Asteazkenean (urriak 17), Usurbilgo Udalak antolatuta gaztetxoei zuzendutako (6 urtetik gorakoei) Pello Añorga ipuin kontalariaren emanaldia eskainiko da. Ipuin kontaketa Sutegi udal liburutegian izango da eta 18:00tan hasiera emango zaio.
Nor da Pello Añorga?
Pello Añorga López (Oiartzun, Gipuzkoa, 1956ko martxoaren 3a) irakaslea, ipuin-kontalaria eta idazlea da. Irakasle ikasketak egin zituen Donostian. Oiartzungo Ikastolan jardun zuen 1986 urtera arte. Geroztik, buru-belarri murgildu da ipuin-kontaketan, lan hori haurrentzako liburuen idazle lanarekin uztartuz.
Ipuinak kontatzeko iturriak aipatzerakoan ahozko tradizioko ondarea, ipuin klasikoak, munduko mitologia, norberaren liburuak eta bizipenak, eguneroko albisteak eta gaur egungo albumak nabarmentzen ditu besteak beste. Ipuin kontalari baten estiloa definitzerakoan hainbat elementu hartu behar dira kontuan: bere arnasa hartzeko modua, bere presentzia, begirada, konfiantza, tonua, erritmoa… bere hitzaren bizia, egia, umorea… gardentasuna… hitzarekiko konpromisoa. Ipuin kontaketarako hizkuntzaren garrantziaz, zera dio egileak: “Euskaraz aritzeko arrazoia, nire kasuan, afektiboa da. Euskaraz malguago sentitzen naiz, amuarraina ur bizian bezala”.