Arg.: @tapiajoseba
Joseba Tapia musikariak, bere bakarkako disko guztietako aleak bilduko dituen emanaldi bat prestatzen dabil. Hogei urteko ibilbidea “Vint Anys” kontzertuan laburbilduko du Tapiak abenduaren 9an (igandea), Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 19:00etan. Guztira 25 abestik osatuko dute kontzertua.
Hogei urte igaro dira Joseba Tapiak eta Koldo Izagirrek Apoaren edertasuna diskoa kaleratu zutenetik. Xabier Berasaluze “Leturia” pandero jotzailearekin hainbat urtez aritu ondoren (bikotean zein talde formatuan) soinu jotzaileak bakarka argitaratutako lehen diskoa izan zen hura. Geroztik beste sei lan plazaratu ditu: Quebeceko kantu independentistak ekarri ditu euskarara. Espainiako gerrako abestiak berreskuratu ditu, aurrez aurre jarri ditu karlisten eta liberalen kantuak, Luis Rezola Tximela gudariaren kartzelako bertsoak eman ditu ezagutzera, idazle garaikideak musikatu ditu…
Arg.: @tapiajoseba
25 kantu
Azken diskoetan lagun izan duen gitarra alde batera utzi eta soinu txikiari helduko dio berriz ere. 25 kantu, bakarka zein taldean joko du Joseba Tapiak birako lehenengo kontzertuan. Musika popular berri eta duina proposatzen du, berriro trikitixa gerrian duela. Helburua kantagintza modernoa eta musika herrikoia uztartzea du. Folk progresista bat osatu nahian, etengabeko berrikuntza bilatzen du Joseba Tapiak, kantu berria, kantu berritua, kantatzeko izango den errepertorio berria.
Musikariak
- Joseba Tapia, soinu txikia eta ahotsa.
- Arkaitz Miner, biolina, mandolina.
- Xabier Leturia, panderoa.
- Iñar Sastre, pianoa, ahotsa.
- Nerea Erbiti, perkusioa, ahotsa.
- Iker Uriarte, jazpana.
- Iñigo Telletxea, baxu elektrikoa.
- Jon Celestino, tronpeta.
- Garazi Petrirena, tronboia.
- Julen Leuza, tronboi baxua.
Sarrerak salgai
Viktoria Eugenia antzokian egingo den emanaldirako sarrerak dagoeneko salgai daude hemen.
Nor da Joseba Tapia?
Joseba Tapia (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1964) soinu jotzailea eta trikitilaria da. Lasarte-Oriako Buenos Aires auzoan jaio zen, eta umetan hasi soinu handia ikasten, Bikondoaren akademian. Pentagramaren zurruntasuna ezin eramanik, handia utzi eta txikia hartu zuen. Eleuterio Tapia osaba izan zuen irakasle eta harekin hasi zen plazetan eta erromerietan. Hamazazpi urterekin azaldu zen lehen aldiz plazan bakarrik, 1981ean, Donostiako Igeldon. Euskal Herriko Trikiti Txapelketak irabazi zituen 1986an eta 1988an.
Zaldibobo (1992-94) eta Hiru Truku taldeetan aritu izan da. 1976tik dihardu Leturia pandero-jotzailearekin bikote gisa, Tapia eta Leturia Band taldean lehenik eta Tapia eta Leturia laukotean gero (Jexux Aranburu eta Arkaitz Miner ere lagun dituztela). Ibilbide horretan bederatzi disko kaleratu dituzte. 1998an hasi zuen bere bakarkako bidea, eta geroztik zazpi disko argitaratu ditu.
Joseba gure inguruan ezaguna da, gaur egun Usurbilen bizi baita.
Diskografia
Bakarka
- Apoaren edertasuna (Gaztelupeko Hotsak argitaratua, 1998)
- Québec: hamalau kantu independentziarako (Gaztelupeko Hotsak, 1999)
- Agur Intxorta maite (Gaztelupeko Hotsak, 2001)
- Real Politik (Zakurraren Biolina, 2006)
- Eta tira eta tunba (Zakurraren Biolina, 2010)
- Tximela Kapitainaren izarrak (Zakurraren Biolina, 2013)
- Besamotzak (Gaztelupeko Hotsak, 2017)
Taldeetan
- Tapia eta Leturia taldearen diskografia
- Zaldibobo taldearen diskografia
- Hiru Truku taldearen diskografia