Gaur Donostian “Euskaraz bizitzera goaz! Euskaldunoi erasorik ez!” lemapean elkarretaratzea

Ernai-EHE

Gaur, otsailak 8, arratsaldeko 19:00etan “Euskaraz bizitzera goaz! Euskaldunoi erasorik ez!” lemapean elkarretaratzea deitu dute Ernaik eta Euskal Herrian Euskaraz-ek Ernaiko kide bati eta Argia-ko kazetari bati Ertzaintzak isuna eta salaleta jarri dielako.  Euskaraz egiteko eskatu zien gazte batek ertzainei, Donostian, eta 600 euroko isuna jarri diote haien “lana oztopatzeagatik”, mozal legea oinarri hartuta. Argia-ko kazetari batek eman zuen gertakariaren berri, eta horregatik leporatzen diote ertzainak “iraintzea”.


2018ko maiatzean Bizitza da Handiena ekimenaren protesta bat egin zuten Donostian. Bertan, Donostiako Ernaiko kidea den Eneka Alvarez identifikatu zuten: “Ertzain baten aldetik euskararekiko gutxiespen eta mespretxuzko hitzak entzun nituen eta gauza bera errespetuz eta gutxietsi gabe ere esan zezakeela adierazi nion agenteari. Momentu horretan identifikatzeko eskatu zidan, eta honek euskaraz eskatuta, arazorik gabe identifikatuko nintzela esan nion. Nire hizkuntz eskubideak urratuak izaten ari zirela ikusita, ahotsa altxa eta ia inork euskeraz ba ote zekien galdetu behar izan nuen ozen. Horren ostean, euskaraz galdegin zidan ertzain batek eta berehala eman nion dokumentazioa inolako arazorik gabe”.

Hizkuntz Eskubideen Behatokira jo zuen Eneka Alvarezek eta kexa bideratu ostean, Donostiako ertzain etxeko buruak euskaraz izateko eskubideak urratu zituztela onartu zuten eta agenteek barkamena eskatu zuten. Hala ere, honen ostean, mozal legea aplikatu diote gazteari: “Haien lana ez niela egiten utzi diote, ez niela arduradunak identifikatzen utzi. Bideoan argi ikusten den bezala, gertaera gertatu zenerako arduradun gisa identifikatuta zegoen jada pertsona bat. Beraz, salaketan egotzi didatena ez dela zuzena esan dezaket”. Isuna ez ordaintzea erabaki du eta errekurtsoa jarriko dute.

Ernai gazte mugimenduaren irakurketa

Ernai gazte mugimenduak euskaldunen eskubideak berriz ere urratuak izan direla salatu du eta instituzioetatik bideratzen diren hizkuntz-politikekin, gaur gaurkoz Euskal Herrian Euskaraz bizitzea ezinezkoa dela adierazi du: “Hainbat arduradun politikoren aldetik hipokresia garbia ikus dezakegu, Euskaraldia eta gisako ekimenetan parte hartu bai, baina egunerokoan halako gertaerak onartzea eta ez salatzea lotsagarria da. Hauek ez dira gertaera isolatuak. Euskaldunok trabak nonahi topatzen ditugu”.

Euskal Herrian Euskarazen irakurketa

Euskal Herrian Euskaraz ere gertaeraren larritasuna nabarmendu du eta bat egin dute Ernairen irakurketarekin: “Ustez herritarren eskubideak babesteko eskumena duten ertzainek beraiek dira herritarren hizkuntza-eskubideak urratzen dituztenak. Larriak direla diogu baina zoritxarrez ezin esan salbuespena direnik. Euskaldunok egunerokotasunean horrelako gertaerak pairatzen ditugu, eremu pribatuan nahiz publikoan izaten dira. Administrazio publikoa osoki euskalduntzen ez den bitartean, etengabeak izango dira hizkuntza-eskubideen urraketak. Euskaraldiaren hamaika egunetan soinean txapa bat jartzea eta propaganda kanpainak egitea ez da nahiko, ezta gutxiago ere, urte osoan zehar herritarren eskubideak urratzen badira”.

barkamena eskatzea eta isuna kentzea

Elkarretaratze honekin Eusko Jaurlaritzari eta Ertzaintzari,  egindako kaltea onartzea, barkamena eskatzea, eta, isuna kentzea exijitzen diete: “Onartezina da horrelakorik gertatzea egun. Ez hori bakarrik, horrelakoak berriz ere ez gertatzeko neurriak har ditzaten exijitzen diegu. Herritarrei beraien hizkuntza-eskubideei tinko eusteko dei egiten diegu.

