein besteak: gure etorkizunaren jabe izan nahi dugu, inongo inposiziorik gabe, aire garbia arnastu nahi dugu eta ez dugu militarrik nahi gure inguruan. Ez Donostian, ez Zubietan, ez inon!”

Urriak 25 UdalaArg.: Usurbilgo Udala

Hori dela eta, hiru eskaera luzatu dizkio udalbatzari:

  1. Usurbilgo udalbatzak dei egiten die Donostia eta Gipuzkoako ordezkari instituzionalei Zubieta bakean uzteko eta zubietarrei aditzeko. Proiektuok bertan behera utzi eta zubietarren etorkizuna zubietarren esku uzteko eskatzen diegu.
  2. Usurbilgo Udalbatzak Eusko Jaurlaritzari eta lurralde antolaketarako arduradunei esku hartzeko eskatzen die. Eskusaitzetan proposatu diren proiektuen eskalak eta dimentsioak Donostia gainditzen du, eta, horrenbestez, ezinbestekoa da eskualdearen iritzia aintzat hartzea. Eneko Goiak, ordea, Donostiatik Donostiara egindako proposamena egin du, gainerako guztiei erreparatu gabe.
  3. Usurbilgo udalbatzak Donostiako udal-gobernuari, eta, bereziki Eneko Goia alkateari, eskatzen dio Loiolako kuartelak Zubietara lekualdatzeko asmoari uko egiteko. Ez ditugu militarrak gure herrian eta bere inguruan izan nahi. Gainera, ez du zentzurik Europako herrialde militarizatuenean kuartel berri bat sortzeko proposamenak, ez Zubietan, ez Loiolan, ez inon. Horregatik, eztabaidaren muinari heltzeko eskatzen diogu, hau da, nola lortu Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren desmilitarizazioa. EHbildu prest dago zeregin horretan bide-lagun izateko.

Josune Urkola, EAJko zinegotzia

“Normala da Donostiak bere interesen alde egitea, udal guztiek jokatzen baitute horrela”


Mozioa irakurri ondoren, Josune Urkolak, EAJko zinegotziak, hitza hartu zuen. EHBilduk aukeztutako mozioaren alde ez egiteko bi arrazoi eman zituen: Batetik “normala da Donostiak bere interesen alde egitea, udal guztiek jokatzen baitute horrela”. Bestetik, bi gai nahastea leporatu dio EHBilduri, kuartela lekualdatzeko proposamena eta desmilitarizazioa: “Ez da gai berria kuartelaren lekualdatzearena. Ez dakigu PTPan nola dagoen. Desmilitarizazioaren gaian bide-lagun izan gaitezke EHBildu eta gu”.

Fermin Orue-Echevarria, PSEko zinegotzia

“Kuartelarentzat irtenbide bat bilatu behar da bai ala bai, Espainiako Gobernuak esana baitu Donostia leku estrategikoa dela eurentzat”


Fermin Orue-Echevarria PSEko zinegotziak Donostiako sozialistek beste leku bat proposatu dutela kuartelarentzat jakinarazi zuen: Atondegi, Martutene inguruan: “Donostiak lurzoru hori behar du babes ofizialeko etxebizitzak egiteko, eta, beraz, kuartelarentzat irtenbide bat bilatu behar da bai ala bai, Espainiako Gobernuak esana baitu Donostia leku estrategikoa dela eurentzat. Beraz, gauza bat da errealitatea eta bestea guk nahi duguna”.

Xabier Arregi, Usurbilgo alkatea 

“Herrialde bat desmilitarizatu nahi badugu, nola plantea daiteke kuartel militar bat lekualdatzea?


Xabier Arregi alkateak bertan EAJko zinegotziak esandakoari erantzun tinkoa eman zion: “Ez da zilegi udalok norberaren interesen arabera jokatzea, aldamenekoak aintzat hartu gabe. Guztiok gaude behartuta gure inguruak kontuan hartzera. Elkartasun ariketa bat da, eta norberekeriaz aritzea ez da zilegi. Donostia da horren eredu. Adibide bat jarriko dut: Belartza. Usurbili eragiten dio? Bai. Kontuan hartu da Usurbil? Ez. Donostiak beti egiten du berea, bere interesak lehenetsiz. Horrela jokatzen dutenek ez dute gure errespeturik merezi”.

Bi gaiak nahastearen kontuari ere heldu zion, eta galdera hauxe luzatu zion EAJri: “Herrialde bat desmilitarizatu nahi badugu, nola plantea daiteke kuartel militar bat lekualdatzea? Mingarria da Donostiako alkateari, Eneko Goiari, aditzea gure lurrak eskaintzen dizkiola Espainiako Armadari militarrak etortzeko. Herri-interesen alde egin ezazuea eta alboratu alderdi-interesak”.

Informazio gehiago

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.