Etxeratek euskal presoei ezartzen zaien salbuespen egoerak indarrean jarraitzen duela salatu du

EtxeratArg.: Etxerat Elkartea

2018ko uztailetik EZEZ Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak gradu aldaketa lortzeko euskal presoek egindako ziento erdi eskaeratik gehienei ezezko ebazpenez erantzun die. Bi kasutan soilik onartu du presoak bigarren gradura igarotzea. Etxerat elkarteak gaia salatu eta erabakiok presoei eragindako kalteez gain senideengan dauzkaten ondorioak nabarmentzearekin batera, Onintza Ostolaza abokatuak gaiak epaitegietan daraman bidearen balantzea egin du.

Agerraldian Onintza Ostolazak laburbildu du zertan den une honetan 1. gradutik 2.era aurreratzea eskatu duten presoen afera. Irailaren 20an Usurbilen burutu zen “Herria Xutan” ekimenaren barruan antolatutako hitzaldian Onintzak parte hartu zuen eta bertan egoera honen berri eman zuen. EZEZ Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak uztailetik gaur arte 50 Autotan erantzun die iritsi zaizkien eskariei. Hauetatik epaileek bakarra igo dute 1. gradutik 2.era; egon den beste gradu aldaketa espetxe administrazioak berak eman du.

Etxerat Elkartea

“Graduen aldaketari buruzko ukapen ebazpenez egindako azterketa” atzo ezagutarazi zuen Foro Sozial iraunkorrak, eta lan hori eskertu egiten dugu, gatazkaren ondorioak konpontzeko Foro Sozialak gauzaturiko ahalegina eta erakutsitako borondadea eskertzen ditugun era berean. Ikerketa honek, zoritxarrez, gure senideei ezartzen zaien salbuespen egoerak espainiar espetxe politikan oinarria duela eta oraindik ere indarrean dagoela baieztatzen du.

Datuak oso adierazgarriak dira. 2018ko uztailetik gaurdaino Espetxe Zaintzako Epaitegiak 47 ezezko ebazpen ebatzi ditu, gradu aldaketa lortzeko euskal presoek egindako eskaerak direla eta. Bi kasutan soilik bigarren gradura igarotzea onartu da eta 2018ko irailaren 27an Espetxe Zaintzako Epaitegian erantzun baten zain 70 eskaera zeuden.

Euskal gizarteak garai berria bizi du, eta gizarteak gatazkaren ondorioen bidezko konponbidea aho batez aldarrikatu duen arren, euskal preso politikoen % 95 inguru oraindik ere lehen graduan(erregimen itxia) sailkaturik daudela eta haietatik 27 bakartze moduluetan modu iraunkorrean dauzkatela gogorarazi nahi dugu.

Espetxean dauden gure senideek espetxe legediaren bidea ibiltzeko prestutasuna adierazi dute, honen bidez espetxetik ateratzea lortzeko, eta senideak eta lagunak garenok hautu honekin bat egiten dugu, guk ere presoak ahalik eta lasterren etxean egon daitezen nahi dugulako eta senideok gure sofrikarioa areagotzen duen espetxe politika atzean utzi nahi dugulako, baina hala ere espetxe bakoitzeko tratamendu batzordeak eta Auzitegi Nazionalaren menpekoa den Espetxe Zaintzako Epaitegiak gure nahia lortzea oztopatzen jarraitzen dute.

Presoei urrats berriak egin ditzaten eskatzen diete eta euskal presoak urratsak ari dira egiten. Euskal gizarteak hori badaki. Gradu aldaketa dela eta, preso bakoitzaren inguruko baldintza zehatzak ete bere espetxe egoera aztertu eta gero erabaki behar da. Gradu aldaketa ukatzeko denontzat emaniko erantzun berdinak eta sistematikoak onartezinak dira. Beraien legeak betetzen ez dituzten erabakien ondorioak noiz arte pairatu behar ditugu?

Euskal gizarteak, bere erakundeek eta eragile politiko eta sozialek preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzeko aldarrikatu dute, adinekoak diren eta gaixorik dauden presoen askatasuna eskatu dute, zigorrak batzeko Europako irizpidea bete behar dela adierazi dute eta lehen graduak ezartzen duen oztopoa gainditu egin behar dela uste dute. Salbuespen espetxe politika honen pairatzaile noiz arte izango gara?”

Onintza Ostolaza abokatuaren hitzartzea

“ZEZ-ak, pasa den uztailetik gaur arte, eman dituen ia 50 Autoen azterketa juridikoa egiten saiatuko naiz. Hauetatik bakarra izan da 1go gradutik 2.gradura progresatzearen aldekoa eta bestea espetxe administrazioak eman du.

