Independentistak sareak aurten Aberri Eguneko ekitaldia ez duela deituko jakinarazi du

Independentistak

Maite Aristegik eta Txutxi Ariznabarretak gaur Bilbon emandako prentsaurrekoan, Independentistak sareak aurten Aberri Eguneko ekitaldia ez duela deituko jakinarazi dute, ez duelako lortu, joan den urrian proposatu bezala, “Aberri Egun bateratu” bat egitea. Aurtengo eguna (apirilak 21) Hego Euskal Herriko maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeen kanpainaren hasieraren atarian izango da eta, EAJk eta EH Bilduk euren ekitaldiak egingo dituzte orduan, eta, beraz, mugimenduak uste du ez dela garairik aproposena izango berak deitzeko Aberri Eguneko ekitaldira.

2010eko otsailaren 27an sortu zuten Independentistak sarea, eta, geroztik, bederatzi Aberri Egun antolatu ditu, jarraian. Mugimenduak aurtengoa parentesi bat izatea espero du eta datorren urtean antolatzea: “Urte hauetan guztietan alderdi eta familia politiko zehatzetatik harago, sentsibilitate desberdinetako herritarrak elkarrekin ospatzeko Aberri Eguna antolatzen saiatu gara. Norabide horretan eta antolatu ditugun guztiak oso arrakastatsuak izan dira, baina ez dugu lortu orain hamar urte mahai gainean jarri genuen erronka: Aberri Egun bateratua”.

Independentistak Sarea

“Independentistak Sareak azken bederatzi Aberri Egunak antolatu ditu, 2010etik hona. Ondorengo irizpideetan oinarritu gara ekimena antolatzeko orduan:

  • Aberri Eguna ez da alderdien eguna, Euskal Herriaren Eguna da. Euskal herritarrok elkarturik ospatzeko eguna.
  • Mundu osoan zehar barreiatuta dagoen euskal komunitate osoak ospatzeko eguna. Ospakizun bera, munduan zehar makina bat tokitan eszenifikatzen dena.
  • Aldarrikapena eta jaia uztartu eta, alderdi eta familia politiko zehatzetatik harago, sentsibilitate desberdinetako herritarrek elkarrekin ospatzeko eguna.

Ahalegin handia egin dugu norabide horretan eta antolatu ditugun Aberri Egun guztiak oso arrakastatsuak izan dira, baina ez dugu lortu orain hamar urte mahai gainean jarri genuen erronka. Ez dugu Aberri Egun bateraturik lortu eta, gainera, era zabal eta parte-hartzailean antolatu dugun arren, joko-zelai politikoan agintzen duen alderdien logikaren ondorioz, jende askok ezker independentistaren Aberri Egunarekin identifikatu du gurea.

Jauzi berri bat egiteko unea iritsi dela uste dugu. Aberri Egunaren antolaketan Independentistak Sareak bete duen arotik eragile esparru zabalago batek antolatutako aro berri batera jauzi egiteko garaia da. Gaiaren inguruan hausnarketa egiteko eskatu genien eragile politiko eta sozialei joan den udazkenean, eta urriaren 14an ondorengo proposamena plazaratu genuen Euskal Herriko erdigune geografikoan burutu genuen ekitaldian: Balizko burujabetza prozesu bati begira Aberri Egunak bere tokia eta bere papera izan beharko luke joko-zelai politikoan. Diadak Kataluniako prozesuan duen garrantzia hartu dezakegu erreferentzia moduan. Ildo horretan, datorren urteko Aberri Egunean urratsa egitea planteatzen dugu: gure herriaren etorkizuna erabakitzeko eskubidean eta demokrazian oinarrituta eraikitzearen alde dauden eragile politiko eta sozial guztiek bultzatutako Aberri Egun bateratua antolatzea proposatzen dugu. Ziur gaude euskal herritarren gehiengo oso zabalak eta diaspora osoak ilusio handiz hartuko luken berria dela.

Gure proposamena bideratzeko ahalegina egin dugu, baina gure kudeaketak ez du izan behar adinako erantzunik. 2019ko Aberri Egunari begira jauzi hori egiteko baldintzarik ez dagoela ikusi dugu. Maiatzean Udal, Foru eta Europar Hauteskundeak izango dira eta alderdiak kanpainaurrean bete betean sartuta egongo dira Aberri Egunean. Egoera horretan lehia politikoa gailentzen da amankomuneko edozein proposamenen gainetik.

Tesitura honetan:

  • Iraganeko inertziari jarraitu eta Sareak berriro ere Aberri Eguna antolatzea luzamendu antzuetan ibiltzea besterik ez da.
  • Hauteskunde garaiaren erdian ez dago gure mezua gizarteratzeko aukerarik alderdien arteko lehia eta konfrontazioaren eraginak distortsionatu edo kutsatu gabe. Are gehiago, gure planteamendu bateratzailea aurrera begira “erre” besterik ez litzateke egingo maila handi baten.
  • Gaia ondo aztertu ondoren, aurten Independentistak Sareak Aberri Eguneko deialdirik ez egitea erabaki dugu. Ez dugu antolatuko manifestaziorik ez inolako ekitaldirik.

Badakigu erabaki honen ondorioa alderdi politiko bakoitzak bere Aberri Eguna antolatzea izango dela. Aberri Eguna “alderdien eguna” bihurtuko dela berriro ere. Baina ez dugu atzerapausu moduan hartuko. Parentesi bat besterik ez du izan behar. Azken urteotako inertziak apurtu eta gizartean eta eragile politiko eta sozialen artean hausnarketa sakona eragiteko balio behar du erabaki honek.

Aurten egin nahi genuen jauzia, baina, 2019koan ezinezkoa egin zaiguna 2020ko Aberri Egunean lortzeko lanean hasiko gara jadanik. Gure herriaren etorkizuna erabakitzeko eskubidean eta demokrazian oinarrituta eraikitzearen alde dauden herritar eta eragile politiko eta sozial guztiek bultzatutako Aberri Egun bateratua lortzeko helburuarekin.

Aberri Eguna, Euskal Herriaren Eguna izan dadin. Burujabetzaren bidean, agenda politikoan bere esanahia eta bere papera izan dezan. Euskal komunitate osoak elkarturik hemen bere etorkizuna askatasunean eraiki nahi duen herria bat dagoela erakusteko munduari. Burujabetza osoa nahi duen nazioa delako, Euskal Herriak bere tokia behar duela munduan aldarrikatzeko lau haizetara”.

Informazio gehiago

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.