Lander Arbelaitz kazetariari babesa

Lander Arbelaitz Argiako kazetariaria babes osoa helarazi diote bai Ernaiko eta bai EHEko kideek, epaiketa egingo baitiote, gertakari hura grabatu eta sare sozialetan zabaldu zuelako.

Argia

Argia salaketa

22125 eta 23044 gisa identifikatu diren bi ertzainek salaketa jarri dute Donostiako Instrukzioko 2. zenbakiko epaitegian, ARGIAko kazetari Lander Arbelaitzen aurka, joan den maiatzaren 21ean Donostian pertsona bati hizkuntza eskubideak nola urratu zizkioten grabatu eta zabaltzeagatik. “Irainak” egotzita bide penaletik salaketa jarri diote eta martxoaren 20an Donostiako epaitegian deklaratu beharko du kazetariak. Ertzaintzak uztailaren 27an sinatutako gutun batean barkamena eskatu zuen hizkuntza eskubideak urratzeagatik egun hartan. Orain jakin da ordea, hizkuntza eskubidea urratu zioten pertsonari Mozal Legeaz isuna jarri eta gertatutako grabatu eta zabaldu zuen kazetariari salaketa jarri diotela.

“Gure lana egitea albiste bilakatu dute beste behin ere, tamalez. Funtzionario publikoen jardun publikoa espazio publikoan grabatu eta publikoki zabaltzea da berriz ere leporatzen diguten “delitua”. Zehatzago esanda, 22125 eta 23044 gisa identifikatu diren bi ertzainek salaketa jarri dute ARGIAko kazetari Lander Arbelaitz Mitxelenaren aurka, 2018ko maiatzaren 21ean Donostian pertsona bati hizkuntza eskubideak nola urratu zizkioten grabatu eta zabaltzeak “iraindu” dituela esanez.

Gogora ekarri nahi dugu, hain agerikoa izan zela euskaraz bizi zen Eneka Alvarez herritarraren eta erdaraz aritzera behartu nahi zuten ertzainen arteko kasua ezen Ertzaintzak berak publikoki barkamena eskatu baitzuen irailean, maiatzaren 21eko gertaeretan “hizkuntza eskubideak ez bermatzeagatik”.

Hizkuntza eskubideak ez babesteagatik botere publikoak barkamena eskatzea, euskaldunoi arraro egiten zaigu oraindik. Keinu osasungarria izanik ere, oso gutxitan gertatzen den zerbait delako. Eta horrek lotura zuzena dauka oso ohikoak zaizkigun eraso euskarafoboak grabatzeko zailtasunarekin. Hau salbuespena izan da.

Baina edozelan ere, eta Ertzaintzak barkamena eskatu badu ere, bi ertzainek biktimaren aurka jo dute –Mozal Legea erabiliz, 600 euroko isuna ezarri diote–, baita urraketaz informatu zuen ARGIAren kontra ere. Polizia hedabide baten kontra, kazetaritza egiteagatik. Azken urteetan Europan nagusitzen ari den jarrera da. Informazio deserosoa publikatzen duten kazetarien aurka salaketak jartzen dituzte kazetariak beldurtzeko asmoz.

Iñigo Cabacas auziko audioengatik Iñaki Soto eta Iñaki Iriondo Garako kazetariak deitu zituzten epaitegira; Ahotsa.info-ko lagunek, terrorismoa goratzea egotzita, deklaratzera joan behar izan zuten preso batzuen ongi etorriei buruz informatzeagatik; Ignacio Escolar eta Raquel Ejerique Eldiario.es-ko kazetariek epaiketa izan dute Cristina Cifuentesen kasua argitara ateratzeagatik. Eta Mozal Legearen mehatxu eta aplikazio orokorrak gure jardun profesionala baldintzatzen jarraitzen du, 2015ean onartu zenez geroztik, Hala Bedi eta ARGIAko kazetariek, besteak beste, ondo dakigunez.

Poliziaren jardunaren berri emateak arriskutsua izaten jarraitzen du oraindik. Autozentsurari aurre egiteko “Grabatzea ez da delitua” kanpainan adierazi genuenez, Polizia grabatzea herritar guztion eskubidea da, funtzionario publikoen gaineko gardentasuna eta kontrola bermatzeko, eta herritarrok gure burua babesteko dugun bide eraginkorra da.

Ez da lehen erasoa ARGIAren aurka, ezta kazetari honen aurkakoa ere. Eta aurrekoetan jakinarazi genuen bezala, oraingoan ere kalean gertatzen denari buruz informatzen jarraitzeko asmoa dugu. Komunitate sendo batek eusten du proiektu hau. Eta sostengu ekonomiko eta sozial horri esker kazetaritza independentea egiten, Polizia grabatzen eta euskaraz bizitzen eta informatzen segituko dugu”.

Informazio gehiago

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.