Graduaren legezko definizioa


SALBUESPENEZKO klasifikazioa da, izan ere, ohikoena da, pertsona bat espetxean sartzen denean, bigarren graduan edo “erregimen arruntean” klasifikatzea. Horregatik, Estatu espainiarreko presoen %1a soilik aurkitzen da 1go graduan (aldiz, euskal preso politikoen %95a).

Gainera, 1go graduan klasifikatzeko erabakiak objektiboki MOTIBATUA izan behar du. Eta legearen arabera, bi arrazoi daude 1go gradua ezartzeko: 1) presoa oso arriskutsua izatea, beste presoentzat edo espetxeko bizikidetzarako, edo 2) presoa ez egokitzea erregimen arruntera, hau da, espetxe barruko arauak behin eta berriz urratzea. Arrazoi hauek, esan bezala, modu objektiboan frogatuta egon behar dute, adibidez, arau horiek urratzen dituelako presoak hainbat zigor espediente izan beharko lituzke 1go gradua ezartzeko. Beraz, preso bati 1go gradua ezartzea, bi arrazoi hauetako bat izan gabe (arrisku handia edo ez-egokitze larria), Zuzenbidearen eta legearen aurkakoa da.

Azkenik, BEHIN BEHINEKO egoera bat izan behar du edo DENBORAN MUGATUA, aipatutako arrazoi horiek (arriskugarritasuna edo ez egokitzea) desagertu artekoa.Beraz, 1go gradua, legezko definizioz, SALBUESPENEZKO klasifikazioa da, OBJETIBOKI MOTIBATUA izan behar du eta DENBORAN MUGATUA.

Bigarren gradura progresatzea ukatu duten autoen azteketa


Zaintza Epaitegi Zentrala, 1go graduaren legezko definizio honetatik urruntzen da eta klasifikazio hau mantentzen die euskal preso politikoei, ez-egokitze faktoreak eta egokitze faktoreak aztertu ondoren. Ez-egokitzeen artean, denboraz eta lekuz kanpo dauden baieztapenak egiten ditu, legeak aurreikusten ez dituen argumentuak mahai gainean jarriz.

Horrela, atzo Foro Sozialak publiko egin zuen lanean, argumentu hauetako bakoitza zerrendatzen da. Gaurkoan, ondorio hauek azpimarratu nahi ditugu:

