Urriaren 21ean Altsasuko Iñigo Aritza Ikastolak ‘Nafarroa Oinez’ jaia ospatuko du

Nafarro oinez 2018

Igande honetan (urriak 21) Nafarroa Oinez jaia ospatuko du Altsasuko Iñigo Aritza Ikastolak “Bizi” lemapean. Iñigo Aritzak 370 ikasle ditu eta Burundako lau herriei ematen die zerbitzua, Altsasu, Urdiain, Olazti eta Ziordia: “Bizi  da gure leloa, lelo laburra eta ausarta, gure ustez indar handia duena, alaia, irekia eta positiboa. Ilusioa, indarra eta gogoa adierazten du bote-prontoan, eta, hain zuzen ere, leloak duen zabaltasuna da bere indar nagusiena. Izan ere, Bizi hitza gutako bakoitzak sentimendu, bizipen edota ideia batekin lotzen du; ez du, zertan, berdina izan. Horregatik, jende asko leloarekin identifikatua sentituko dela uste dugu, eta hori da bilatu nahi izan duguna”.

Laugarren Oineza. Zergatik?

Iñigo Aritza Ikastolaren proiektuak bere horretan jarraitzen badu ere, bere ibilbidearen hasieran sortutako azpiegiturak zaharberritze baten beharrean daude. Horixe da besteak beste, aurtengo helburuetako bat. Lehendabiziko Nafarroa Oineza Altsasuko ikastolak eta Etxarri Aranazkoak antolatu zuten elkarlanean, 1981. urtean. Etxarri Aranatzek eta Altsasuk ikastola bana sortu ostean, 1993. urtean,  Iñigo Aritza ikastolak antolatu zuen bere bigarren Nafarroa Oinez festa. Gaur egun ikastolako ikurra den txoria orduko Nafarroa Oinezerako diseinatu zen. Eta 2005ean Iñigo Aritza ikastolak berriro ere Nafarroako ikastolen festa erraldoia antolatu zuen, Oinknez! leloarekin. Orain, 2018ko urriaren 21ean Nafarroa Oinez festa antolatzeko erronka dute aurrean.

Erronka berria, inklusiboak izan

eskuorria_INPRENTARAKO

Aurten erronka berri bat dute eskuartean, Nafarroa Oinez inklusiboa egitea: “Urteak dira gure ikastolak inklusibitatearen aldeko apustua egin zuela, pertsona guztientzako kalitatezko hezkuntza baten bidean eta ikasleen aniztasunari arreta jarriz. Oraingoan ikastola espazio fisikotik atera eta aisialdian benetako pausu kualitatibo bat emateko erronka abian dugu. Honela, Nafarroa Oinez inklusibo bat diseinatu eta garatzeko apustua egiten dugu. Egingo ditugun ekitaldi eta jarduera guztietan inklusiboak izaten ahaleginduko gara, hori da gure apustua eta gure erronka”.

4,5 kilometroko ibilbidea

Zirkuituak lau kilometro eta erdi ditu, eta ez du aparteko arazorik egiteko, aldapa gutxikoa baita. Txangoan, gainera, aukera dago inguruan oso ohikoak diren harizti eta pagadiak ikusteko. Mugikortasun arazoak dituzten pertsonek, gainera, badute beste aukera bat, gurpildun aulkian egiteko modukoa. Beste zirkuitu horren luzera txikiagoa da, baina, hala ere, gune guztietara iristen da. Koloretan adierazita daude ibilbide ezberdinak: irisgarritasun osokoa, irisgarritasun ertainekoa eta ororendako irisgarria ez dena. Lau gunetan banatuta dago ibilbidea, Bizi, Kanta, Txio  eta Dantza, eta horietako bakoitzean jarduera askotarikoak topa daitezke.

eskuorria_INPRENTARAKO

Musika  eskaintza zabala egongo da gune ezberdinetan: Tximeleta, Zartako-k, Moonshine Wagon, Oihan Vega, Anita Paker, Demode Quartet, Amaren Alabak,  Trikiteens edota Gauargi, besteak beste. Katalaneraz eta galizieraz abestuko duten bi talde ere bertan izango dira: Xabi Sarria i el Cor de la Fera eta Ezetaerre. Talde ibiltariak ere arituko dira jaia alaitzen: Sakanako Fale-joliek, Orkresta Nazionala, Txaranga elektrikoa, Burundako txistulariak, Sakanakako trikitilariak, Altsasuko inauteriak, Tiriki Trauki fanfarrea,…

Bestelako eskaintzak ere egongo dira:  Erronka ekimena. Ekimen hau gunez gune egingo da, lehiaketa moduan eta Nafarroako ikastola guztietako taldeek parte hartuko dute kirol eta trebezia ardatz duten probatan. Bestetik, entretenimendua eta formazioa batzen dituen beste jarduera bat eskainiko da: robotika tailerra. Bertan izena ematen duten haurrei robot bat programatzen erakutsiko zaie.

eskuorria_INPRENTARAKO

Oinez berdea, festa jasangarria

Antolatzaileek jasangarritasunaren dekalogoa kaleratu dute, kutsadura ahalik eta gutxien sortu eta ingurumena errespetatu behar dela gogorarazteko.

eskuorria_INPRENTARAKO

Trafiko plana

Altsasu bidegurutze batean kokaturik dago, A-1 eta A-10 autobideak batzen diren gunean eta Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa elkartzen diren tokian. Trafiko plana egokiturik dago lurralde horietako bakoitzetik etortzen diren ibilgailuak ahalik eta zirkuitutik gertuen aparkatzeko. Herri sarrera bakoitzean aparkalekuak ezarriko dira horretarako.

Renfek indartu egin du ohiko zerbitzua, eta tren gehiago jarriko ditu Irundik eta Iruñetik joan ahal izateko. Altsasuko geltokia ez dago herrian bertan, eta bigarren gunera joateko, hau da, hurbilen dagoen gunera joateko, kilometro eta erdi dago eta oinez egin beharko da. Beraz, ume txikiak dituzten familiek kontuan hartu behar dute hori. Gogoan izan joan-etorriko txartelak eskuratzea dela gomendagarriena itzulerakoan arazorik ez izateko, eta komeni dela azken trenari ez itxarotea tokiarekin arazorik ez izateko.

Nafarroa oinez trena

Foruzaingoak gogorarazi du, ezarritako azken segurtasun protokoloen arabera, eta aurreko jai jendetsuetan egin den moduan (sanferminetan edo xabierraldian), indartu egingo dela agenteen presentzia eta dagozkion segurtasun neurriak hartuko direla.

Primeran pasa, pasatu gabe

eskuorria_INPRENTARAKO

Nafarroa Oinezen ohar garrantzitsua: “Aipatu gure desioa dela jaia normaltasun osoz gozatzea. Horregatik uste dugu ez dagoela soberan gogoratzea portaera matxistak, eta, areago, erasoak, baztertu behar direla, eta horiei aurre egin behar zaiela. Helburua da denok, emakumezkoak eta gizonezkoak, askatasun eta errespetu osoz gozatzea euskararen festaz”.  

Informazio gehiago: nafarroaoinez.eus

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.