Pasa den astean, Usurbilgo Udalak antolatuta, Aranzadi Zientzia Elkarteak jendaurrean Andatzan (Txangosta inguruan) egin berri diren ikerketa arkeologikoaren emaitzak aurkeztu zituen. Hitzaldia Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurreko Arkeologia Saileko ikertzaileak diren Manu Ceberio Rodriguezek eta Izaro Quevedo Semperenak eskaini zuten. Txangosta inguruan, monumentu megalitiko bat topatu dute. Itxura guztien arabera, trikuharri bat. Aranzadik gizakiak egindako egitura bat dela baieztatu du, baina uste baino konplexuagoa denez, ikerketa sakonagoa egingo duela jakinarazi du.
10 monumentu: trikuharriak
Andatzako Estazio Megalitikoan 10 monumentu daude, denak trikuharriak:
- Andatza I eta II.
- Arkutxa,
- Beldarrain
- Belkoain
- Karramiolotz
- Loatzu I eta II
- Olaiko
- Zarateko Bentako trikuharriak.
Udara honetako prospekzio kanpainan ingurune hori aztertzen eta interpretatzen eman dute. 2003. urtetik ari da Aranzadi Andatza mendigunearen okupazioari buruzko azterketa arkeologikoa egiten. 2004an Txangosta izeneko lekuan egitura berezi bat identifikatu zuten. Ordurarte bertan kokatzen diren aztarnak ikertu gabe zeuden, eta inork ez zekien zer ziren. Hori dela eta, 2018an zundaketa arkeologiko bat egitea erabaki zuen Aranzadik, ea naturala ote zen edo gizakiak egindako egitura bat zen ziurtatzeko.
Arg.: Usurbilgo Udala
Txangostako ezaugarriak
Harri pilaketa bat da eta haren gainean bi harri handi daude zutik. Hegoalderantz berriz, beste harri bat dago dago, etzanda. Inguruko landaredia guztia kendu ondoren, egituraren erdialdea ikertu dute, ea zutik dauden harriak naturalak diren edo ez jakiteko asmoz. Landaredia kendu bezain pronto harri txiki batzuk azaldu dira, eta bi harri handiak eusteko jarrita daudela ikusi ahal izan dute, alegia, gizakiak jarritakoak direla. Eremu horretan, suharrizko xafla bat eta harri-kristal bat ere aurkitu dituzte, eta tamaina ezberdinetako harriz eta lurrez osatutako tumulu bat dagoela ziurtatu dute.
Arg.: Noticias de Gipuzkoa
Ikerketa ahalik eta ondoen jarraitu ahal izateko, lana bertan behera utzi dute momentuz, eremu osoa ondo garbitu arte, izan ere, tumuluaren gainean zuhaitzak daude. 2019an ikerketa sakonagoa egiteko, indusketekin jarraituko dute.