  •  Auto hauetan aipatzen diren faktore negatibo gehienak presoak egindako delituari lotuta daude. Hau da, kondenak oso altuak direla, oso larriak… elementu hauek denek EREMU PENALARI eragiten diete, hau da, epaiketari eta azken epaiari. Delituen larritasuna epaiketan neurtzen da eta horren araberako zigorra (normalki oso altua) epaitegiek ezartzen dute. Baina horrek ez du zerikusirik ondoren preso honek duen espetxeko egokitzapenarekin. Klasifikazioan garrantzitsua dena da, pertsona jada PRESO DAGOENEAN, ea espetxeko bizimoduan arriskutsua den edo ea bertako bizitza-arauetara egokitzen den. Beste guztia bere iraganaren parte da eta EZIN DA INOIZ ALDATU. Beraz, ezin du graduaren progresioak presoak egin duen delituari erabat lotuta egon. Bestela, batzuk inoiz ezingo dira 1go gradutik atera eta hori legearen aurkakoa da.
  • Beste argudio multzo bat, denborari buruzkoa da. Gai honetan, ZEZ ez da koherentea, izan ere batzuetan kondenaren erdia beteta izatea faktore positiboa da eta beste batzuetan negatiboa. Kontua da, graduaren progresioak ez duela legez, denborazko baldintzarik.
  • Erantzukizun zibila ordaindu ez izana. Argudio hau ere ez da zuzena. Erantzukizun zibila ordaindu edo ordaintzeko borondatea agertzea, ez da 1go gradutik 2.gradura pasatzeko baldintza bat. Legeak dio, hau eskatuko dela 2.gradutik 3.gradura progresatzeko. Beraz, une honetan ezin da gai hau baldintzatzaile izan.
  • Berrerortze arriskua (edo delitua berriro egiteko arriskua). Argudio hau ia ebazpen guztietan erabiltzen da. 70 urte baino gehiago dituen preso baten kasuan ere bai. Ez dago esan beharrik, argudio hau erabat denboraz eta lekuz kanpo dagoela eta gaur egun, ez duela zentzurik. Benetan pentsatzen dute pertsona hauek ETA-n sartuko direla berriro, jada desagertu den erakunde batean?
  • Aurrekoari lotuta, badago beste argumentu multzo bat, preso dagoen pertsonak ETA-ri lotuta jarraitzen duela adierazten duena. “ETA desagertu da formalki, baina oinarrian badago erakunde honekiko atxikimendu bat…” horrelako zerbait adierazten dute. Hau ere erabat lekuz kanpoko argumentua.
  • Autoridadeekin ez kolaboratzea, eragindako kaltea ez errekonozitzea, ez damutzea, barkamena ez eskatzea… badago horrelako beste multzo bat. Multzo hau garrantzitsua da, eta seguruenik garrantzia hartzen joango da. Baina ñabardura GARRANTZITSU BAT egin behar dugu: Baldintza hauek 7/2003 LO-ak sartu zituen legedi penal eta penitentziarioan. Baina baldintza hauek 2.gradutik 3.gradura eta baldintzapeko askatasunera igarotzeko dira. INOLAZ ERE EZ 1GO GRADUTIK 2.GRADURA PASATZEKO. Beraz, 2.gradutik 3.era pasatzeko eskaerak egitean, orduan bai, 7/2003 LO-az eta honen baldintzez hitz egin beharko dugu, noski, baina ez orain.
  • Espetxeak antolatutako aktibitate programatuetan parte hartzea. Printzipioz, argudio hau positibotzat hartzen da, baina jarraian, beste “aitzakia” batzuk aipatzen dira: aktibitate horiek presoak bere interes propioan egiten dituela, bere beharrizan propioei erantzuteko, ez direla tratamentuaren parte…
  • Presoak egin dituen adierazpen eta bere jarreraren zintzotasuna ezbaian jartzen da. Kasu askotan, legeak eskatu ez arren, presoak hainbat bakarkako adierazpen egiten ari dira, euren borondatez, eragindako kaltea onartuz eta etorkizuneko bide baketsuen aldeko jarrera argia azalduz. Baina adierazpen hauek ere ez direla zintzoak esaten digu epaileak. Presoaren “amarru” direla, graduz progresatzeko.

Argudio hauetan oinarritu da ZEZ, gure bezeroak 1go gradutik 2.gradura pasatzea ukatzeko.

Amaiera


Esan dugu, gaur egun 70 helegite inguru daudela ZEZ-ean, ebazpenaren zain, 1go gradutik 2.gradura pasatzeko eskatuz. Beste hainbat eskaera, aurreko fasean daude, hau da, fase administratiboan, eta bertan, Espetxe Erakundeen Idazkaritza Orokorrak erabaki behar du progresio hau onartu edo ez. Honen aurretik, 3 hilabetean behin, espetxe bakoitzeko Tratamentu Juntek erabakitzen dute presoa 1go graduan mantendu edo ez.

Azpimarratu nahi dugu, guk defenditzen ditugun gehienak, 1go graduan egonda ere, 2. graduko moduluetan aurkitzen direla, 2. graduan dauden presoekin bizikidetzan. Beraz, erregimen itxiko edo isolamenduko moduluetan aurkitzen diren 30 preso politikoak kenduta, beste guztiak (175 inguru), “de facto” 2.graduko moduluetan aurkitzen dira, 1go graduko murrizketekin (patiora ateratzeko mugaketak, aktibitateak egiteko mugatzeak,…). Beraz, gure defendatuak sistematikoki eta iraunkorki 1go graduan mantentzeak, gure ustez, badu helburu ezkutu bat: presoek bide penitentziario legal eta bakarkakoa egitea oztopatzea. Badakitelako, bide hau egiten uzten bazaie, 2.gradua lortu ondoren, irteera-baimenak eskuratu ditzaketela, ondoren 3.gradua eta azkenik, baldintzapeko askatasuna. Beraz, bakarkako bide legala egitea oztopatzen ari dira, hori egiteko exigitzen ari diren instantzia berberak.

Beraz, organo judizial eta administratibo hauei guztiei eskatzen diegu (Zaintza Epaitegi Zentralari, Espetxe Erakundeen Idazkaritza Orokorrari eta espetxe bakoitzeko Tratamentu Juntari), LEGEDIA APLIKATU DEZATEN, GAUR EGUN INDARREAN DAGOEN ESPETXE LEGEDIA, eta horren arabera, euskal preso politiko guztiak 1go gradutik atera eta 2.graduan (erregimen arruntean) ezarri ditzaten, benetan, bakarkako bide legala egiten jarraitu dezaten”.

Informazio gehiago

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.